Olentzero AHTren lanetan
Olentzero AHTren eraikuntza lanetan izan da gaur goizean, Ikaztegieta eta Legorreta artean. ELA sindikatuak jakitera eman duenez, bisita horren bidez «lan horietan dauden segurtasun neurri kaskarrak eta lan baldintza txarrak salatu nahi ditu». ELAk aipatu duenez, obra horietan ez dute hitzarmena aplikatzen, eta kasu askotan 12 lan-ordu baino gehiago egiten dituzte langileek. “Horri gehitu behar zaio, obra horien arduradunek sindikatuoi jartzen dizkiguten oztopoak, lan baldintzen eta segurtasuneko neurrien jarraipen on bat egiteko helburuarekin joaten garenean, ez baitigute uzten zenbait lekutara sartzen”. Hori guztia, Eusko Trenbide Sarearen eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailaren babesarekin gertatzen da ELAren arabera “beraien interes bakarra, lan hauek ahalik eta azkarren bukatzea izanik”.
Ikatza partitu du
Bisita horretan Olentzerok langileei Eraikuntzako lurraldeko hitzarmena banatu die eta lanari, osasunari eta segurtasun neurriei buruzko informazioa ere eman die. ETS enpresari eta Eusko Jaurlaritzari berriz, ikatza utzi die AHTren eraikuntzako instalazioetan, protesta moduan «bertako lan baldintza penagarrien errudunak izateagatik. Onartezina da, langileriaren lan eta segurtasun baldintza duinen gainetik interes ekonomikoak gailentzea”. Ildo horretatik eskakizuna egin diote Eusko Jaurlaritzari eta ETS-ri: “obra hau ez dadila izan lan eskubideen urraketa eta zapalkuntza gune”.