Errelebo kontratua luzatzeko elkarretaratzea egin dute Estandan
Estandako langileak gaur goizean egin duten elkarretaratzean Beasaingo Estanda enpresako langileek elkarretaratzea egin dute, enpresako zuzendaritzak errelebo kontratua ez luzatzeko hartu duen erabakiaren aurka. 2009tik aurten arte adostutako hitzar...
Beasaingo Estanda enpresako langileek elkarretaratzea egin dute, enpresako zuzendaritzak errelebo kontratua ez luzatzeko hartu duen erabakiaren aurka. 2009tik aurten arte adostutako hitzarmenean kontratua luzatzeko erabakia hartu zutela jakinarazi dute Enpresa Batzordeko ELA eta LAB sindikatuko ordezkariek.
Orain arte egin dituzten bileretan 2012ra arte kontratu mota hori luzatzea adostu dutela jakinarazi dute, eta orain, hori aldatzeko zuzendaritzatik eman dituzten arrazoiak azaldu dituzte. Langile Batzordeko kideen arabera, kontratu mota honen luzapenak kostu ekonomiko handia suposatzen dio enpresari, baina hori ez dela hala esan dute langileek, kontratu mota hori duten langileek %15a lan egiten dutelako. Datorren urtera begira egongo den lan karga zenbatekoa izango den ere ez dakitela argudiatu omen dute zuzendaritzatik, baina “langile batzordeak ez du onartuko txantairik zuzendaritzaren aldetik”.
Iaz, zuzendaritza hitzarmenarekin jarraitzeko prest agertu zela esan dute langileek, eta “onartezina” dela “legedia berria aplikatzeko urte beteren faltan, jarrera harekin ez jarraitzea”. Aste guztian zehar elkarretaratzeak egin dituzte lantegi kanpoan, eta datozen egunetan adostasun batera iristen ez badira, “neurri gehiago” hartzea aztertzen ari dira, “bai lantegi barruan eta bai kanpoan”.














