410 etxebizitza eraikiko dituzte Zumarragako Eitzaga-berri auzoan
Mikel Serrano Zumarragako alkateak jakinarazi duenaren arabera, Eitzaga-berri eremuan 410 etxebizitza eraikiko dituzte. Lanak udaberrian hasiko ditu Eitzaga-berri Promozioak enpresak, eta lau urtetan amaituta egongo dira. 410 etxebizitza horietatik, 224 babes ofizialekoak izango dira.
20 familia bakarreko etxebizitza egiteko asmoa daukate, 154 etxebizitza libre eta birkokatu behar dituzten bizilagunentzat 12 etxebizitza egingo dituzte, azken hauek ez dira babes ofizialekoak izango. San Gragorion 37. zenbakia duen eraikina botako dute.
Lehenengo urratsa 5.000 metro koadrotik gora dituen eremuaren urbanizazio lanak egitea izango da. Lur azpitik doazen zerbitzu guztiak ipintzea: ur-hoditeria, argiteria eta estolderiak, besteak beste. Ondoren, gunera sartzeko bidea egingo dute. Baina, lan hauek, alkatearen esanetan, «ez diete Antioko Hiribideari, ezta San Gregorio kaleari eragingo». Izan ere, Antioko autobus geltokitik egingo dituzte sarrera eta irteera, «eremu barruko errepideak egingo dituzte».
Eraikuntza lanei dagokienez, lehenengo eta behin, babes ofizialeko etxeak eraikiko dituzte. «Udalaren eta enpresa eraikitzailearen arteko akordioaren muina da hori», argitu du Mikel Serranok. Babes ofizialekoak lur-sailaren goiko zatian egingo dituzte. Birkokatu behar dituzten bizilagunen etxebizitzak eremuaren erdialdean egongo dira, eta horien eraikuntzari babes ofizialekoen eraikuntzarekin batera ekingo diote.
Serranok, babes ofizialeko etxebizitzen zati bat alokairurako gordetzeko aukera aurreikusi du. «Hori ere hitz eginda dago enpresarekin». Lanen azkeneko fasean, «merkatuaren egoeraren arabera», egingo dituzte etxebizitza libreak eta familia bakarreko etxebizitzak.
Eitzaga-berri eremuko urbanizazio osoa 48 hilabetetan amaituta egon beharko litzateke. «Hala ere, babes ofizialeko etxeetako eta birkokatutako bizilagunak bi urte barru joateko moduan egongo dira».














