«Euskarari buruzko ekintzak baino, ekintzak euskaraz egingo ditugu»
Aski ezaguna da Aitor Lizarazu (Zumarraga, 1980) Urretxun eta Zumarragan. Zumarragako Udaleko euskara teknikaria izan da hiru urtez. Orain, Aretxabaletako udal euskaltegian lanean dabil. Zintzo Mintzo euskara elkarteko zuzendaritza berriko kide ere bada. Elkarte horrek, gogoeta prozesua egin zuen iaz. Taldearen etorkizunaren nondik norakoak aztertu eta gero, zuzendaritza berria osatu zuten. Lizarazu zuzendaritza talde horretako kidea da. Barruko lana alde batera utzi gabe, ekintzak kanpora ateratzen hasi dira. Horren adibide da Euskararen Egunaren harian antolatu dutena.
Zertan aldatu da Zintzo Mintzo elkartea iaztik gaur artean?
Gogoeta prozesua martxan jarri genuen. Prozesu horrek aldaketak ekarri zituen, esate baterako, Bertso Eskola gure eskumenetik atera zen, baita Goierriko Hedabideak ere. 2011 urtea erronka berezirik gabe hasi genuen, transizio urtetzat hartu genuen. Finean, orain artean egindakoak etenik ez izatea izan dugu helburu. Badakigu, gure erronka erabileran eragitea dela, ahozkoan, alegia.
Elkartearen zuzendaritza zuen gain hartu duzue, nola egiten da hori?
340 bazkide gara, kudeaketa lana dago, barne-lana, egindako aldaketak adostu, egoitza aldatu dugu… Orain, Urretxuko Aizpurunea Kultur Etxeko erabilera anitzeko gelan elkartzen gara.
Transizio garaian zaudetela esan duzu, baina ekintzak egiten jarraitu duzue.
Jakin bagenekien aldaketa erradikalik ez genuela ekarri nahi. Urretxuko jaietan kandela piztea egin dugu, baita kantu afaria antolatu ere. Baina, azaroan egin ditugu ekintza gehien. Gazteengan jarri dugu arreta. Urretxuko eta Zumarragako Gaztetxean hitzaldia eman genuen. Gure herrietako datuak eraman genituen, ezagutza datuak eta erabilera datuak kontrastatuz.
Gogoratuko zenituzke datu horiek?
2009ko kale neurketaren arabera, gurean ezagutza %49koa da, baina erabilera %18,9koa. Lau urte lehenago egindako neurketarekin alderatuz, erabilera aldetik jaitsiera egon da, batez ere, gazte jendearen artean.
Horregatik gazteengan eragiteko asmoa?
Bai. Gazteei bereziki zuzendutako TELP ikastaroa egin berri dugu.
Zer da TELP ikastaroa?
Euskara gure bizitzatako eremu guztietara zabaltzeko baliabideak ematen dizkizute, batez ere, kontzientzia hartzeko baliabideak. Ikastaroan, euskaratik erdarara joateko joeraren sustraietara joan ginen. Noiz, non eta norekin gertatzen da txandakatze hori? Lehenengo kontzientzia hartu, eta ondoren baliabideak ematen dizkizute, euskaraz eremu guztietan eroso sentitu zaitezen. Helburua izan zen euskaraz, euskararen inguruan lan egiteko jendea elkartzea izan zen. Elkarren ondoan jarri, eta hitz egin goizetik eguerdira.
Biharko Euskararen Egunaren harian ekintzak antolatu dituzue.
Gaur, Tabernariei Euskaraz kanpainaren sari banaketa egingo dugu Zumarragako Zelai Arizti Kutur Etxean, 13:00etan. Bideo bozkatuena ezagutaraziko dugu.
Kanpainaren helburuak bete al dituzue?
Baietz esango nuke. Bost lan jaso ditugu eta 700 lagunek eman dute beren botoa Internetez. Parte-hartzearekin oso pozik gaude. Legazpiko Zingi Zango euskara elkartearekin elkarlan estuan aritu gara, eta Urola Garaiako udalen babesa izan dugu. Gogoeta minimo bat sortzen badugu, guretzat helburua beteta dago.
Biharko zer antolatu duzue?
Udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Mintzodromoa antolatu dute Urretxun. Mintzalaguna egitasmoan parte hartzen duten euskaldun zaharrek eta berriek parte hartuko dute, Urretxuko udaletxeko sarreran, 11:30ean. Amaitzean, Zintzo Mintzok antolatuta, Urretxuko Iparragirre plazatik kantu-jira abiatuko da, Zumarragako Euskadi plazara joango dira eta Areizaga-Kalebarren plazan amaituko da, 13:30ean.
Helburua zein da?
Helburua gurasoen eta haurren arteko transmisioan eragitea da. Ikastetxeen bitartez, kantu-jiraren berri eman dugu, eta jendeak parte hartzea espero dugu. Bentazaharreko Mutiko Alaiek musika jarriko dute, familiek kantatu dezaten. Bertsolariak eta trikitilariak ere izango dira.
Etzirako ere antolatu duzue zeredozer.
Ostadarren laguntzarekin Urretxuko eta Zumarragako tontorretara igotzeko asmoa dugu. Euskaraz bizi lelopean, gailur bakoitzean, ordu berdinean, argazkia atera nahi dugu, Euskaraz bizi nahi dut lema oihukatzen.
Aurrera begira zein asmo duzue?
Urtarrilean bazkideak elkartu eta proposamen berriak adostu nahi ditugu. Erabilera datuak ikusita, arreta hor jarri behar dugula uste dut. Euskarari buruzko ekintzak baino, ekintzak euskaraz egin beharko genituzkelakoan nago, euskaraz dena egin daitekeelako, bizitzako edozein eremutan.














