
Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, eta Goierrin barrena hainbat eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte aitzakia hori hartuta. Urretxun, Gipuzkoako beste zenbait herritan bezala, Mintzodromoa ekimena egin dute gaur. Udaletxeko sarrerako aretoan, 50 bat lagun bildu dira, euskaraz hitz egiteko. Hori baita Mintzodromoa ekimenaren helburua, euskaraz hitz egitea.
Lauzpabost laguneko taldeetan banatuta, eta kafea, pastak eta bizkotxoa lagun ziztuztela, ordu betez hizketan aritu dira parte hartzaileak. Aurkezleak gaiak proposatu dizkie, eta horien inguruan mintzatu dira. Gai bakoitzeko, mahaiez aldatzen zen jendea, ondokora joan eta beste jende batekin hizketan hasteko. Denetariko jendea bildu du Mintzodromoak; gazteak, helduak eta edadetuak; euskaldun berriak eta zaharrak.
Abenduaren 17an, Beasainen
Mintzodromoa ekimenak bi aste barru izango du segida, Urretxun egin duten ekimen bera, Beasaina iritsiko baita abenduaren 17an. Gernika pasealekuan karpa bat jarriko dute horretarako. Ordubeteko bi saio egingo dituzte, aurrenekoa 17:00etan eta bigarrena 18:00etan. Izena emateko azken eguna gaur da; horretarako, 943 02 81 00 telefono zenbakira deitu edo
mintzalaguna@beasain.net posta helbidera mezu bat bidali behar da.