Truke azoka egingo dute «Gabonetako gehiegizko kontsumoari bira emateko»
Mikel Apaolaza, Alazne Elortza eta Asier Sarriegi, azokaren aurkezpenean Aisihezi elkarteak, jostailuen trukerako lehen azoka antolatu du asteburu honetarako. Bihar arratsaldean eta etzi goizean, etxean erabiltzen ez diren jostailuak beste jostailu batzuengatik aldatzeko aukera egongo da Loinazko San Martin plaza azpian. Aisiheziko Alazne Elortzak azaldu duenez, «Gabonetan ematen den ikaragarrizko kontsumoa dela-eta, jostailuak eta jolasak duen garrantzia galdu egiten da eta, horregatik, egokia iruditu zaigu garai hau lehen jostailu trukea egiteko». Jostailuak trukatuta, dirurik gastatu gabe jostailu berriak eskuratzeko aukera azpimarratu dute antolatzaileek. Horrez gain, «krisiari aurre eginez eta berrerabilpena bultzatuz, gizarteak gehiegizko kontsumoarekiko kontzientzia hartzeko aukera» izango duela gaineratu dute. Bale bidezko trukea Jostailuen trukea egiteko, baleak erabiliko dituztela azaldu du Elortzak. Lau eta 16 urte arteko haurrek ekartzen duten jostailu bakoitzeko, bale bat jasoko dute, ondoren bale bakoitza beste jostailu bategatik aldatu ahal izateko. Baleen bidez, «jostailuei balio ekonomikorik ez ematea» ahalbidetzen dute, baina trueka «justua» izan dadin, bale bakoitzak hainbat ezaugarri izango ditu. Zehaztutako adin tarte horretako umeak hiru multzotan banatuko dituzte, ume bakoitzak dagokin adinaren araberako jostailua eskura dezan. Jostailuak ere multzokatu egingo dituzte, jostailu txikiak, kiroletako materiala eta gainerako jostailuak bereiztuz. Lehentasunak zehazteko zenbakiak erabiliko dituzte. Truke azokan baleak nola erabili jakiteko, hainbat azalpen eman [...]
Aisihezi elkarteak, jostailuen trukerako lehen azoka antolatu du asteburu honetarako. Bihar arratsaldean eta etzi goizean, etxean erabiltzen ez diren jostailuak beste jostailu batzuengatik aldatzeko aukera egongo da Loinazko San Martin plaza azpian.
Aisiheziko Alazne Elortzak azaldu duenez, «Gabonetan ematen den ikaragarrizko kontsumoa dela-eta, jostailuak eta jolasak duen garrantzia galdu egiten da eta, horregatik, egokia iruditu zaigu garai hau lehen jostailu trukea egiteko». Jostailuak trukatuta, dirurik gastatu gabe jostailu berriak eskuratzeko aukera azpimarratu dute antolatzaileek. Horrez gain, «krisiari aurre eginez eta berrerabilpena bultzatuz, gizarteak gehiegizko kontsumoarekiko kontzientzia hartzeko aukera» izango duela gaineratu dute.
Bale bidezko trukea
Jostailuen trukea egiteko, baleak erabiliko dituztela azaldu du Elortzak. Lau eta 16 urte arteko haurrek ekartzen duten jostailu bakoitzeko, bale bat jasoko dute, ondoren bale bakoitza beste jostailu bategatik aldatu ahal izateko. Baleen bidez, «jostailuei balio ekonomikorik ez ematea» ahalbidetzen dute, baina trueka «justua» izan dadin, bale bakoitzak hainbat ezaugarri izango ditu.
Zehaztutako adin tarte horretako umeak hiru multzotan banatuko dituzte, ume bakoitzak dagokin adinaren araberako jostailua eskura dezan. Jostailuak ere multzokatu egingo dituzte, jostailu txikiak, kiroletako materiala eta gainerako jostailuak bereiztuz. Lehentasunak zehazteko zenbakiak erabiliko dituzte.
Truke azokan baleak nola erabili jakiteko, hainbat azalpen eman ditu Elortzat: «Lau eta zortzi urte artekoei bale gorria banatuko diegu, bederatzi eta 12 artekoei urdina, eta gainerakoei berdea. Bale bakoitzak gometx bat ere izango du, ume bakoitzak ekarritako jostailuaren araberakoa: kirol materiala bada gometx berdea, jostailu txikia bada urdina eta gainerakoek horia. Ezaugarri berdinak dituzten baleekin bi umek jostailu bera nahi badute, zenbakiak adieraziko du lehentasuna».
Bihar 17:00etan hasiko da azoka, eta 19:30etara arte egongo da irekita. Etzi, goizez bakarrik: 10:30etik 13:00etara bitartean.














