Webgune korporatibo onenaren Buber saria jaso du 'lasterketak.com' atariak
Euskal Herriko herri lasterketen informazioa, emaitzak eta sailkapenak jasotzen dituen lasterketak.com webguneak jaso du blog edo webgune korporatibo onenaren Buber saria. Beasainen bizi den Alberto Mella bizkaitarrak sortu zuen webgune hori, eta ia egunero elikatzen du.
Atzo banatu zituzten sari horiek EITBren Bilboko egoitzan. Lasterketak.com webgunearekin batera, beste proiektu batzuk ere saritu dituzte, hala nola, herritarrei zerbitzurik onena ematen diena (justizia.net), software libreko aplikazio edo webgune onena (librezale.org), merkataritza arloko onena (deskontu.com) edo euskarazko proiekturik onena (Kulturize).
Goierritarra aldizkariak, hurrengo zenbakian, elkarrizketa egingo dio Alberto Mellari.













