
Beasaingo Alkartasuna Lizeoko ikasleek eta Herriak Elkarlanean erakundeak Merkatu Txikia jarri dute gaur, egun osoan, udaletxeko plaza azpian. Elkartasun keinu bat izan nahi du azoka horrek, izan ere, bertan bildutako dirua Haitira eguzki lanparak bidaltzeko erabiliko dute. Arratsalde partean lasai antzean zebiltzan, baina eguerdi partean “jende dezente” etorri dela azaldu dute antolatzaileek. Merkatu Txikian, mota guztietako jostailuak, mozorroak eta jokoak daude salgai, baita liburuak, diskoak eta bidezko merkataritza produktuak ere. Gainera, eguzki lanparak erosi ahal izateko txartelak jarri dituzte salgai. Lanpara horiekin, Haitiko umeei etxean ikasteko aukera eman nahi diete, herririk gehienetan, ez baitute argindarrik. Lanpara horiek, egunez eguzkitan kargatu eta hiru orduz argia egiteko gai dira. Merkatu txikia arratsalde osoan egongo da zabalik, 20:00ak arte, udaletxeko plaza azpian.

Euskararen Nazioarteko Eguna baliatu dute Idiazabalgo Udalak eta bertako kirol taldeek, euskara bultzatzeko hitzarmena sinatzeko. Guztira, herriko hamabi kirol taldek parte hartu dute akordioa sinatzeko ekitaldian, eta bertan, eguneroko funtzionamenduan euskara erabiltzeko konpromisoa hartu dute. Festa kutsuko ekitaldia izan da, eta bazkari batekin bukatu dute eguna. Dani Oiarbide euskara zinegotziak azaldu duenez, “euskararen normalizazioaren bidean” beste pauso bat da gaur eman dutena. Izan ere, “badakigu Idiazabalen euskaraz bizitzeko aukera badugula, eta aprobetxatu egin behar dugu, baina ona da kontzienteak izatea eta orain egiten dugun hori etorkizunerako ere bermatuta gelditu dadin, honelako hitzarmenak egitea”. Kirol taldeek hartu dituzten konpromisoen artean, talde horien barne funtzionamenduan eta kanpora begira antolatzen dituzten ekitaldietan, “ahoz zein idatziz, gehiena euskaraz egitea” dago. Horrekin batera, taldeek egiten dituzten kartel, deialdi, gutun eta abarretan ere euskara lehenesteko konpromisoa hartu dute, baita antolatzen dituzten ekitaldi eta txapelketa ezberdinetan ere. Euskara bultzatzeko hitzarmena sinatu duten hamabi taldeak honakoak dira: Herri Kirol Taldea, Mendi Taldea, Mendi Lasterketa Taldea, Otxoa Elkartea, Atxurbide Pilotazale Elkartea, Herri Kros Taldea, Xake Taldea, Txirrindulari Taldea, Areto Futboleko taldeak, Bolazaleak, Idiazabal Futbol Taldea eta Eskola Kirola. Ginkanako sariak Ekitaldi berean, azken asteetan egin duten ginkanaren sariak ere banatu dituzte. Xabi Bosch euskara teknikariak azaldu duenez, “azkeneko zortzi [...]

Gasolina eta goma errearen usaina, motor hotsa eta abiadura. Autoen eta motor munduaren zaleek gozatu ederra hartu dute gaur Olaberrian. Izan ere, bertako karting zirkuituan antolatu duten Motor Festak jendetza bildu du. Deialdiak arrakasta izan duela...

Dagoeneko aukeratu dituzte Ormaiztegiko argazki lehiaketako argazkirik onena. Aurreneko saria, Iñaki Leturiak jasoko du, Zubipekoak gara argazkiari esker; 130 euro jasoko ditu Leturiak. Guztira 22 lan aurkeztu dituzte lehiaketa horretara, eta hiruk jaso dute saria. Horrela gelditu da sailkapena: Lehenengo saria: Iñaki Leturia Yurrita “Zubipekoak gara” (130 euro). Bigarren saria: Aloña Elorza Insausti “Bizitza aidean nire parean” (100 euro). Hirugarren saria: Isabel Soto “Udaletxea” (70 euro). Lehiaketara aurkeztutako argazkiekin, 2012ko egutegia egingo du Ormaiztegiko Udalak, herritarrei opari bezala emateko.



