Joxe Mari Esnaola: “Enborra 5 metrora zutik ebakitzeak ate asko ireki dizkit”
Era batera edo bestera, baina aizkorari lotuta bizi da Joxe Mari Esnaola zegamarra. 19 urte zituela lehenengo aizkora kolpeak eman eta 24 urterekin federatu zen. Harrezkeroztik, Bigarren mailako txapelketan parte hartzen du; zutikako enborra ebakitzen aritzen da 5 metrora; eta Euskal Herriko txapelketarako egurrak aukeratzen ari da. Joxe Mari Esnaola zegamarrak urte asko daramatza aizkora munduan. “Mejora handirik ez dugu egin baina”, dio. Aizkora txapelketetan, erakustaldietan, egurrak prestatzen… aizkorari esker Euskal Herria eta mundua ezagutzen ari da. 35 urte ditu eta 19 urterekin hasi zen lehen aizkora golpeak ematen, herrian bertan, Zegaman. Hiru urte beranduago, apustu baten haritik hasi zen serioago aizkoran. Zegaman bertan, San Martin azoka egun batean, Joxe Mari eta Esteban Arakama anaiak eta Inazio Katarain izan ziren zirikatzaileak. Esnaolak erronkari heldu eta harrezkeroztik ez da gelditu. “Apustu hartatik hasi nintzen. Segi eta segi, herri mailan maila bat hartu nuen eta 24 urterekin, federatzera salto egin nuen. Orduan kontrarioak bilatu nituen! Herri mailan nahiko poliki ibiltzen nintzen, eta jendeak animatu egiten zaitu. Garai hartan gainera, basoan ibiltzen nintzen lanean. Basoko lagunek ere animatu ninduten. Bigarren Mailan bastante poliki ibili naiz. Poliki-poliki, familia eta beste lan batzuk direlaeta, Gipuzkoa mailan bakarrik ateratzen hasi nintzen”. 5 metroko enborra zutik Duela [...]
Era batera edo bestera, baina aizkorari lotuta bizi da Joxe Mari Esnaola zegamarra. 19 urte zituela lehenengo aizkora kolpeak eman eta 24 urterekin federatu zen. Harrezkeroztik, Bigarren mailako txapelketan parte hartzen du; zutikako enborra ebakitzen aritzen da 5 metrora; eta Euskal Herriko txapelketarako egurrak aukeratzen ari da.
Joxe Mari Esnaola zegamarrak urte asko daramatza aizkora munduan. “Mejora handirik ez dugu egin baina”, dio. Aizkora txapelketetan, erakustaldietan, egurrak prestatzen… aizkorari esker Euskal Herria eta mundua ezagutzen ari da.
35 urte ditu eta 19 urterekin hasi zen lehen aizkora golpeak ematen, herrian bertan, Zegaman. Hiru urte beranduago, apustu baten haritik hasi zen serioago aizkoran. Zegaman bertan, San Martin azoka egun batean, Joxe Mari eta Esteban Arakama anaiak eta Inazio Katarain izan ziren zirikatzaileak. Esnaolak erronkari heldu eta harrezkeroztik ez da gelditu. “Apustu hartatik hasi nintzen. Segi eta segi, herri mailan maila bat hartu nuen eta 24 urterekin, federatzera salto egin nuen. Orduan kontrarioak bilatu nituen! Herri mailan nahiko poliki ibiltzen nintzen, eta jendeak animatu egiten zaitu. Garai hartan gainera, basoan ibiltzen nintzen lanean. Basoko lagunek ere animatu ninduten. Bigarren Mailan bastante poliki ibili naiz. Poliki-poliki, familia eta beste lan batzuk direlaeta, Gipuzkoa mailan bakarrik ateratzen hasi nintzen”.
5 metroko enborra zutik
Duela urte batzuk, 5 metroko enborraren gainean aizkoran aritzera pasatu zen. “Saralegitarrekin ibiltzen naiz. Euren anaia istripuan hil zenetik, 5 metroko lan hori koloka antzean eduki dute. Barberena eta Peñagarikano ere ibili ziren, baina beti 4 metrora mugatuta. Lagun bat edo bi behar zituzten 5 metroan aizkoran egingo zutenak. Proba egin nuen eta hala hasi nintzen. Niri ere kostatu zitzaidan. Bi oholekin ondo, baina hirugarren ohola asko mugitzen da. Eurek behar zuten eta nik erakustaldiak egin nahi nituen, eta horrelaxe hasi nintzen”.
Zutikako enborrean sartutako oholen gainean aritu behar izaten du zegamarrak aizkoran. “Ohol bereziak dira, Australiatik ekarriak. Puntan burdina daukan ohola da. Enborrean zuloa egiten da, sartuta gelditzen da. “Aizkoran ondo egitea baino zerbait gehiago behar da: oreka pixka bat, eta zutika mozteko abilidade pixka bat eskatzen du. Akats bat egiten baduzu, goitik behera zoaz”.
Australiatik jaso duten teknika da Esnaolak egiten duena. “Australian egiten da. Munduan leku askotan egiten da bi oholekin, baina hirugarren eta laugarren oholarekin jendea ez da hainbeste animatzen. Ohol hori lehenengo aldiz australiarrek ekarri omen zuten honuntza. Baina geroztik jakin dugu, ohol hori berez, Amerikako Yosemiteko basomutilek Australiara eraman zutela. Baina Yosemitera suitzarren batzuk eraman ote zuten esaten da. Auskalo! Euskal Herria Australiatik ekarri zuten.
Iparraldean asko
Euskal Herrian ez dira asko lan horretan aritzen direnak. “Sei bat lagun gaude lan hori egiten dugunak, eta lan horrek bide eta ate asko zabaldu dizkit niri. Amerikan, Kanadan, Eskozian… ibili naiz. Gutxi egote horrekin, noiznahi Kataluniara joaten naiz. Saralegitarrekin asko ibili naiz aurtengo udan ere”.
Joaten diren lekuan arrakasta izaten omen dute. “Jendea asko erakartzen du; gehienbat Iparraldean. Gaur egun gainera, aizkolarien ordez, 5 metrokoa eramaten dute”. Horren adibide da, Iparraldean udan egiten dituzten erakustaldiak. “Uztailan eta abuztuan, kiroldegiak ixten dituzte eta Force Basque jartzen dute. Lasto altxatzen, harrijasotzen eta 5 metroko enborra mozten aritzen gara. Sarrera kobratzen dute eta urte guztirako dirua hor ateratzen dute. Jende asko joaten da”.
Datorren udari begira, ezeren okerrik ez bada, Atlantikoaz beste aldera joango da berriz ere: “uztailean, ia seguru, Elkora joateko deitu zidaten, Nevadako Euskal Jaira”.
Erakustaldi asko egiten dituztela dio Esnaolak. “Baina aizkolariak ere asko gaude eta denen artean banatzeko asko gaude. Herrietan ere ikusten da diru gutxiago dagoela”, azpimarratu du zegamarrak.
Egurrak aukeratzen
Erakustaldiez gain, txapelketetan ere parte hartzen du. Batetik, Gipuzkoako Bigarren Mailako txapelketan; eta bestetik, Euskal Herriko txapelketako egurrak aukeratzen eta prestatzen. “Txapelketako egurrak prestatzen ditugu Peñagarikanok eta biok. Egurrak aukeratu normalean Peñagarikanok aukeratzen ditu. Ni, neurriak jartzen ibiltzen naiz. Lan horrek aukera eman dit leku asko ezagutzeko. Lan asko da eta txapelketan, Gipuzkoa mailan bakarrik ateratzen naiz”.
Nafarroatik ekartzen dute pago egurra. “Irati basora joaten gara. Irati barren-barrenera sartzen gara; Orbaizetatik 16 kilometrora sartzen gara. Irati basoa ikaragarria da. Mendia gustatzen zaigunontzat hura ikaragarria da”, aitortu du Joxe Mari Esnaola zegamarrak.
Aizkora-trontza apustu hura
1998. urteko argazkia da. Joxe Mari Esnaola, Inazio Katarain, Joxe Mari Arakama eta Esteban Arakama dira. Aizkora-trontza apustua egin zuten San Martin azokan. 10.000 duro jarri zituzten mahai gainean. 10 enbor aizkoraz eta beste 10 trontzaz ebaki behar izan zituzten. 1998ko azaroaren 13ko Goierritarran (147 zenbakia) egindako erreportajean apustuaren helburua zein azpimarratzen zuten: “batetik herrian herri kirol giroa sortzea eta bestetik, Esnaola gaztea afizioarekin zetorrenez, zaletasunari eustea”.
Gazteak badatoz
Gazteekin ere lanean aritzen da Joxe Mari Esnaola. “Boladatxo honetan, gainera, gazte asko datoz. Gazteak, 20 bat urtekoak, badatoz. Atutxa, Saralegitarren bi anai, Larretxearena… gazte batzuk poliki datoz. Goierrin ere bai: Zerainen Xabier Dorronsoro, Arkaitz Jauregi erdi lazkaotarra, Ugarte idiazabaldarra… Baina ekonomiak zerikusia dauka. Egurra kosta egiten da. Kirol garestia da. Prestatu egin behar dira eta kirol guztietan bezala, astia behar da. Aizkorak lan asko dauka: egurrak jarri, egurrak kendu, garbitu, moztu, berriz ere egurrak jarri… Lan berezi bat dauka. Ez da pelota hartu eta frontoira joatea bezala”.
Gazteak badatoz baina “zaharrak” ere hor dabiltza, oraindik, gogor. “Hori gainera! Zaharrak ezin ditugu erretiratu! Kirol bakarra da, 50 urtetik gora, 25ekoa baino fuertegoa egotea. Ez dakit zer gertatzen den”, dio zegamarrak.
“Esperientziak gehiago balio duela esan nahi al du?”, galdetu diogu. “Bai. Erresistentziak ere zerikusia dauka baina ez dakit nik: 25eko batek 50ekoak baino erresistentzia gehiago eduki behar luke, baina badago zerbait berezia. Azkenean eurek uzten dute, guk ez ditugu bidaltzen”.
“Urteko egunik politena da San Martin azoka”
Egun berezia izaten da San Martin azoka zegamarrentzat. San Martin egunaren ondorengo larunbatean izaten da herriko azoka. Aurten azaroaren 12an izango da.
Joxe Mari Esnaolarentzat “urteko egunik politena da San Martin azoka. Herri giro polita egoten da. Behor batzuk biditugu. Horiek kalera eramaten ditugu eta horien kontura gosaltzen dugu. Bi-hiru urtetan eman digute etxe behorren saria eta poza ematen du. Egia esateko, behorrak, emaztearengatik dauzkagu. Bera da behorzalea. 2-3 behorrekin hasi ginen eta 6-7 ditugu”, aitortu du zegamarrak.