Zabor bilketa berriarekin %92 errefus gutxiago jasotzen dute Itsasondon
Asenjo, Etxeberria eta Andonegi Uztailaz geroztik, Itsasondon errefusa herrira moldatutako atez-ateko sistema erabiliz jasotzen dute. Guztira, familien %70ak bat egin du proiektuarekin, hau da, 174 familiak, eta bost hilabete hautean errefusa %92,3 jaistea lortu dute. Danel Etxeberria Itasasondoko Udaleko ordezkariak jakinarazi duenez, «hilero, 10,960 kilo errefus jasotzetik 848 kilo jasotzera pasa gara, hau da, hilero 10.112 kilo gutxiago jasotzen du Sasietak Itsasondon». Gaikako bilketaren inguruan ere emaitza positiboak eman ditu Etxeberriak, birziklatze datuek ere gora egin baitute. Zehazki, hilero %49,2 gehiago biriziklatzen da orain Itasasondon. Gehien birziklatzen diren gaiak ontziak eta materia organikoa dira, ontzien birziklapena %113 igo baita, eta materia organikoaren birziklapena %84. Astero, atez-ateko sistemaren jarraipena eta kontrola egiten dute Sasietako arduradunek, eta haiek emandako informazioaren arabera, nabarmen ikusi da itsasondoarren kontzientziazio maila areagotu egin dela hondakinen arazoaren aurrean. Hala, poliki-poliki, «birzikla daitezkeen materialen bereizketan parte hartzen ez zuten herritarrek, edo erdi-purdi ari zirenak, parte hartzen hasi dira». Itsasondoko sistema, ekonomikoki bideragarria dela ere frogatu dute bost hilabete hauetan. Pardelak biltzeko edukiontzia Uztailaz geroztik, egoera ezberdinei aurre egin behar izan diete Itsasondon. Egoera horietako bat pardelen bilketa izan da. Etxeberriak azaldu duenez, orain arte astean bi egunetan biltzen zituzten pardelak, baina sistema ez zen errentagarria, eta herritarrekin hitz [...]
Uztailaz geroztik, Itsasondon errefusa herrira moldatutako atez-ateko sistema erabiliz jasotzen dute. Guztira, familien %70ak bat egin du proiektuarekin, hau da, 174 familiak, eta bost hilabete hautean errefusa %92,3 jaistea lortu dute. Danel Etxeberria Itasasondoko Udaleko ordezkariak jakinarazi duenez, «hilero, 10,960 kilo errefus jasotzetik 848 kilo jasotzera pasa gara, hau da, hilero 10.112 kilo gutxiago jasotzen du Sasietak Itsasondon».
Gaikako bilketaren inguruan ere emaitza positiboak eman ditu Etxeberriak, birziklatze datuek ere gora egin baitute. Zehazki, hilero %49,2 gehiago biriziklatzen da orain Itasasondon. Gehien birziklatzen diren gaiak ontziak eta materia organikoa dira, ontzien birziklapena %113 igo baita, eta materia organikoaren birziklapena %84.
Astero, atez-ateko sistemaren jarraipena eta kontrola egiten dute Sasietako arduradunek, eta haiek emandako informazioaren arabera, nabarmen ikusi da itsasondoarren kontzientziazio maila areagotu egin dela hondakinen arazoaren aurrean. Hala, poliki-poliki, «birzikla daitezkeen materialen bereizketan parte hartzen ez zuten herritarrek, edo erdi-purdi ari zirenak, parte hartzen hasi dira».
Itsasondoko sistema, ekonomikoki bideragarria dela ere frogatu dute bost hilabete hauetan.
Pardelak biltzeko edukiontzia
Uztailaz geroztik, egoera ezberdinei aurre egin behar izan diete Itsasondon. Egoera horietako bat pardelen bilketa izan da. Etxeberriak azaldu duenez, orain arte astean bi egunetan biltzen zituzten pardelak, baina sistema ez zen errentagarria, eta herritarrekin hitz egin ondoren, pardelak biltzeko bi edukiontzi berezi jartzea erabaki dute.
Edukiontziak grisa izango dira, eta giltza bidez ireki ahal izango dira. Hala, «familia bakoitzak nahi duenean bota ahalko du pardela zakarrontzira». Sasietak 41 txartel banatuko ditu pardelak erabiltzen dituzten familietan.
Materia organikoa biltzeko ere, txartel bidezko edukiontzi marroiak jarriko dituzte Itsasondon, edukiontzi grisa ez erabiltzea erabaki dutenek birziklaten jarrai dezaten.
Hobariak emateko aukera
Herritarren zati batek edukiontzi grisa baztertzen badu ere, horiei sistema berrira batu daitezela animatzeko, eta egun erabiltzen dutenak saritzeko, hobari sistema jartzea aztertzen ari dira Itsasondoko Udala eta Sasieta.
Hobari sistema horren bidez, egungo datuak oraindik gehiago hobetzea izango da helburua, «herritarrak motibatuz». Izan ere, Itsasondoko Udalak argi du emaitza horiek lortzeko hainbat inbertsio egin behar direla, kartelak eta informazioa banatuz bakarrik ez baita halako emaitzarik lortzen.
Etxeberriaran ustez, «oso garrantzitsua da kontzientziazioa, bilketa sistema edozein dela ere». Itsasondon, apostu berezia egin dute hilabete hauetan guztietan, eta herritarren zalantzak argitzeko hezitzaileak, telefono zenbakiak eta bilerak egin dituzte. Azeari Andonegi Sasietako lehendakaria eta Iban Asenjo Ordiziako zinegotzia ere ados agertu dira Etxeberriarekin. Asenjoren iritziz, «ez da posible batzuk birziklatzea eta beste batzuk ez. Gaur egun birziklatzea ezin da eskubidea izan, obligazioa baizik». Itsasondoko sistema Goierriko beste herri batzuetan jartzeko aukera dagoela esan dute Sasietatik.














