Nola... -(en)
Noiz ondo eta… noiz ez hain ondo?
Errepara diezaiogun ondorengo esaldiari:
Leire, nola sukarra duen, gaur ez da ikastolara etorri.
Esaldi horretan ikastolara ez joateko arrazoia eman dugu, baina modu txukunean adierazi ote dugu euskaraz? Ez, bada! Izan ere, nahiz eta askotan entzun ditugun horrelakoak, erabilera hori gaztelaniaren kalko hutsa baita! Ikusi bestela:
Leire, como tiene fiebre, no ha venido a la ikastola.
Nola esan behar ote dugu zuzen? Bada, horrela:
Leire, gaixo dagoenez (gero), ez da gaur ikastolara etorri.
Ondorengoak ere egokiak dira arrazoia edo “kausa” adierazteko:
Leire ez da ikastolara etorri, gaixo dago eta.
Leire ez da ikastolara etorri, gaixo baitago.
Honek guztiak zer esan nahi du… “Nola–(e)n” beti gaizki dagoela? Ez! Txukun askoa da beste hainbatetan! Hona zenbait adibide:
- Aitona Alejandrok baserrian sagardoa nola egiten zuten azaldu digu. Esaldi honi dagokion galdera hauxe da: Nola egiten zuten sagardoa?
- Anek Aste Santuan nola Extremadurako herri batera joan ziren esan zigun atzo (=Extremadurako herri batera joan zirela esan zigun).
- Uda partean ere joango direla esan dit, nola eta ez duen bero handiegirik egiten (=bero handiegirik egiten ez badu).
ZUZENDU, BEHAR IZANEZ GERO…
- Jonek logaritmoak nola erabiltzen dituen (nolako baliabideak erabiltzen dituen) komentatu digu.
- Izeba Marijek nola Txinatik neskatila bat ekarriko duten esan dit.
- Bihar, nola jai izango den, ez naiz goizeko hamarrak arte ohetik altxatuko.
- Pellori, nola eta ez den txintxo portatzen, ez diote gurasoek litxarreriarik erosiko.
- Esaldi hauek guztiak ondo dauden jakin nahi dugu!
OHARRA: 3. esaldian “jai izango denez” behar du!