Insausti, Crespo eta Herreros izango dira Beasaingo ordezkariak Goiekin
Goieiko ordezkariak aukeratzeko prozesua korapilotsua izaten ari da hainbat herritan, tartean, Beasainen. Azkenean, atzo iluntzean egin zuten osoko bilkuran aukeratu zituzten Beasainek Goiekin izango dituen hiru ordezkariak. Bilduk, ordezkariak Mari Mari Celaya (Bildu), Aitor Aldasoro (EAJ) eta Ana Maria Cresto (PSE-EE) izatea proposatu zuen, baina Beasaingo Udalean ordezkaritza duten gainerako ia alderdi guztiak ez zeuden ados, eta EAJk kontraproposamena aurkeztu zuen. Jeltzaleek, ordezkariak Josi Insausti (Hamaikabat), Ana Maria Crespo (PSE-EE) eta Julio Herreros (PP) izatea proposatu dute. EAJ, PP, PSE-EE eta Hamaikabat alderdiko zinegotzien botoekin jeltzaleen proposamena geratu zen onartuta. “Hausnarketarako deia” Bi proposamenak bozkatu aurretik, Koldo Agirre alkateak hartu zuen hitza, maiatzaren 22ko hauteskundeetatik gaur arte, “batzuen eta besteen jarrera laburbiltzeko”. Agirreren arabera, gobernu taldea “hasieratik izan da jakitun sentsibilitate anitzek adostasunerako ahaleginak biderkatzea” suposatuko lukeela. Bide horretan, Bilduk eta Aralarrek osatutako gobernu taldeak “jarrera irekia” izan duela gehitu zuen, “batzordeetan parte hartze irekia bermatuz eta lehen erabakietan adostasuna bilatuz”. Hala ere, Goiekiko Administrazio Kontseiluan Beasaingo ordezkariak aurekatzeko “akordioa erdietsi” ondoren, “atzera” egin izana leporatu zien EAJko zinegotziei. Agirrek azaldu zuenez, Igor Eguren “Ordiziako alkatea EAJko zinegotziekin harremanetan jarri zen, berarekin adostasun bat lortuz”. PSE-EEko zinegotziak ere Bilduren proposamenarekin ados agertu zirela gaineratu zuen. Azaroaren 15ean egin behar zen [...]
Goieiko ordezkariak aukeratzeko prozesua korapilotsua izaten ari da hainbat herritan, tartean, Beasainen. Azkenean, atzo iluntzean egin zuten osoko bilkuran aukeratu zituzten Beasainek Goiekin izango dituen hiru ordezkariak.
Bilduk, ordezkariak Mari Mari Celaya (Bildu), Aitor Aldasoro (EAJ) eta Ana Maria Cresto (PSE-EE) izatea proposatu zuen, baina Beasaingo Udalean ordezkaritza duten gainerako ia alderdi guztiak ez zeuden ados, eta EAJk kontraproposamena aurkeztu zuen. Jeltzaleek, ordezkariak Josi Insausti (Hamaikabat), Ana Maria Crespo (PSE-EE) eta Julio Herreros (PP) izatea proposatu dute. EAJ, PP, PSE-EE eta Hamaikabat alderdiko zinegotzien botoekin jeltzaleen proposamena geratu zen onartuta.
“Hausnarketarako deia”
Bi proposamenak bozkatu aurretik, Koldo Agirre alkateak hartu zuen hitza, maiatzaren 22ko hauteskundeetatik gaur arte, “batzuen eta besteen jarrera laburbiltzeko”. Agirreren arabera, gobernu taldea “hasieratik izan da jakitun sentsibilitate anitzek adostasunerako ahaleginak biderkatzea” suposatuko lukeela. Bide horretan, Bilduk eta Aralarrek osatutako gobernu taldeak “jarrera irekia” izan duela gehitu zuen, “batzordeetan parte hartze irekia bermatuz eta lehen erabakietan adostasuna bilatuz”.
Hala ere, Goiekiko Administrazio Kontseiluan Beasaingo ordezkariak aurekatzeko “akordioa erdietsi” ondoren, “atzera” egin izana leporatu zien EAJko zinegotziei. Agirrek azaldu zuenez, Igor Eguren “Ordiziako alkatea EAJko zinegotziekin harremanetan jarri zen, berarekin adostasun bat lortuz”. PSE-EEko zinegotziak ere Bilduren proposamenarekin ados agertu zirela gaineratu zuen. Azaroaren 15ean egin behar zen osoko bilkuraren aurretik, ordea, jeltzaleek “giroa nahastu eta zerrenda hori baldintzapean” jarri zutela esan zuen.
Egoera horren aurrean, eta “kudeaketan hasi aurretik erakundeak blokeatzen ahalegintzea” ulertezina egiten zaie Beasaingo gobernu taldea osatzen dutenei. Jarrera horrekin, beasaindarrei “kalte larriegia” egiten dietela adiearzi zuen, “arazoak konpontzeko hautatuak izan garenak, arazo bihurtuz”. Horregatik, “hausnarketa egiteko” eskatu zien Agirrek gainerako zinegotziei, “kontsignak eta auskalo nolako estrategia politikoak albo batera utzi eta egoera zail hauetan erantzunak elkar hartuta bilatzeko”.
Bildu eta Aralar Goiekin ahalik eta partaidetza zabalena izatearen alde agertu ziren, baina aurrena lanean hasteko deia egin zuten, “dagoeneko dezenteko atzerapena” daramatela argudiatuta: “Administrazio Kontseilua osatzea da lehen lana eta, horretarako, gauzak ondo egin nahi baditugu, ditugun tresnez baliatu behar dugu”. Ondoren, sentsibilitate guztiei irekiko direla “inork zalantzan ez jartzeko” esan zuen, beraien “lan estiloa alderdi politiko, sindikal eta sozialen lankidetza bilatzea” dela azpimarratuz.
Adostasunik ez
Josi Insausti Hamaikabat alderdiko zinegotziak azaldu zuen Bilduk egindako proposamena ez zegoela alderdi guztien adostasunarekin eginda, “alderdi batzuei deitu ere ez baitzaigu egin”. Hala, alderdi guztien ordezkaritza bermatuko den edo ez zalantza agertu zuen Insaustik, eta orain arte Goiekin egon den “espiritua orain ere mantentzea” eskatu zuen. Izan ere, Insaustiren ustez, Bilduren proposamenak ispiritu hori “apurtu” egiten du, “lehen ere Sasietan gertatu zen moduan”.
Hau guztia aipatuta Bilduren proposamena “mahai gainean utzi” eta adostasun batera heltzeko nahia adierazi zuen: “Adostasunari, akordioari eta kontsentsuari erreferentzia egiten diozue, eta ikusita gure zonaldean ordezkaritza duten alderdi batzuei deitu ere ez diezuela egin, kontsentsu hori posibilitatzeko aukerarik zegoen edo ez galdetzeko ere ez, nik planteatzen dudana da proposamen hau mahai gainean uztea, eta zuk lidergoa hartzea kontsentsu batera iristeko prozesuari hasiera emateko”.
Goiekin egoteari uko
Hamaikaibateko zinegotziaren hitzekin bat egin zuen Aitor Aldasoro EAJko zinegotziak. EAJk negoziatu duen bakarra Goiekin alderdiko zein bi ordezkari egon izan dela esan zuen, orduan herri txikietako ordezkariekin eta PSE-EEkoekin hitzik egin gabe zeudela. “Bilduren proposamen orokorra iritsi zenean ikusi genuen ordura arte Goiekin zegoen espirituarekin puskatu zela”, gaineratu zuen.
Aldasororen ustez, “beste alderdi batzuei bide egiteko aukera dago, Bilduk gehiengoari uko egin gabe”. Horregatik, eta Goiekin ordezkaritza zabala egon dadin, aurretik hitz egin behar dela esan zuen Aldasorok, “ordezkaritza hori udaletatik bermatzen delako, ez Goiekitik”.
Estatutuetan oinarritutako proposamena
Bilduk bere proposamena egiteko, Goiekiko estutuetan idatzitakoa hartu duela kontuan azaldu zuen Agirrek: “Estatutuek esaten dute Beasainek hiru ordezkari izan behar dituela, Ordiziak bi, Lazkaok bat, eta beste bost herrik ordezkari bana. Ordezkari horiek zein alderditakoak izan behar diren ere Estatutuek markatzen dute, eta Estatutu horiek orain arte hor zeudenek egindakoak dira, ez dira guk markatutakoak”.
Goiekiko izendapenak ez dituela Beasiango Udalak erabaki edo blokeatu behar gehitu zuen alkateak, “hori Goiekin bertan zuzendu behar dela iruditzen zaigulako”. Udaletako ordezkarien zeregina, hori erraztea izan behar dela gaineratu zuen, “Goieki martxan jartzeko”.
Hala, estatutuak aldatzeko inongo arazorik ez zuten agertu ez Bilduko ezta EAJko ordezkariek ere. Baina Bildukoek gogoratu zuten maiatzaren 22ko hauteskundeetan Goierrin 23 alderdi aurkeztu zirela, eta EAJren irizpideak jarraituz, alderdi guztiak egon beharko liratekeela ordezkatuta: “Ez dut uste H1!, Aralar eta PP izan beharko zirenik ordezkatu beharreko alderdi bakarrak, herri txikietako alderdi independente asko ere kanpoan geratuko liratekeelako, eta horiek ez dut uste inor baino gutxiago direnik. Beasainen bertan ere hor dago Ezker Batua. Ez zuen zinegotzirik lortu, baina alderdi bezala hor dago. Horrek ere, zuek markatzen duzuenaren arabera, uste dugu lekua izan beharko lukeela, eta, orduan, 11 ordezkaritatik 23ra joan beharko ginateke”.













