Goi tentsioko lineak ez duela "inongo justifikaziorik" esan dute Goierriko 11 udalek
Goierriko hainbat udalek diote Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso artean eraiki nahi duten 120 kilometroko goi tentsioko lineak interes orokorrerako ez duela «inongo justifikaziorik». Hala, autobide elektrikoari desadostasuna agertzeko mozioa onartu dute Zerainen, Araman, Mutiloan, Seguran, Ormaiztegin, Itsasondon, Gaintzan, Urretxun, Ordizian, Gabirian eta Legazpian.
Proiektu berri hori Gasteiz-Muruarte linea ordezkatzera dator, zeina ingurumenari eragiten zizkion kalteengatik eta proiektuak sortu zuen jendarteko kontrakotasunagatik baztertua izan zen. Goierriko Udalek jakitera eman dutenez, linea berriaren ezaugarriak aurrekoaren antzekoak dira: 42-46 metroko altuera duten dorreak jartzeko asmoa dute, bata bestearengandik 400-500 metroko distantziara.
Udalen iritziz, ingurumenarekiko eta paisaiarekiko izango duen eragina «ez da onargarria, kontuan hartzen diren 19 zatietatik 17tan babestutako eremu edota espezieren baten gain eragina izango baitu. Ondorioz, proposatzen diren 69 aukeretatik bat berak ere ez lituzke beteko gutxiengo baldintzak, ingurumen ikuspegi batetik».
«Osasunean eragina»
Udalek diotenez gauza bera gertatzen da osasunean eragina duten eremu elektromagnetikoekin, «aukera desberdinetatik bat berak ere ez baititu betetzen Europar Batasunak aholkatzen dituen badaezpadako distantzia irizpideak. Zehazki, 19 zatietatik 14tan herri guneak daude 500 metroko distantzia baino gutxiagora, Nafarroako eta Gipuzkoako 43 herri, hain zuzen».
Udalek salatu dutenez, guzti horri zenbait arlotan dagoen «informazio eskasi larria» erantsi behar zaio, «ez baitakigu goi tentsioko lineak esaterako, esparru sozio-ekonomikoan eta aisialdi eremuan zein turismoan zer nolako eragina izango duen».
Guzti horregatik, Goierriko udal horiek onartutako mozioaren arabera, goi tentsioko linearekin eta Deikaztelun aurreikusten duten azpiestazioaren proiektuarekin erabateko desadostasuna agertu dute, baita Red Eléctrica de España S.A.-ren Hasierako Dokumentuan ageri diren balizko pasabide guztiekin ere. Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Batzar Nagusiei, EAEko Gobernuari zein Parlamentuari eta Ingurumen eta Nekazaritza eta Itsas Ministerioari aipatutako proiektuari ezezkoa eman diezaioten eskatu diete, «interes orokorrerako oinarrizkoak diren eremuetako paisaian eta ingurumenean onargarriak ez diren ondorioak izan ditzakeelako».
Azkenik, akordio hori instituzio horiei bidaltzeaz gain, komunikabideen bitartez publiko egiteko konpromisoa ere hartu dute Goierriko udal horiek.