Ormaiztegiarrak danborrak eta kupeltxoak jotzeko prest
Helduen danborrada asteartean, San Andres egunaren bezperan egingo dute ormaiztegiarrek, gaueko hamaiketatik aurrera. Aurtengoa antolatzen duten hirugarren aldia da. Atzo egin zuten azkeneko entsegua eta beraz, jada dena prest dago. Ormaiztegin garai batean urtero egiten zuten helduen danborrada. Arrazoi politikoak direla medio eztabaida sortu zen taldean, eta bertan behera geratu zen. Ordutik egin gabe zeuden. Duela hiru urte Jon Rezustari danborrada berreskuratzeko ideia sortu zitzaion, eta Pedro Jakarengana jo zuen bere asmoa azaldu eta zer iruditzen zitzaion galdetzera. Hark begi onez ikusi zuen ideia, eta horrela hasi zen hainbat laguneko taldea danborrada antolatzen. Pedro Jakak azaldu duenez, “harrera oso ona” izan zuen herrian. “Berriz antolatzeko asmoa duzue, zeinen ondo! esaten zigun jendeak”. Lehen urte hartan 60-70 lagun inguruk parte hartu zuten, eta gustura geratu ziren antolatzaileak. Ordutik urtero ikusi ahal izan da helduen daborrada Ormaiztegiko kaleetan barrena. Antolaketa lanak Danborrada antolatzeko bi edo hiru bilera egiten dituzte. Batzar horietan danborrada nola egin behar duten, zein afari jarri behar duten (jana catering-enpresa batek eramaten du), zenbat danbor eta barril behar diren, entseguak noiz egin eta horrelako beste hainbat xehetasuni buruz hitz egiten dute. Lehendabiziko entsegua azaroaren 2an, asteazkenean, egin zuten. Eta ordutik asteazkenetan eta ostiraletan bildu izan dira. Gehienak eskarmentudunak dira, [...]
Helduen danborrada asteartean, San Andres egunaren bezperan egingo dute ormaiztegiarrek, gaueko hamaiketatik aurrera. Aurtengoa antolatzen duten hirugarren aldia da. Atzo egin zuten azkeneko entsegua eta beraz, jada dena prest dago.
Ormaiztegin garai batean urtero egiten zuten helduen danborrada. Arrazoi politikoak direla medio eztabaida sortu zen taldean, eta bertan behera geratu zen. Ordutik egin gabe zeuden. Duela hiru urte Jon Rezustari danborrada berreskuratzeko ideia sortu zitzaion, eta Pedro Jakarengana jo zuen bere asmoa azaldu eta zer iruditzen zitzaion galdetzera. Hark begi onez ikusi zuen ideia, eta horrela hasi zen hainbat laguneko taldea danborrada antolatzen. Pedro Jakak azaldu duenez, “harrera oso ona” izan zuen herrian. “Berriz antolatzeko asmoa duzue, zeinen ondo! esaten zigun jendeak”. Lehen urte hartan 60-70 lagun inguruk parte hartu zuten, eta gustura geratu ziren antolatzaileak. Ordutik urtero ikusi ahal izan da helduen daborrada Ormaiztegiko kaleetan barrena.
Antolaketa lanak
Danborrada antolatzeko bi edo hiru bilera egiten dituzte. Batzar horietan danborrada nola egin behar duten, zein afari jarri behar duten (jana catering-enpresa batek eramaten du), zenbat danbor eta barril behar diren, entseguak noiz egin eta horrelako beste hainbat xehetasuni buruz hitz egiten dute.
Lehendabiziko entsegua azaroaren 2an, asteazkenean, egin zuten. Eta ordutik asteazkenetan eta ostiraletan bildu izan dira. Gehienak eskarmentudunak dira, eta jendeak erraz ikasten duela dio Jakak. “Jada nik baino gehiago dakite”. Aurten sekula danborradan irten gabeko emakumezko bat ere azaldu da, ordea, entseguetara. “Hasieran urduri samar jarri zen baina laster ikasi zuen, berak ere”.
Danborrak Pedro Jakak zuzentzen ditu eta kupeltxoak berriz, Aurelio Magallanesek. Jakak telebistan ikusita eta Donostiako danborradan arreta ipinita ikasi zuen. Umeen danborradan ere ibiltzen da aspalditxotik, eta jada eskua hartuta dauka. Berak dioenez, ez dago diferentzia handiegirik helduak edo haurrak zuzendu. “Zerbait gaizki egiten dutenean helduei ere errieta egiten diegu”, dio txantxetan Jakak.
Helduen danborradako barrilak eta danborrak Zumarragako udaletxetik ekartzen dituzte egun horretarako. Arropa berriz, norberak eramaten du berea. Danborrek maoizko prakak edo galtza bakeroak, elastiko zuria, jertse urdina, mantal urdina eta txapela eramaten dituzte. Urdinez jantzita joatea da helburua, Jakaren arabera. Kupeltxoak berriz, sukaldariak bezala jantzita joaten dira. “Kasu batean zein bestean ez da zaila arropak aurkitzea”.
Aurretik afaria
Danborradaren aurretik afaria egiten dute frontoian. Entseguak hasi baino lehen paper bat pasatzen diete parte hartzaileei afarira, danborradara edo bietara joango diren jakiteko. Aurten afarirako 56 lagun daude izena emanda, baina Jakaren arabera, danborradan horiek baino gehiago aterako dira.
Denen artean jartzen dituzte aulkiak eta mahaiak. Afaria bukatutakoan beraiek jasotzen dute dena, eta frontoia ere beraiek garbitzen dute. Txarangarekin batera entsegu txiki bat egin ondoren irtetzen dira kalera, euren onena emateko helburuarekin. Jende asko irtetzen da kalera danborrada ikustera. Horrek poza ematen die antolatzaileei zein danborradako partaideei.
Danborradak ordu beteko iraupena izaten du gutxi gora-behera. Ormaiztegiko herrigunea pasatu ondoren, udaletxe aurrean bukatzen dute ibilia. Bertan sei martxak eta Txuri Urdin jotzen dituzte, eta horrela bukatzen dute errepertorioa. Urtero ibilbide bera egiten dute.
Datorren urtean ere “jendeak nahi badu, behintzat” animatuta daude Jaka, Rezusta, Magallanes eta gainerakoak helduen danborrada antolatzeko.













