Edukiontziak banatuko dituzte arraindegietako zaborrak ekiditeko
Arraindegietako hondakinak murrizteko asmoz, Ontziratu zaitez kanpaina jarriko du martxan Sasietak Ordizian eta Itsasondon. Amaia Otazo Kutxaguneko ordezkariak azaldu duenez, «hondakinik onena sortzen ez dena da», eta horregatik, datorren astean edukiontziak banatuko dizkiete herritarrei, ondoren, edukiontzi horiekin arraindegira joan eta arraina etxera ontzi horietan eraman dezaten.
Izan ere, «arraina biltzeko erabiltzen duten paperarekin zalantza asko izaten du jendeak, eta askotan ez dute jakiten zein edukiontzitara bota behar duten». Hondakin horiek denak ez ezik, arraindegietan ere gastuak murriztuko dituztela esan du Otazok, eta bi herrietako biztanleei kanpainarekin bat egiteko esan die. Edukiontzi inguruetan sor daitezkeen usain txarrak ere ekidin nahi dituzte kanpainarekin.
Ordizian, astelehenean, 10:00etatik 13:00etara, eta ostegunean 16:00etatik 19:00etara banatuko dituzte ontziak Plaza Nagusian. Itsasondon, berriz, astelehenetik asteazkenera bitartean udaletxean eskuratu ahalko dira, 11:00etatik 14:00etara bitartean.
Nahi duenak, etxetik eramandako beste edozein edukiontzi erabili dezake kanpainarekin bat egiteko.
Hilero 50 euroko zozketa
Edukiontzien erabilera sustatzeko, sei hilabetez zozketak egingo dituzte Ordiziako arraindegi guztietan. Arraina erostera edukiontziarekin joaten diren bezero guztien artean, 50 euro zozkatuko dizutzte hilero arraindegi bakoitzean. Dirua arraindegian bertan erosketak egiteko erabili beharko dute irabazleek.
Iban Asenjo Ordiziako zinegotzia pozik agertu da herrian jarriko duten ekimenarekin, «Ordizian bultzatzen ari garen politikaren bat egiten duelako eta arraindegietako hondakinak, poltsak eta paperak, nabarmen murriztuko direlako».
Eskualde osora zabalduko da
Ontziratu zaitez kanpaina Ordizian eta Itsasondon hasiko bada ere, datozen hilabeteetan Goierriko gainerako herrietara zabalduko dutela iragarri du Otazok. Asmoa, poliki-poliki, kanpaina Gipuzkoa osora














