Adostasunik gabe onartu dute Zumarragako Udalaren araudi organiko berria
Udalaren araudi organikoa onartu zuten atzo, osoko bilkuran, PSE-EEko eta PPko zinegotzien aldeko bederatzi bozkekin. EAJ eta Bildu kontra agertu ziren, arautegiak zortzi bozka aurka izan zituelarik. Araudi hau udaleko barne funtzionamenduari dagokio, udalbatzako kideen eta herritarren parte-hartzea arautzen duelarik.
Gai zerrendako puntu honek ika-mika sortu zuen, eta baita osoko bilkura luzatu ere. EAJren, Bilduren eta, maiatzeko udal hauteskundeetan bozka gutxigatik udalbatzan ordezkaritzarik lortu ez zuen Aralarren arteko adostasuna agerian geratu zen.
Hiru taldeek udal gobernuak, PPren babesarekin, aurkeztutako araudiaren gaineko alegazioak aurkeztu dituzte. Guztiek aurkeztutako bi alegazioak ondokoak dira: mozioak aurkezterakoan talde batek baino gehiagok aurkeztu behar izanaren kontrako alegazioa eta ordezkaritzarik lortu ez duten taldeek batzorde informatzaileetara joateko baimena izatea.
Zeresana eman zuen beste alegazioarekin bat egin zuten hiru taldeek, Aralarrek bere horretan aurkeztu ez arren. Alegazio horren muina da batzorde informatzaileak irekiak izatea, alderdiek eta koalizioek euren adituek bidali ahal izatea, alegia. Onartu zuten araudiari jarraiki, taldeek zinegotzi diren kideak baino ezingo dituzte bidali batzorde hauetara.
Araudiak ordezkaritzarik ez duten taldeak onartuko ditu, eta Aralarrek parte hartu ahal izango du batzorde informatzaileetan. Ahotsa izango dute, baina boturik ez.
Osoko bilkuran, gai honi dagokionez, ika-mika izan zen nagusi. Eztabaida maila pertsonalean gauzatu zen zenbait kasutan, eta ez zuen udalaren eguneroko funtzionamenduari buruzko azalpen zehatzak eta garbiak jasotzeko aukerarik eman. Finean, herritarrek bozka eman eta gero gertatzen denaz, hau da, eremu publikoa kudeatzeko moduetaz hitz egiterakoan ez zuten azalpen argirik eman.
Batzorde informatzaileek, udaleko egituraren barruan, proposamenak egiten dituzte. Proposamen horiek osoko bilkurara edo gobernu batzordera eramango dituzte. Araudi berriari jarraiki, batzorde horietan parte hartu ahal izango dute bakarrik ordezkaritza lortu duten taldeen zinegotziak, ordezkaritzarik lortu ez duten taldeetako kideak, beti ere, beren hautagaitza Gipuzkoako Buletin Ofizialean publikatu bada, sail bakoitzari lotutako teknikariak, elkarteetako ordezkariak eta lantzen duten gaiarekiko interesa duten herritarrek, aurretik eskaera egiten badute.
Aurrekoarekiko aldaketa handiena da, aurrerantzean zinegotzi ez diren alderdietako kideak batzordeetara ezingo direla joan. EAJren ustez hau, «askatasunari hesiak jartzea da» Iñigo Peñagarikano bozeramailearen esanetan. Bilduko Xabier Barriolaren arabera, «udal gobernuak arauak bere komenientziaren arabera aldatu ditu».
Osoko bilkuratan lantzen diren mozioak, gehienetan, gai orokorren ingurukoak izaten dira. Araudi berriaren arabera, mozioak talde baten baino gehiagoren adostasunarekin aurkeztu beharko dira. Arau berri honekin ez ziren ados agertu EAJko, Bilduko eta Aralarreko ordezkariak. Aralarreko Sebas Iturriotzek hitza hartzeko aukera izan zuen.
EAJko eta Bilduko ordezkariek adostasuna bilatu dutela adierazi zuten, baina udal gobernuak proposamen guztiei «ezezkoa» eman diela esan zuten bi taldeetako ordezkariek. PSE-EEko bozeramaile Fernando Fariñasek araudi berria «legezkoa» dela esanez defendatu zuen. Udal gobernuak egindako araudia legezkoa da, baina lege berdina eskuetan, udalaren funtzionamendurako aukera bat da PSE-EEk, PPren babesarekin, hartu duena. Azken 20 urteetako eredua aldatu dute, oposizioarentzat okerragoa da eta udal gobernuarentzat hobea. Adostasun falta nabarmena izan zen atzo.