Larunbatean, abenduak 3, Euskararen Eguna ospatuko da Euskal Herri osoan. Aitzakia hori baliatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak Mintzodromoa egitasmoa abiarazi du. Euskaraz egiteko guneak eskainiko dituzte.
Zortzi herritan egingo dute Mintzodromoa, horien artean Urretxun eta Zumarragan eta Beasainen. Udalak eta euskaltegiak ari dira ekimena prestatzen. Parte hartzaileak toki publiko batean bilduko dira, euskaraz egiteko gai jakin batzuk hizpide hartuta. Helburua euskararen erabilera sustatzea da.
Urretxun eta Zumarragan zapatu honetan elkartuko dira. Beasainen, berriz, abenduaren 17an. Zapatuan Urretxuko udaletxeko atarian bilduko dira, 11:30etik 12:30era. 40 lagun inguru batuko dira bertan. Euskara ikasten ari diren pertsonak euskaraz hitz egiten dutenekin elkartuko dira, «euskara eta euskaraz partekatzeko» helburuz. Launaka eseriko dira, eta 15 minutu izango dituzte gai bakoitzaz mintzatzeko
Beasainen, berriz, abenduaren 17an egingo dute euskarazko tertulia saioa. Gernika pasealekuan jarriko duten karpa batean bilduko dira, eta hemen ere, euskara ikasten ari den jendea euskaraz hitz egiten dutenekin eseriko da. Txokolate beroa banatuko dute berriketarako. Ordubeteko bi saio egingo dituzte hemen: lehena 17:00etan hasiko dute eta bigarrena 18:00etan. Izena etzira arte eman ahalko da hemen,943028100 telefonora deituta edota mintzalaguna@beasain.net emailera mezu bat igorriz.