Santa Lutzi azoka itzaltzen doa Urretxun eta Zumarragan
Badoa itzaltzen Santa Lutzi feria. Eguerdia luzatu ohi da gaurko egunean, urtero. Barazki eta fruta postuak ixten hasten dira. Arratsaldeko lehenengo orduetan amaitutzat eman daiteke. Geratzen zaizkion orduetan orotariko merkatuaren itxura hartuko du; akaso ohikoak baino merkatu handiagoa. Horrela egingo ditu azken orduak gaurko feriak ere.
Guztira, 166 abelburu saldu dituzte azokan. Moxalak izan dira gehienak, ferian zeuden 111 moxaletatik 72. Salmentak, batez ere, goizeko hamarretatik aurrera egin dituzte.
«Hau ez da lehengoa, Galiziatik eta Valentziatik ganaduzale ugari zetorren. Gaur, bi balentziar baino ez ditut ikusi», esan du ganaduzale batek. Moxalen atzetik, astoak (27) eta ahuntzak (29) saldu dituzte gehien.
Abereez gain, Santa Lutzi azokaren beste bereizgarria da frutaren eta barazkien erakusketa eta salmenta. Goierriko ekoizle ugari bildu ditu, Zumarragako Euskadi plazako arkupeetan eta Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Sariketetan parte hartu dute horietako askok eta askok irabazi egin dute.
Joan
Argazki galeria





































