Euskal preso politikoen aldeko ekintzak Santa Lutzi azokan ere
Asteartean Santa Lutzi azoka ospatuko da Urretxun eta Zumarragan. Presoen aldeko taldeak hainbat ekintza prestatu ditu egun horretarako.
Batetik, urteroko ohiturari jarraituz, bazkariak eskainiko dituzte Amalur elkartean. 13:00etan irekiko dute zerbitzua eta 15 euroren truke, patatak errioxar erara, babarrunak, xolomoa patatekin, oilasko iztarrak saltsan, postrea, edaria eta kafea hartzeko aukera egongo da.
Horrez gain, goizean zehar Areizaga-kalebarren plazan postua jarriko dute, pintxoekin, saldarekin eta presoei elkartasuna agertzeko saltzeko materialarekin. Zozketa bat ere egingo dute asteartean. Zozketarako txartelak goizean salduko dituzte bi herrietako hiru gune desberdinetan. Zozketa ere egun berean egingo dute, 14:30ean Areizaga-kalebarren plazan. Euskal produktuez osatutako saski bat emango dute saritan.














