GPuntua txapelketako finalean aritzeko txartela lortu du Aitor Sarriegik
Aitor Sarriegi, Tolosan kantuan Saio bakarra geratzen da GPuntua Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaren aurretik, eta abenduaren 18an Donostian Illunben ariko direnen artean Aitor Sarriegi beasaindarra egongo da. Asteburu honetan jokatu dituzte finalaurrekoetako hiru saioetatik bi: Larunbatean Arrasaten Iker Zubeldia zegamarra eta Iban Urdangarin ataundarrra aritu ziren, eta igandean Tolosan Sarriegi eta Nerea Elustondo. Beasaindarrak ez bezala, gainerako goierritarrek ez dute finalerako txartelik lortu, baina Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko aukera izango dute, finalerdietako fasera igarotzea lortu dutelako. Zubeldia bosgarren sailkatu zen larunbatean, 465 punturekin, eta Urdangarin seigarren, 438 punturekin. Saioko irabazlea Beñat Gaztelumendi izan zen, 490,5 punturekin. Ohi bezala umore puntuan aritu zen bertsotan Zubeldia, Felix Zubiarekin batera zortziko handian ikusleen artean barrea eraginez, biak sekta bateko kide izanik bere buruaz beste zeinek lehenago egin batak bestari aukera emanez. Puntutako atalean ere zegamarra izan zen algara gehien sorrarazi zituena, eta Urdangarinekin batera kantuan, baita seiko motzean ere. Bigarren kartzelakoan, ordea, Zubeldiak ez zuen asmatu, eta Urdangarin txukun aritu zen. Ataundarra «gustura» agertu da egindako lanarekin, Euskal Herrikoan aritzeko txartela lortuta. Igandean, Tolosan, bigarren egin zuen Sarriegik, lehen kartzelakoan egindako potoa tarteko, 492 puntu eskuratuta. Elustondok, berriz, 468 puntu eta bosgarren postua lortu zituen. Saio hasierako kartzelakoan bertso ederrak abestu zituen [...]
Saio bakarra geratzen da GPuntua Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaren aurretik, eta abenduaren 18an Donostian Illunben ariko direnen artean Aitor Sarriegi beasaindarra egongo da. Asteburu honetan jokatu dituzte finalaurrekoetako hiru saioetatik bi: Larunbatean Arrasaten Iker Zubeldia zegamarra eta Iban Urdangarin ataundarrra aritu ziren, eta igandean Tolosan Sarriegi eta Nerea Elustondo.
Beasaindarrak ez bezala, gainerako goierritarrek ez dute finalerako txartelik lortu, baina Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko aukera izango dute, finalerdietako fasera igarotzea lortu dutelako. Zubeldia bosgarren sailkatu zen larunbatean, 465 punturekin, eta Urdangarin seigarren, 438 punturekin. Saioko irabazlea Beñat Gaztelumendi izan zen, 490,5 punturekin.
Ohi bezala umore puntuan aritu zen bertsotan Zubeldia, Felix Zubiarekin batera zortziko handian ikusleen artean barrea eraginez, biak sekta bateko kide izanik bere buruaz beste zeinek lehenago egin batak bestari aukera emanez. Puntutako atalean ere zegamarra izan zen algara gehien sorrarazi zituena, eta Urdangarinekin batera kantuan, baita seiko motzean ere. Bigarren kartzelakoan, ordea, Zubeldiak ez zuen asmatu, eta Urdangarin txukun aritu zen. Ataundarra «gustura» agertu da egindako lanarekin, Euskal Herrikoan aritzeko txartela lortuta.
Igandean, Tolosan, bigarren egin zuen Sarriegik, lehen kartzelakoan egindako potoa tarteko, 492 puntu eskuratuta. Elustondok, berriz, 468 puntu eta bosgarren postua lortu zituen. Saio hasierako kartzelakoan bertso ederrak abestu zituen legazpiarrak.
Puntukako saioan ederki aritu zen Sarriegi, potoa ahaztu eta Unai Agirrerekin batera behar baino bertso bat gehiago ere abestuz. Seiko motzean ere nabarmendu zen beasaindarra, Mendian gora haritza doinua erabili baitzuen bertsoak osatzeko. Tolosan, Jexux Mari Irazu izan zen garailea, 496,5 punturekin.
Igandean Apalategik saioa
Finalaurrekoetako hirugarren eta azken saioa igandean da, Hernaniko Galarreta kiroldegian, 17:30ean hasita. Bertan egingo du Iñaki Apalategi beasaindarrak finalerako txartela lortzeko saiakera. Amaia Agirre, Ainhoa Agirrezabaldegi, Iñigo Mantzisidor, Jokin Uranga eta Jon Martin izango ditu oholtza gainean aurkari.
Bere burua ongi ikusten du Apalategik. «Seguru eta konfiantzarekin» dagoela dio, eta kartzelako ariketarekin hasi beharrak ez diola beldurrik ematen: «Beti egin dugun ariketa da, eta nik faltan botatzen nuen. Bukera egokia eskatzen duten bertsoak abestu behar dira, eta hasieran izateak ez dit beldurrik ematen».
Gainerako bertsolariei ere ez die beldurrik, «aurkariak guztira hemezortzi gara, eta finalera zortzi iritsiko dira».