Feriarik handienaren zain
Lau egun besterik ez da falta Urretxu eta Zumarragako kaleak bisitari, animalia eta festa giroz betetzeko. Santa Lutzi feria ospatuko da datorren asteartean bi herriotan, Euskal Herrian ospatzen den azokarik handien eta jendetsuena. Handiena, Urretxu eta Zumarragako kaleak eta inguruak gainezka egoten direlako egun berezi horretan, eta jendetsuena, zirrikitu gutxi izaten delako kalean eroso ibiltzeko. Eta mamitsuena ere bada, feria askok folkloreari soilik bide ematen dioten bitartean, Santa Lutzik traturako eta salerosketarako aukera eskaintzen dielako ganaduzaleei, zaldi azienden kasua batez ere.
Aparteko berritasunik ez dakar aurtengo Santa Lutzi feriak, baina atzerapausurik ere ez du egin. Zumarragako Urdaneta hiribidean zaldi aziendak presente egongo dira goizean goizetik, eta La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan nekazaritza tresnak. Zumarragako Euskadi Plaza eta Urretxuko Gernikako Arbola barazki eta fruituen, eta bestelako hamaika jakiren bilgune izango dira.
Kirolak ere izango du lekurik Santa Lutzi egunean. Ederrena pilotalekuak hartuko ditu horietako bi. 12:30ean, aizkolariak eta harrijasotzaileak ariko dira (Xabier Zaldua aizkolari zumarragarra tartean). Arratsaldean, berriz, profesionalen binakako pilota partidak izango dira. Bigarren partidan Martinez de Irujo eta Zabaletak, Aritz Lasa urretxuarraren eta Abel Barriolaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Eta 18:00etan, ohiko idi probak jokatuko dira Euskadi plazan.
Asteburua, girotzen hasteko
Astearteko egun handiaren aurretik, bai asteburuan eta baita astelehenean ere, ekitaldiak izango dira Urretxun eta Zumarragan. Bihar, Zelai Arizti aretoan, Luzio Gabiriaren omenezko bertso saioa izango da. Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzalluz eta Aitor Sarriegi beasaindarra ariko dira kantuan.
Etzi, berriz, herri kirol erakustaldia izango da Zumarragako Euskadi plazan. Hiru idi 2.700 kiloko harriarekin, zaldi bat 1.000 kilokoarekin eta 12 laguneko gizon taldea 2.700 kiloko harriarekin ariko dira lehian, 20 minutuan zeinek plaza gehiago egin.
Eta astelehenean, feria egunaren bezperan, Manuel Ruiz Arabar Errioxako XX. ardo azoka egingo da Urretxun. Iparragirre plazan 18:00etatik 21:00etara zabalduko dute azoka, eta udaletxean, berriz, ardo dastatzeak eta horien azalpenak emango dituzte, 20:00etan. Zer ikusi eta gozatua bada beraz Santa Lutzi bezperan.