Urretxuko udal gobernuak preso politikoen aldeko baraualdia egingo du bihar
Urretxuko udal gobernu osoak preso politikoen eskubideen aldeko baraualdia egingo du bihar. 12:00etan elkarretaratzea egingo dute Iparragirre plazan.
Normalizaziora bidean «erronka berriak» bultzatzeko espetxe politika zaharra bertan behera uztea «ezinbestekoa» dela azaldu dute. Sakabanaketarekin «amaitzea» eta presoak «terrorismoaren aurkako estrategiatik ateratzea» ere bide berean kokatu dituzte. Eskari hauek gaur egungo egoeran «indar berria» hartu dutenaren ustea ere agertu dute.
Azken hilabeteetako «gertakari esanguratsuak»” aipatuz, gatazka politikoari «irtenbide demokratiko bat» bilatzeko «aukera berriak» zabaldu direla esan dute. Pausuak emteko txanda orain «estatuena» dela diote ohar berean, baina, «zoritxarrez, momentuz ez dirudi borondate ona dutenik, zabaldutako prozesuan oztopoak jartzeko asmoak daudela somatzen baita» esan dute.
Aieteko adierazpenean nazioarteko komunitateak estatuari «aipamen argia» egin ziola azaldu du udal gobernuak, «ETA erakundearekin elkarrizketak bideratzeko urratsak zehazteko interpelazioa egin zionean». Esan dutenez, «ETAk bere urratsa eman ondoren», Euskal Herriko gizartea «estatuaren zain» aurkitzen da. Zain egote horri aurre egiteko, gizartea «mobilizatu» beharra aipatu dute, «normalizazio politikoaren bidean euskal preso politikoen eskubideen errespetua oinarrizko erronka eta aldarrikapena da, eta ikuspuntu politikotik, ezinbesteko urratsa».
Jarraitu dutenez, «euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe politika konfrontaziorako estrategia gisa erabili eta erabiltzen da oraindik», eta hori «onartezina» dela salatu dute. hainbat urrats ere proposatu dituzte «politika horrekin»” amaitzeko:
• Preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, baldintzarik gabe
• Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea
• Preso prebentiboak, epaiketaren zain daudenak, behin behineko askatasunean uztea
• Parot doktrina izenarekin ezagutzen den legedia indargabetzea
• Zigorraren 3/4ak bete duten presoei baldintzapeko askatasuna ematea
• Espetxe onurak aplikatzea, murrizketarik eta arbitrariotasunik gabe
Honekin batera, urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deialdiarekin bat egin du udal gobernuak.
Abenduaren 29an ospatuko duten udalbatzarrean ere gai berari lotutako mozio bat aurkeztuko dutela iragarri du udal gobernuak.
Santa Lutzi eguneko zozketa
Bestetik, Santa Lutzi eguneko presoen aldeko zozketan 338 zenbakiak jasoko du saria. 943723876 telefonora hots eginda eskuratu ahalko du irabazleak.














