Nerea Manzisidor eta Alazne Elortza
“Helburu hezitzaileak dituen aisialdia eskaintzen du Aisihezi elkarteak” 2010eko ekainean sortu zuten Nerea Manzisidor eta Alazne Elortza beasaindarrek Aisihezi aisialdi elkartea. 7 lagun ari dira lanean. Momentu honetan, Beasaingo Txelotxe eta Berritsu ludotekak, Eizu Gaztelekua eta Olaberriko Kometa ludoteka kudeatzen dituzte, baina Goierrira eta esparru berrietara ere zabaldu nahi dute beraien eskaintza. Adibidez, “Beasaingo abenduko liburu eta disko azokan zerbait egin nahi zen eta zer ekarri pentsatzen aritu ziren. Ez dago kanpotik ezer ere ekarri beharrik, guk geuk egin dezakegu. Gu prest gaude. Askotan ez da diru askorik behar gauzak egiteko, irudimenarekin gauza politak egin daitezke”. Zein helbururekin sortu da Aisihezi elkartea? Eremu ezberdinetan helburu hezitzaileak dituen aisialdia eskaintzea da gure helburua. Proiektu hezitzaile ezberdinak garatzeko sortu da Aisihezi. Lan ildo eta helburu ezberdinak ditugu. Haurren aisiarekin lotutako edozein zerbitzu ematen dugula. Goierrira zabaldu nahi dugu zerbitzu eskaintza. Festetako haurrentzako ekintzaren bat antolatu nahi bada, etor daitezela guregana. Zein zerbitzu eskaintzen duzue? Hiru zutabetan banatzen da gure zerbitzua. Batetik, zerbitzuen kudeaketa. Espazioetako diseinu proiektuak, proiektu zehatzak… Bestetik, jai dinamizazioa eskaintzen dugu, tailerrak, eskulanak, jolasak, jolas kooperatiboen inguruko tailerrak. Jolas dinamizazioaren barruan jolas erraldoi batzuk egin ditugu. Egurrezko jolasak dira eta herri ezberdinei eskaintzea da gure asmoa. Loinatz auzoko jaietan estrenatu [...]
“Helburu hezitzaileak dituen aisialdia eskaintzen du Aisihezi elkarteak”
2010eko ekainean sortu zuten Nerea Manzisidor eta Alazne Elortza beasaindarrek Aisihezi aisialdi elkartea. 7 lagun ari dira lanean. Momentu honetan, Beasaingo Txelotxe eta Berritsu ludotekak, Eizu Gaztelekua eta Olaberriko Kometa ludoteka kudeatzen dituzte, baina Goierrira eta esparru berrietara ere zabaldu nahi dute beraien eskaintza. Adibidez, “Beasaingo abenduko liburu eta disko azokan zerbait egin nahi zen eta zer ekarri pentsatzen aritu ziren. Ez dago kanpotik ezer ere ekarri beharrik, guk geuk egin dezakegu. Gu prest gaude. Askotan ez da diru askorik behar gauzak egiteko, irudimenarekin gauza politak egin daitezke”.
Zein helbururekin sortu da Aisihezi elkartea?
Eremu ezberdinetan helburu hezitzaileak dituen aisialdia eskaintzea da gure helburua. Proiektu hezitzaile ezberdinak garatzeko sortu da Aisihezi. Lan ildo eta helburu ezberdinak ditugu. Haurren aisiarekin lotutako edozein zerbitzu ematen dugula. Goierrira zabaldu nahi dugu zerbitzu eskaintza. Festetako haurrentzako ekintzaren bat antolatu nahi bada, etor daitezela guregana.
Zein zerbitzu eskaintzen duzue?
Hiru zutabetan banatzen da gure zerbitzua. Batetik, zerbitzuen kudeaketa. Espazioetako diseinu proiektuak, proiektu zehatzak… Bestetik, jai dinamizazioa eskaintzen dugu, tailerrak, eskulanak, jolasak, jolas kooperatiboen inguruko tailerrak. Jolas dinamizazioaren barruan jolas erraldoi batzuk egin ditugu. Egurrezko jolasak dira eta herri ezberdinei eskaintzea da gure asmoa. Loinatz auzoko jaietan estrenatu genituen, eta arrakasta izan zuten. Oso erakargarriak eta deigarriak dira.
Hirugarren atal bat ere hasi gara jorratzen: zaintza zerbitzua. Ikastetxeei, enpresei edo elkarte ezberdinei eskaini nahi diegu: hitzaldi bat, bilera bat, jardunaldi bat… edo antolatzen dutela, gu arduratuko ginateke umeak zaintzeaz.
Aisialdi hezitzailea diozuenean, hezitzaile horrekin zer esan nahi duzue?
Lau zutabetan banatzen ditugu aisiaren helburuak. Aisialdian ongi pasatzea da helburu, espazio ludiko bat da eta. Batetik, sormena, irudimena, komunikatzeko gaitasuna lantzea eta nola ez, hizkuntza helburuak lantzea da beste helburu multzoa. Errealitate ezberdinak daude eta gure lana motibaziora bideratzen da, gero erabilpenean eragina izan dezan. Motibazioa indartu nahi dugu. Helburu sozialak ere baditugu, kultura artekotasuna, edo ezinduen integrazioa taldean.
Beasaingo bi ludotekatan eta Gaztelekuan eta Olaberriko ludotekan ari zarete dagoeneko lanean. Goierri osora zabaldu nahi duzue zuen eskaintza.
Gipuzkoa mailan ez dakit enpresa handi dauden, ia dena hartu nahi dutenak. Falta dena da, herriko elkarte txikien presentzia. Ordizia Hitzaro euskara elkartearen lan ildo bat da, baina zuzenean aisiari zuzendutako elkarte txikiak badaude, baina ez dira iristen herriko kudeaketa bat eramatera.
Guri garrantzitsua iruditzen zaigu, bertakoak izatea kudeaketa eramango dutenak, errealitatea ezagutzen dugulako. Donostiako enpresa handi bat kontratzen baduzu, arduraduna hilabetean behin etorriko da, hemen langileak izango ditu… Guk aisialdi hezitzaile horren bidean, garrantzitsua iruditzen zaigu bertakoak izatea, ezagutzea. Gu aurretik ere bertako langileak izan gara eta horrek ziurtasuna ematen zigun.
Beasainen oinarrituz, ludotekan ekintza ezberdinak egiten dituzue, bai ludotekan bertan, bai ludotekatik kanpo. Ludoteka ibiltaria adibidez.
Igartza auzoan ludotekarik ez dagoenez, ludoteka Igartza auzora eramaten dugu. Urtean bi larunbatetan, ludotekako espazio guztiak hartu eta Igartza auzora eramaten ditugu. Iaz hasitako ekimena aurten ere errepikatu nahi dugu. Auzotarrek eskertu egin dute.
Jostailuen mailegutza ere eskaintzen dugu. Otsailean jostailuen mailegutza jarri genuen martxan. Jostailuen katalogazioa egin genuen. Jostailu bakoitzak fitxa bat dauka. Adin tartea, zenbat lagunek jolastu dezaketen, zenbat fitxa dauzkaten, zein helburu dauzkan, zer lantzen duen… Hilabeteko lehenengo astean, bazkideek, etxera eramateko jostailu bat hartzeko aukera daukate. Hilabete horren amaieran bueltan ekarri behar dute. Liburutegiko mailegutza zerbitzua bezala da. Joko batzuk, merkatuan ikusten ez ditugunak dira. Kooperatiboak adibidez. Eta horri bide eman nahi diegu, gurasoek ere ezagutu ditzatela, etxean horrelako jolasak edukitzeko aukerarik ez duenari aukera emanez. Arrakasta izan du. Etorkinentzako egitasmo bat ere badugu, integrazioaren inguruan.
Gurasoekin ere lanketaren bat egiten omen duzue.
Guraso txokoa daukagu, ludotekako dinamikan. Gurasoak ere pixka bat inplikatzea nahi dugu, espazioa ezagutzea, eta partaide izatea neurri batean. Behar bat ikusi dugu, gurasoek hemen zein lan egiten den jakiteko. Guraso txokoaren barruan, gurasoak jolasera ekimena egiten dugu: hilabeteko azkeneko astean, gurasoak gonbidatzen ditugu beraien haurrekin jolasera etor daitezen eta ludotekan egiten den lana ezagutu dezaten. Aurrera begira, gurasoen nahien arabera, gai zehatzen baten inguruko hitzaldiren bat egitea nahiko genuke.
Eizu Gaztelekuaren kudeaketaz ere arduratzen zarete.
Umeak lau urtetatik ezagutzen ditugu. Eta gure prozesua 16 urtetan bukatzen da. 4-16 urte bitartean, zerbitzuen jarraipena ematen da. Orain arte Gaztelekua aparte zihoan. Garrantzitsua ikusten genuen aisialdiko eremu horretan bilakaera bat ematea, lan koordinatu bat izatea: helburu berdinak, norabide berdinak, koordinazioa egotea espazioen artean.
Gaztelekua egun gehiagotan irekitzen duzue orain.
Aurtengo berrikuntza hori da. Orain artean Gaztelekua asteburuetan bakarrik irekitzen zen. Iaz ostiraletan irekitzen hastea lortu genuen eta aurten, ostegunetan ere bai. Ludotekan aste guztiko eskaintza egiten da, eta han ere bai ahal den neurrian zabaltzea. Ez dadila izan asteburuko eskaintza bakarrik. Ematen zuen gazteak jolas areto batera joaten zirela. Lanketa horiek egiteko, hezitzaileekin harremana egiteko-eta, eskaintza zabaltzen joatea beharrezkoa ikusten genuen.
Zer moduz hartu dute gazteek eskaintza hori?
Ondo. Espazioa beraiena dela ulertzea nahi dugu. Konpromisoak eta ardurak har ditzatela. Ekintza bat egitea erabakitzen badugu, sukaldaritza adibidez, hezitzaileekin batera erosketak egiteko ardura har dezatela. Beraiek proposatu izan dituzte ekintzak, Kartingera joatea adibidez. Antolatu genuen eta ez zen inor etorri. Konpromisoa edo ardura hartzea asko kostatzen zaie. Hortan eragin nahi dugu.
Azaroaren bukaerarako egitasmo berri bat ere badaukazue, jostailuen truke azoka.
Azaroaren 25ean eta 26an jostailuak trukatzeko aukera eman nahi dugu. (Goierrithartxon dago informazio zehatzagoa).