Goierriko kultura eskaintza zabala da, baina harrera eskasa
Goierriko kultur eskaintzaz gogoeta egiteko, mahai ingurua egin dute Segura Irratiko Bixi-Bixi saioan. Irratsaioko zuzendariak eta Goierrko Hitza-ko kazetariek elkarlanean antolatu dute mahai-ingurua, eta bertan parte hartu dute Iñaki Hidalgo Ordiziako Udaleko kultura teknikariak, Joxepa Madariaga Goierriko Euskal Eskolako teknikariak eta Legazpiko herri-kultur mugimenduan dabilen Iker Azpeitiak. Iñaki Gurrutxaga kazetaria izan da moderatzailea.
Mahai-inguruan hainbat gai landu dituzte, baina hiru hizlariak ados agertu dira Goierriko kutur eskaintza zabala dela esatean, eta baita, askotan, herritarren aldetik jasotzen duten harrera, nahi baino eskasagoa izaten dela esatean ere.
Hidalgoren arabera, eskualdeko kultur eskaintza «aberatsa, zabala eta anitza da».Kultura kontsumitzeko ohitura badagoela ere esan du, eta Azpeitia ados azaldu da berarekin. Madariagak, ordea, gazteen mailan dagoen hutsunea nabarmendu du. «Hutsune hori betetzeko gazteak behar ditugu, beraiek partaide ez badira alferrik ari garelako gainerakoak». Gazteek antolakuntza lanetan inplikazio gehiago izan behar dutela ere azpimarratu du Azpeitiak: «Guk egindako lanak atzetik datozenen indarra behar du».
Proposamenei tiraka
Herritar eta goierritar guztien nahiak asetzeko asmoz lan egiten dute eskualdeko kultur eragileek. Horretarako, ordea, herritarrek dituzten nahiak ezagutzea ezinbestekoa da. Antolatzaile lanetan aritzen direnek adierazi dute herritarrek sarri egiten dituztela proposamenak. Lazkaon, «interesa sortzen duten ekintzak» antolatzeko ahalegina egiten dutela esan du Madariagak. Berdin Ordizian ere. Kultur kontsumitzaile paperean jarrita, Azpeitiak esan du Legazpin ere zerbait antolatzeko asmoa dutenean beti hartu izan dituztela kontuan herritarren proposamenak.
Hala ere, askotan, herritarrengandik jasotzen duten erantzuna epela izaten da, askotan frustrazioa ere eragiten duena. Hidalgo frustrazioa sentitzetik etsipena sentitzera igaro da, eta egun pena ere sentitzen duela esan du: «Pena, batez ere, ekintza horiek galtzen dituztenengatik, batez ere kalitate onekoak direnean».
Frustrazio horretatik ikasi egin behar dela esan du Madariagak. «Aztertu egin behar da jendeak zergatik ez duen parte hartzen, eta hori gure lana da, artistari publiko bat zor diogulako, eta publiko hori lortzeko herritarren proposamenak oso kontuan hartu behar dira». Azpeitiak esan du, ekintza bat antolatu eta jende gutxik parte hartzen badu ere, gutxi horiek gustura ikusteak indarra ematen duela aurrera egiteko.
Gutxiengoarentzat ere bai
Hidalgoren ustez, jendea erakartzeko «oreka» da gakoa: disziplinen arteko oreka, eta ekintzen gastu ekonomikoaren artekoa. Izan ere, «askotan, garestiena ez baita erakargarriena izaten». Madariagaren ustez, maila horretan, «deskubrimendu asko dago egiteko, gertu artista asko dagoelako, merkeagoak eta kalitate handiagokoak».
Alde horretatik, hasi berriei ateak ireki behar zaizkiela aldarrikatu du Azpeitiak. Legazpin, ahalegin berezia egiten dutela esan du, «talde indartsuak daudenean, kolektiboei eta hasi berriei beren lana aurkezteko aukera emanez». Madariagak zalantza egin du puntu honetan, «Goierrin «oso ondo prestatutako jendea dagoelako, baina horri etekinik ateratzen al diogu?».
Etekinak lortzeko elkarlana ere beharrezkoa dela esan dute hiru hizlariek. Herrietako elkarte, talde eta banakoen artean, eta eskualdeko herri guztien artean. Hori egitea zaila dela esan du Hidalgok, nahiz eta batzuetan egiten den: «Herrian koordinazio falta egoten da, eta zer esanik ez eskualde mailan. Baina, kulturaren sektorea halakoa da, kultura erabat atomizatua delako».
Elkarlan horretan eskualdeko herrien artean dagoen distantziak ere badu eragina. Madariagaren ustez, Goierri beheko eta goiko herriak elkarrengandik «oso urrun daude fisikoki eta mentalki. Ez dugu elkarren berri, eta saiatu ere ez gara egiten hori aldatzeko. Azken urteetan Goierriko Hitzari esker jakiten dugu goian eta behean zer dagoen, egunkariaren bidez egiten dugulako bat. Ematen du eskualde bakarraren ordez, bi eskualde ditugula».
Hala ere, hainbat herritan indarrak batzen dituzte, eta elkarrekin ekintza ezberdinak antolatzen dituzte urtean zehar. Ekintza horietan, beti-betiko aurpegiak ikusten dituztela kexatu da Madariaga, «baita ekintzak ezberdinak direnean ere». Horregatik, orain, «erronka jende berria harrapatzea izan behar da, etxezulo asko dagoelako, kultura telebistara mugatzen duena. Eta etxean geratzen ez dena tabernara joaten da, eta gu tabernara joan behar izaten gara, nahiz eta ondoan areto eder bat eduki».
Datozen asteetarako proposamenak
Goierriko kultur eskaintzaz hitz eginda, datozeen egun eta asteetan eskualdean egongo diren ekintzen artean bana aukeratu du hizlari bakoitzak, Segura Irratiko entzuleei eta Goierriko Hitzako irakurleei aholkatzeko.
Iker Azpeitiak kirol arloko ekintza aukeratu du. «Orain urte batzuk egiten zen Legazpin ziklo-kros txapelketa, baina azken urteetan ez da egin eta aurten berreskuratu egin dute. Abenduaren 17an izango da, eta topaketa polita izango da».
Joxepa Madariagak gaurko egin du proposamena. «Goierriko Kultur Zirkuituaren barruan Iñaki Perurenak hitzaldia egingo du gaur Seguran eta bihar antzerki emanaldia egongo da». Aurrera begira, Beasainen, Ataunen, Lazkaon eta Seguran egingo dituzten euskal disko eta liburu azokak proposatu ditu. «Produktu guztiek %15eko deskontua» izango dutela gogoratu du.
Iñaki Hidalgok urtarrilera arte egin du salto, urtero bezala, urtarrilaren 1ean Ordian egingo duten bertso saioa izan baitu hizpide. Gipuzkoako bertsolari txapelketako finalean ariko diren bertsolariak egingo dute saioa Ordizian ere. Urtarrilaren 8an, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek egingo duten saioa ere proposatu du Hidalgok.