Joanes Aierbe: «Hasieratik garbi izan dut taldera itzuli nahi nuela, eta lortu dut»
Urte zaila izan da Joanes Aierbe (Ordizia, 1977) errugbi jokalariarentzat. Minbiziak zelaietatik kanpo eduki du urtebetez, baina gaitzari aurre egin eta maila gorenean jokatzen hasteko prest dago berriz ere. Igandean, Gernikaren kontrako partidan egin dezake debuta. Jokatzerik izan ez badu ere, taldea barrutik jarraitu du Aierbek, eta derbiari begira, sentsazio onekin dagoela dio. Urtebeteko borroka izan da, baina gaitzari aurre egin eta jokatzen hasteko prest zaude dagoeneko. Iazko Eguberrietan eman zidaten gaixotasunaren berri eta martxoan bukatu nuen tratamendua. Gero ordea, arazo batzuk sortu ziren; ultzera bat sortu zitzaidan urdailean. Hori zela eta, operatu egin behar izan nuen, eta uztailera arte luzatu zen dena. Bestela berez martxoan bukatu behar nuen tratamendua. Operatu eta gero, bi hilabetez geldirik egoteko esan zidaten, eta poliki hasteko, karga handirik hartu gabe. Udan hasi nintzen gimnasioan, pixkanaka ariketa batzuk eginez, eta gero, alta eman zidatenean, taldearekin entrenatzen hasi nintzen. Gernikaren kontrako partidan jokatzeko prest izango al zara? Gernikako partida hori daukagu jarrita itzulera modura, eta nik uste hala izango dela, baldin eta entrenatzaileek sartzen banaute. Gaitza gainditu duzu, baina fisikoki ere puntuan jarri behar izan duzu. Bai, orain dudan gorpuzkera, gutxi gorabehera, gaixotu aurretik nuen bera da, kiloren baten gorabeheran. Tratamenduak berak baino gehiago, digestio arazoek [...]
Urte zaila izan da Joanes Aierbe (Ordizia, 1977) errugbi jokalariarentzat. Minbiziak zelaietatik kanpo eduki du urtebetez, baina gaitzari aurre egin eta maila gorenean jokatzen hasteko prest dago berriz ere. Igandean, Gernikaren kontrako partidan egin dezake debuta. Jokatzerik izan ez badu ere, taldea barrutik jarraitu du Aierbek, eta derbiari begira, sentsazio onekin dagoela dio.
Urtebeteko borroka izan da, baina gaitzari aurre egin eta jokatzen hasteko prest zaude dagoeneko.
Iazko Eguberrietan eman zidaten gaixotasunaren berri eta martxoan bukatu nuen tratamendua. Gero ordea, arazo batzuk sortu ziren; ultzera bat sortu zitzaidan urdailean. Hori zela eta, operatu egin behar izan nuen, eta uztailera arte luzatu zen dena. Bestela berez martxoan bukatu behar nuen tratamendua. Operatu eta gero, bi hilabetez geldirik egoteko esan zidaten, eta poliki hasteko, karga handirik hartu gabe. Udan hasi nintzen gimnasioan, pixkanaka ariketa batzuk eginez, eta gero, alta eman zidatenean, taldearekin entrenatzen hasi nintzen.
Gernikaren kontrako partidan jokatzeko prest izango al zara?
Gernikako partida hori daukagu jarrita itzulera modura, eta nik uste hala izango dela, baldin eta entrenatzaileek sartzen banaute.
Gaitza gainditu duzu, baina fisikoki ere puntuan jarri behar izan duzu.
Bai, orain dudan gorpuzkera, gutxi gorabehera, gaixotu aurretik nuen bera da, kiloren baten gorabeheran. Tratamenduak berak baino gehiago, digestio arazoek eragin zidaten desgasterik handiena. Tratamendua 82 kilorekin bukatu nuen, baina gero botaka-eta hasi nintzenean, 75 kiloraino jaitsi nintzen. Behin operatu eta gero, gorpuzkera hori hartzeak sakrifizio bat eskatzen du, ariketa asko gimnasioan, eta jan ere asko egin behar izan dut, galdu nituen ia 20 kilo horiek berreskuratzeko.
Nahiz eta zelaitik kanpo egon, taldea gertutik jarraitu duzu.
Bai, hasieratik garbi nuen zerbait izan da. Gaixotasunak uzten zidan neurrian taldean jarraitzeko asmoa nuen, eta alderdi horretatik tratamendua bera nahikoa eskuzabala izan da nirekin; ia entrenamendu eta partida guztietara etorri naiz. Gertutik jarraitu nahi izan dut, ni ere hobeto sentitzen nintzelako eta taldeari ere bazirudielako nire laguntzatxoa ematen niola. Ni ere, alde horretatik, oso pozik egon naiz; taldetik ia urtebete hurrunduta egon izan banintz, gero bueltatzea gogorragoa izango litzateke, batez ere mentalki. Horregatik, nahiz eta jokalari bezala ez aritu, talde barruan jarraitu nahi izan dut, buruak ere dinamika horretan eta diziplina horretan jarraitu zezan.
Taldekideentzako ere zu hor ikustea garrantzitsua izango zen.
Bai, beraientzat ere, ikustea pertsona bat, gaixorik dagoena eta hor jarraitzen duena, animoa edo akuilu moduko bat izan da.
Itzulera bera ere, denei animoa emateko modu bat izango da.
Hala uste dut. Bigarren taldearekin jokatu nuen partida, gehiago izan zen buru aldetik eta, berriro konpetizio maila hori bilatzea. Baina dudarik gabe, ezberdina izango da harmailetan 50 lagun egon edo 2.000 lagunen aurrean jokatu. Gainera, bai taldekideak eta baita jendea ere, hasiera hasieratik ari zaizkit, jada errekuperatu naizela eta ea noiz hasi behar dudan galdezka. Azkenean ikusten dute entrenatzen ari naizela, gorpuzkera hartzen ari naizela, eta jakin egin nahi dute. Polita da jendeak interes hori izatea, eta taldekideen aldetik animo horiek jasotzea.
Eta lehen partidari horri begira, zer sentsazio dituzu?
Errespetu puntu bat ematen du, exigentzia handiko konpetizioa delako, baina nola ez naizen taldetik hain aparte egon, ez dut nire burua erabat kanpoan ikusi, ez dut horren salto handia ikusten.
Horren aurretik, bigarren taldearekin ere egin zenuen proba bat.
Hura gehiago izan zen gorputzak eta buruak nola erantzuten zuten ikustea. Aurkarien maila ere ez zen hain exigentea, eta gehiago izan zen nire burua testatzeko saio bat beste ezer baino. 20-25 bat minutu jokatu nituen eta neure burua ondo aurkitu nuen, nahiz eta hauspo aldetik oraindik ahul xamar egon. Dena ondo joan zen eta baleko esperientzia izan zen.
Hain epe motzean gaitzari aurre egin eta atzera lehiara itzultzea, zuretzat ere lorpen handia izango da, ezta?
Bai, baina hasiera-hasieratik, gaixotasunaren berri eman zidatenetik, garbi nuen itzuli egin nahi nuela. Gainera, emaitza onak ematen ari nintzen, eta tratamenduari ondo erantzun nion. Egia da epeekin eta nire burutazioak egin nituela, eta ekainetik aurrera taldearekin hasi eta aurre denboraldia jokatzea nuela buruan. Gero, ordea, dena luzatu zen, baina hasieratik garbi izan dut taldera itzuli nahi nuela, gorputzak uzten zidan neurrian; horretan saiatu naiz eta azkenean lortu dut.
Taldea gertutik jarraitu duzula esan duzu. Nola ikusi duzu denboraldi hasiera?
Iazko denboraldi amaiera ikusita, taldearen helburuak ere igo egin dira, eta orduan helburua maila mantentzea bazen, orain hor aurrean egotea da, eta presio hori ere nabaritzen da. Presioa, norberak eta taldeak jartzen duena da azkenean, baina hori atzeman egiten da. Bestalde, ikusi duguna da talde guztiak inoiz baino orekatuago dabiltzala, eta zaila izango dela iazkoa berdintzea. Orain arteko zazpi partidetatik bost irabazi ditugu, eta horietatik bi etxetik kanpo izateak badu garrantzia. Nik uste gustura egoteko moduan gaudela. Gernikaren kontrako partida, gauzak nola dauden ikusteko test bat izango da, baina batez ere, Gabonak eta gero ikusiko da nola hasten dugun urtea, eta hor jakingo da nola dauden bakoitzaren indarrak.
Kanpoko garaipenez gain, etxean gotorleku on bat edukitzea ere garrantzitsua da. Altamirak badu zuentzat esanahi hori, ezta?
Bai. Alcobendas edo Sevilla bezalako hiri handi batera joan, eta harmailetan berrehun lagun ikusi, edo Ordizia batera etorri eta hemen astero bi mila lagun elkartzea, handia da. Azkenean gauza handia da lortzen ari garena, bai taldearekiko eta baita errugbiarekiko ere, errugbiaren kultura hori zabaltzen ari delako; askotan mutikoak ikusten ditugu plazan errugbiko baloiarekin jolasean, errugbi eskola ere hor dago… Azkenean dena dago lotuta. Lehen taldea ispilu moduko bat da; horrek erakartzen ditu zaleak, komunikabideak… eta nolabait kirol hau saltzeko modu bat ere bada. Baina basetik egiten den oinarrizko lan hori ere oso garrantzitsua da, batez ere gerora begira. Hemen epe luzerako apustu bat egin da; gaur egun zortzi bat atzerritar badaude, hemendik 5-10 urtera, gutxiago izango dira, eta bertako jende gehiago egongo da lehen taldean. Lan ona egiten ari da, eta emaitzak ekarriko ditu.
Zaleen babesa beti izan duzue, eta azken urteetan, gero eta handiagoa. Beste taldeetakoek ez al dizuete inbidia puntu batekin begiratzen?
Bai, kanpoko taldeak etortzen direnean harrituta gelditzen dira. Azkenean publiko jatorra da, behar denean txistu egiten duena, baina kanpoko taldeari txalo egiten ere badakiena. Eta hainbeste lagun elkartzeak beraiei ere errespetua ematen die.













