Hiru Auzoetako Korrikaldiak eragindako zorrari aurre egiteko, elastikoak jarri dituzte salgai
Hiru Auzoetako Korrikaldiak sortutako zorra kitatzeko helburuarekin, Ataun Kirol Elkartearen izenean korrikaldiko kamisetak jarri dituzte salgai herriko dendetan eta tabernetan. Hiru Auzoetako Korrikaldia urtero antolatzen dute herrian, eta Ataungo hir...
Hiru Auzoetako Korrikaldiak sortutako zorra kitatzeko helburuarekin, Ataun Kirol Elkartearen izenean korrikaldiko kamisetak jarri dituzte salgai herriko dendetan eta tabernetan.
Hiru Auzoetako Korrikaldia urtero antolatzen dute herrian, eta Ataungo hiru auzoak zeharkatzen ditu. Antolatzaileen hitzetan “horrek lan handia eskatzen du, bai antolakuntzari dagokionean eta baita ekonomikoki ere”. Aurtengo korrikaldian espero zutena baino ehun korrikalari gutxiagok parte hartu dute, eta horrek sarrerak murriztea eragin du. Korrikaldiaren kostu ekonomikoa 3.236,33 eurokoa izan da, eta sarreretan 2.615 euro eskuratu dituzte. Kopuru horren barruan Ataungo Udalak emandako diru-laguntza eta izen emateetan lortutako dirua sartzen dira. Zorra beraz, 621,33 eurokoa da.
Zozketarako txartela opari
Zorra korrikaldiaren sei antolatzaileen esku geratu da, eta «egoera nahiko larria denez», Ataun Kirol Elkartearen izenean, korrikaldiko elastikoak saltzeko erabakia hartu dute. Kamisetak bost euroan salduko dituzte, eta elastikoa erosten duenari zozketarako txartel bat oparituko diote. Txartel irabazlea, Gabonetako loteriako lehendabiziko sariko azken bi zenbakiekin bat datorrena izango da, eta Urbitarte sagardotegian bi lagunentzako otordua eta bi lote sagardo etxeratuko ditu.













