Gutuna: Bere gain hartuko al du PNVk Majorin egindako kudeaketa “zorrotza”?
Harritu egin gaitu Ordiziako PNVk Majoriren inguruan argitaratutako gutunak. Lehenik eta behin, guk Igeriketa Lantzen enpresaren kudeaketa salatu dugulako, ez EAJ-PNVrena, nahiz eta nahikoa froga izan horretarako. Beraz, datorrena ikusita, badaezpadako jarrera erasokorra hartu dute. Bigarrenik, goraipatu nahi izan dute beren “jarraipen zorrotza” eta “kudeaketa kontrolatua”. Lan nekeza, benetan, ikusirik enpresak ehunka milaka euroko zorrak eragin eta porrot egin duela, eta EAJ-PNVren kudeaketarako utzikeria eta arduragabekeriak eragin oso kaltegarriak izango dituela Udalean (ekonomikoki, guztira ikuskizun oraindik). Hirugarrenik, harritu egin gaitu irakurtzeak maiatzean jada ezagutzen zutela egoeraren larritasuna. Hain kontrol zorrotza eramaten bazuten, nolatan orduan enpresak Gizarte Segurantzan 270.000 euroko zorra izan arren, abalatu zion Udalak 130.000 euroko mailegua? Orain, Udalak egin beharko dio aurre, besteak beste, abal horri. Nola liteke maiatzeko kontra kanona (132.000 euro) aurreratu izana? Nolako abalak eskatu zizkien enpresari? Nola kontrolatzen zituzten sarrera-gastuak? Zein inbertsio baimendu zuten? Benetan egoeraren larritasuna ezagutzen bazuten, are larriagoa da izan zuten jokaera. Neurri batean, ezagutzen ari gara zer erabaki hartu ziren eta horien ondorioak, baina PNVk argitu beharko du bere jokaera. Laugarrenik, Bilduri jakinarazi omen zioten zein zen egoera. Maiatzean esan ziguten gauza bakarra izan zen enpresak Udalarekin bildu nahi zuela, ez beste ezer. Eta ordudanik, ez datu bat, ez azalpen [...]
Harritu egin gaitu Ordiziako PNVk Majoriren inguruan argitaratutako gutunak. Lehenik eta behin, guk Igeriketa Lantzen enpresaren kudeaketa salatu dugulako, ez EAJ-PNVrena, nahiz eta nahikoa froga izan horretarako. Beraz, datorrena ikusita, badaezpadako jarrera erasokorra hartu dute.
Bigarrenik, goraipatu nahi izan dute beren “jarraipen zorrotza” eta “kudeaketa kontrolatua”. Lan nekeza, benetan, ikusirik enpresak ehunka milaka euroko zorrak eragin eta porrot egin duela, eta EAJ-PNVren kudeaketarako utzikeria eta arduragabekeriak eragin oso kaltegarriak izango dituela Udalean (ekonomikoki, guztira ikuskizun oraindik).
Hirugarrenik, harritu egin gaitu irakurtzeak maiatzean jada ezagutzen zutela egoeraren larritasuna. Hain kontrol zorrotza eramaten bazuten, nolatan orduan enpresak Gizarte Segurantzan 270.000 euroko zorra izan arren, abalatu zion Udalak 130.000 euroko mailegua? Orain, Udalak egin beharko dio aurre, besteak beste, abal horri. Nola liteke maiatzeko kontra kanona (132.000 euro) aurreratu izana? Nolako abalak eskatu zizkien enpresari? Nola kontrolatzen zituzten sarrera-gastuak? Zein inbertsio baimendu zuten? Benetan egoeraren larritasuna ezagutzen bazuten, are larriagoa da izan zuten jokaera. Neurri batean, ezagutzen ari gara zer erabaki hartu ziren eta horien ondorioak, baina PNVk argitu beharko du bere jokaera.
Laugarrenik, Bilduri jakinarazi omen zioten zein zen egoera. Maiatzean esan ziguten gauza bakarra izan zen enpresak Udalarekin bildu nahi zuela, ez beste ezer. Eta ordudanik, ez datu bat, ez azalpen bat. Enpresaren eskaera, berriz, iraileko kontra kanona aurreratzea izan zen! Jakina, zorrak ikusita, ardura osoz ezezkoa esan genion. Gainera, Gobernu talde honek bai izan dituela beste alderdiak une oro informatuta. Horren froga, Majori Kiroldegia SLren Administrazio Kontseiluaren aktak.
Bosgarrenik, bai PNVk (zeinak, Kontseiluko aktetan agertzen den moduan kontratua eteteko abiatutako neurriak babestu zituen), baita Majoriko langileek eta bilera informatiboetara joan ziren herritarrek, badakite arrazoi juridiko eta ekonomiko sendoak izan direla egin diren gestioak egin diren moduan eta garaian egiteko. Hartu diren erabakien helburu nagusienak ziren Udalaren ondasunak babestea (abalak berreskuratzea, kontratua Udalari interesatzen zitzaion moduan eta unean etetea, konkurtsoan ahalik eta egoerarik onenean sartzea eta kalte ekonomikoa txikitzea), zerbitzua bermatzea eta langileen lan egoera kaxkarrari irtenbidea aurkitzea.
Azkenik, garbi esan genuen auzia hain konplexua izanik (Ordiziaz gain, Aldundia eta Igeriketa federazioa ere tartean izan dira) eta zerbitzu publiko batzuei eragiten ziolarik, konfiantza politikoa eta beharrezko prestakuntza duen, eta Ordiziako kirol mundua eta polikiroldegia ondo ezagutzen dituen pertsona bat izendatuko genuela epe batez, auzia bideratzeko eta aztertzeko ea zein kudeaketa eredu den egokiena. Lan hauek amaitutakoan, bukatutzat emango dugu haren zeregina. Gainera, 2007tik Majoriren kudeaketako bi aroetan PNVk babestutako bi kudeatzaileek ez bezala, oraingoak publikoki bere lanaren berri emateko obligazio eta konpromisoa du.
Bere garaian, publikoki batzarretan agertu genuen zein ziren gure urratsak eta horiek emateko arrazoiak. Ardura politikoagatik ez genien zuzenean erantzun nahi izan herritarrek aurreko Gobernu Taldearen kudeaketaz eta arduraz agertutako kezka eta haserreari. Eta urtea amaitu aurretik, informazioa ematen jarraitu eta balorazio sakonagoa egiteko konpromisoa ere hartu genuen. Orain, horretarako momentua iritsita, ordiziar guztiei deia egiten diegu hilaren 19an arratsaldeko 19:30ean udaletxeanburutuko den batzarrean parte har dezaten. Pozik asko kontrastatuko dugu geure informazioa PNVrekin eta Joseba Ormazabal jaunarekin. Jakina, gonbidatuta daude. Agertuko al dira!
Igor Eguren eta Belen Maiza. Ordiziako Bilduren udal gobernua