Barandiaran ez dute ahaztu
Ataungo mugak aise gainditu zituen Joxe Migel Barandiaran Aierbek (Ataun, 1889-1991). Historiaurrearen azterketek Euskal Herri guztira eraman zutelako, eta ateratako ondorioek nazioartean ospea dutelako. Baita euskal mitologiaren azkeneko biltzaile izan zelako ere, sinesmen zaharren mundua azkenetan harrapatu zuenean. Atzo hogei urte ziren hil zela. 1991ko abenduaren 21ean zendu zen, 102 urte betetzeko hamar egun falta zitzaiola. Barandiarani zaion estimua ere izena adina zabaldua da Euskal Herrian. Ataunen hari eskainitako museoa zabadu zuten iaz, herriko eskolak haren izena du –baita Leioakoak ere, Bizkaian–. Ataunen bertan, herriko seme kutun ohorea eman zioten, eta herriko elkarte guztietan ohorezko bazkide zen. Baina kulturaren, historiaren nahiz antropologiaren esparruetatik kanpora ere badu sona Barandiaranek. Auzo herrietan, Ordizian plaza baten izena du eta Lazkaon 1985ean eraikitako kiroldegiak ohore egiten dio, bai izenez, bai apaingarritarako elementu arkitektonikoekin. Lazkaoko kiroldegiaren komunikazio-dorrea da adierazgarri bat. Sarrera nagusia eta goiko solairuetara joateko eskailerak nahiz igogailuak dituen 30 metro altuko eraikuntzan urrutitik ikus daiteke Joxemiel Barandiaranekiko lotura. Gauez, batez ere. Barandiaranen gorputz isla irudikatzen du etxaurreak, altzairuzko xafletan goitik beherako ebaketa eginda. Alboan, haren amak esan zion esaldi baten inskripzioa ipini dute, altzairuan ebakita hori ere. Gauez zirrindarak argitu egiten dira, isla urrutitik nabaritzeko. Esaldia transkripzio literalean idatzi dute xaflazko horman, goitik [...]
Ataungo mugak aise gainditu zituen Joxe Migel Barandiaran Aierbek (Ataun, 1889-1991). Historiaurrearen azterketek Euskal Herri guztira eraman zutelako, eta ateratako ondorioek nazioartean ospea dutelako. Baita euskal mitologiaren azkeneko biltzaile izan zelako ere, sinesmen zaharren mundua azkenetan harrapatu zuenean.
Atzo hogei urte ziren hil zela. 1991ko abenduaren 21ean zendu zen, 102 urte betetzeko hamar egun falta zitzaiola.
Barandiarani zaion estimua ere izena adina zabaldua da Euskal Herrian. Ataunen hari eskainitako museoa zabadu zuten iaz, herriko eskolak haren izena du –baita Leioakoak ere, Bizkaian–. Ataunen bertan, herriko seme kutun ohorea eman zioten, eta herriko elkarte guztietan ohorezko bazkide zen.
Baina kulturaren, historiaren nahiz antropologiaren esparruetatik kanpora ere badu sona Barandiaranek. Auzo herrietan, Ordizian plaza baten izena du eta Lazkaon 1985ean eraikitako kiroldegiak ohore egiten dio, bai izenez, bai apaingarritarako elementu arkitektonikoekin.
Lazkaoko kiroldegiaren komunikazio-dorrea da adierazgarri bat. Sarrera nagusia eta goiko solairuetara joateko eskailerak nahiz igogailuak dituen 30 metro altuko eraikuntzan urrutitik ikus daiteke Joxemiel Barandiaranekiko lotura. Gauez, batez ere. Barandiaranen gorputz isla irudikatzen du etxaurreak, altzairuzko xafletan goitik beherako ebaketa eginda. Alboan, haren amak esan zion esaldi baten inskripzioa ipini dute, altzairuan ebakita hori ere. Gauez zirrindarak argitu egiten dira, isla urrutitik nabaritzeko.
Esaldia transkripzio literalean idatzi dute xaflazko horman, goitik behera.Goierrieraz eta hizketako ebakera errespetatuta utzi dute. Kaligrafiaz ere Barandiaranek eskuz idatzitakoaren erreprodukzioa da altzairuan nabarmentzen dena, antza mantentzeko: Ikuste al dittuk saar arbola hok? Zenbat eta betegok, urdun da apalagok (Ikusten al dituk sagar arbola hauek? Zenbat eta beteagoak, orduan eta apalagoak).
Joxemiel Barandiaran mutiko zela ama Maria Antoniak esan zion, etnografoak ondoren bere idatzietan gogoratu zuena. Barandiaran 14 urterekin Perune-Zar sortetxetik Baliarraingo prezeptoriara joan zen humanitateak eta latina ikastera. Urte batean bi kurtso atera zituen, nahiz gaztelaniaz ondo moldatu ez. Gasteizko apaiztegian egin zioten kurtso bukaeran azterketa, eta «gaztelania baino latina gehiago» zekien arren bi kurtsoak batean aprobatu zizkioten.
Pozaren pozez, lagun batzuekin trenean etorri zen Gasteiztik Goierrira, eta suziriak botaz iritsi zen Ataunera. Azken etxafleroa etxera iritsi aurretxoan bota zuen. Amak, mutikoaren laineza ikusita eta umiltasun lezioa eman beharrez, sagarrondoaren metafora ipini zion, Lazkaoko kiroldegian irakur daitekeena.
Erlijiotasun bizikoa zuen Barandiaranek ama, eta harengandik jaso zituen lehen irakatsiak. Baliarrainen bigarren ikasturtea hasi eta Gabonetan hil zitzaion ama, Maria Antonia Aierbe.
Kirol eremuan aipamen ugari
Joxemiel Barandiaran Kiroldegian jarri duten inskripzio eta irudi horiekin instalazioak hasieratik eduki duen erreferentzia borobildu dute, nolabait. Ez baita Barandiaranekin zerikusia duen keinu bakarra.
Barruko igerilekuen eta gimnasioaren parean, kalerantz dagoen hormigoizko egitura da lehenbizi jarri zuten laudorioa, kiroldegia eraiki zutenean. Trikuharriaren alegoria da, Barandiaranek ikerketetan hainbeste aztertu zituena.
Bestetik, iaz zabaldu zituzten kanpoko igerilekuen formak ere erreferentzia egiten dio etnografo ataundarrari. Ur putzuen forma Osinbiribilgo harrespilaren (Oiartzun) formaren berdina da, Barandiaranek industu zuena.
Joxemiel Barandiarani haren amak 1904an emandako lezioa:
«Ikuste al dittuk
saar arbola hok?
Zenbat eta betegok
urdun da
apalagok»
Ataungo eskolakoek bihar gogoratuko dute aitzindaria, hilobira bisita eginda
Ataunen joan diren bi hilabeteetan ekitaldi batzuk burutu dituzte Joxemiel Barandiaranen gomutan. Fundazioak, adibidez, azaroan Ataunen egin zuen konferentzia-zikloko lehen saioa, ondoren Hego Euskal Herriko lau hiribiruetara eramateko. Atauniker elkarteak ere Jentilbaratzera egin zuen irteera gidatua.
Heriotzaren 20. urteurrenean, Ataungo Joxemiel Barandiaran Herri Eskolako haurrek izango dute aukera, ikastetxeari izena eman zion pertsonaiaz gehiago ikasteko. San Martindik San Gregoriora oinez joango dira, bihar, Lehen Hezkuntzako neska-mutilak. Bidean Sara etxea, museoa eta Barandiaranen hilobia bisitatuko dituzte. Haur Hezkuntzakoek ipuin kontalaria izango dute.
Bestetik, txorimalo edo kuso erakusketa antolatu dute eskolan. Pertsonaia mitologikoak islatu dituzte haurrek.