Presoen aldeko manifestazioa babesteko bideo bat egingo dute
Urtarrilaren 7an euskal presoen eskubideen alde Bilbon egingo den nazio manifestazioari babesa adierazteko bideo bat grabatzeko deia egin die Ordiziako Egin dezagun bidea taldeak herritarrei. www.kolosalaizangoda.info helbidean atxekimendua ere eman da...
Urtarrilaren 7an euskal presoen eskubideen alde Bilbon egingo den nazio manifestazioari babesa adierazteko bideo bat grabatzeko deia egin die Ordiziako Egin dezagun bidea taldeak herritarrei. www.kolosalaizangoda.info helbidean atxekimendua ere eman daitekeela adierazi dute taldeko kideek, baina babes hori zabalagoa dela adierazteko eta ahalik eta eragile gehienengana iristeko erabaki dute bideoa grabatzea.
Euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, Parot doktrina bertan behera uztea, zigorraren hiru laurdenak dituzten presoak aske uztea, gaixo larriak etxeratzea eta espetxe politika konponbiderako giltzarri izatea eskatuko dute bideoan. «Estatuek preso dauden herritarren eskubideak errespetatzea eskatzen dugu».
Gaurko eta biharko deialdiak
Bideo horretan atera nahi dutenek eragileek gaur eta bihar izango dute aukera. Gaur, 13:00etatik 15:00etara, tabernariak eta dendariak elkartuko dira plazan; udal langile eta zinegotziak leku berean elkartuko dira, 16:00etan; hurrengo deialdiak Barrena izango dira: 17:00etan, irakaskuntzako langileak; 17:30ean, hizkuntza eskolako ikasleak; 18:00etan, osasun arlokoak; 19:00etan, preso ohi eta senideak; eta 20:00etan alderdietako eta sindikatuetako ordezkariak. Bihar, berriz, 16:30ean, San Jose egoitzako langileek dute hitzordua; 17:30ean kirolariek frontoian; 18:00etan gaztetxeko kideek; eta 19:30ean kultur arlokoek eta musikariek Barrenan.
Larunbatean bigarren aukera
Egun eta ordu horietan ezin dutenek, etzi izango dute bideoan parte hartzeko aukera, 13:00ean, plazan. Aurrez, 11:00etan, batzar irekia egingo dute Barrenan.













