Goierriko lantegiak euskararen alde elkarlanean
Ampo, Caf, Ederfil-Becker, Eredu, Hertell, Irizar eta Orkli lantegiak euskararen normalizazio bidean indarrak baturik Euskararen Nazioarteko egunean aurkeztu zen Ingudea, Goierriko lantegien euskara batzordea. Ampo, Caf, Ederfil-Becker, Eredu, Hertell, Irizar eta Orkli lantegik osatzen dute momentuz Ingudea. Euskara lanabes hartuta, elkarlanean, lan munduan euskararen erabilera normalizatzeko bidean pausoak ematea dute helburu, lantegietan zein gizartean eraginez Ingudea metal arloan erabiltzen den lanabesa da, burdina landu eta forma emateko erabiltzen dena. Ingudearen metafora erabili dute Goierriko zazpi lantegik, euskararen alde lanean jarraitzeko sortu berria duten taldeari izena jartzeko. Ingudea taldearen izenean aurkezpena egin diguten Ampoko Ainara Arzelusek eta Orkliko Andoni Zubeldiak kontatu digute izenaren xehetasuna: “euskara lanabes ibili nahi dugu. Euskara ingudean landuz, euskarari forma emateko. Ingudea berez, metala lantzeko da, metalari forma emateko da eta hortik hartu dugu ideia”. Goierriko zazpi enpresek eta kooperatibek osatzen dute Ingudea: Ampo, Caf, Ederfil-Becker, Eredu, Hertell, Irizar eta Orkli. Momentuan, zazpi lantegi elkartu dira, 5.000 langile hartzen dituen zazpi gune. Dena den, gehiago izatea ere nahi dute. “Indar metaketa horrek hazten jarraitu nahi du eta horretarako ateak zabal-zabalik dituzte bertaratu nahi duten. Gonbidapena luzatzen diegu Goierriko enpresa guztiei”, diote Zubeldiak eta Arzelusek. Erritmo eta errealitate ezberdinak, helburu bera Bakoitzak bere erritmoan, euskararen erabilera areagotu eta [...]
Ampo, Caf, Ederfil-Becker, Eredu, Hertell, Irizar eta Orkli lantegiak euskararen normalizazio bidean indarrak baturik
Euskararen Nazioarteko egunean aurkeztu zen Ingudea, Goierriko lantegien euskara batzordea. Ampo, Caf, Ederfil-Becker, Eredu, Hertell, Irizar eta Orkli lantegik osatzen dute momentuz Ingudea. Euskara lanabes hartuta, elkarlanean, lan munduan euskararen erabilera normalizatzeko bidean pausoak ematea dute helburu, lantegietan zein gizartean eraginez
Ingudea metal arloan erabiltzen den lanabesa da, burdina landu eta forma emateko erabiltzen dena. Ingudearen metafora erabili dute Goierriko zazpi lantegik, euskararen alde lanean jarraitzeko sortu berria duten taldeari izena jartzeko. Ingudea taldearen izenean aurkezpena egin diguten Ampoko Ainara Arzelusek eta Orkliko Andoni Zubeldiak kontatu digute izenaren xehetasuna: “euskara lanabes ibili nahi dugu. Euskara ingudean landuz, euskarari forma emateko. Ingudea berez, metala lantzeko da, metalari forma emateko da eta hortik hartu dugu ideia”.
Goierriko zazpi enpresek eta kooperatibek osatzen dute Ingudea: Ampo, Caf, Ederfil-Becker, Eredu, Hertell, Irizar eta Orkli. Momentuan, zazpi lantegi elkartu dira, 5.000 langile hartzen dituen zazpi gune. Dena den, gehiago izatea ere nahi dute. “Indar metaketa horrek hazten jarraitu nahi du eta horretarako ateak zabal-zabalik dituzte bertaratu nahi duten. Gonbidapena luzatzen diegu Goierriko enpresa guztiei”, diote Zubeldiak eta Arzelusek.
Erritmo eta errealitate ezberdinak, helburu bera
Bakoitzak bere erritmoan, euskararen erabilera areagotu eta euskararen normalizazioan lanean urte asko daramatzaten lantegiak dira denak ere. “Errealitate ezberdineko enpresak izaki, bakoitza bere neurrian eta abiaduran ari da aurrerapausoak ematen, baina guztiek jarri nahi dute beren hondar aletxoa. Guztiak batzen dituen helburua, berriz, bakarra da: euskara lanabes hartuta, lan munduan euskararen erabilera normalizatzeko bidean pausoak ematea”.
Indarrak batu eta elkarlanean lan egiteko lehen pausoa eman dute Ingudea euskara batzordea sortuta. “Helburua, elkarlanean jardutea da, horrela indar metaketa aprobetxatu, lan ildoak definitu eta elkarrekin ekintza bateratuak egiteko. Elkarlan horren adibidea Euskararen Nazioarteko Egunerako ekimen bateratua izan da. Ekimen horren helburua enpresetako langileek euskarari babesa ematea eta inguruan ere helburu bera duten enpresak lanean ari direla ikusaraztea izango da”, diote Ingudeakoek. Zazpi lantegi horietako langileen artean, Ingudearen logotipoa duen biserak banatu zituzten, argazkietan ikus daitekeen bezala.
Elkarlana
Elkarlanak frutuak emango dituelakoan daude. “Momentu batean esan genuen, interesgarria izango zela elkar ezagutzea eta elkarlan bat egitea. Ideiak partekatzea. Ez dugu ezagutzen bakoitzaren barne egoera zein den. Asko daukagu partekatzeko, eta elkarrengandik jaso eta emateko. Azkenean ikusten da oso errealitate ezberdinak dauzkagula eta bata besteari lagundu diezaiokegula. Elkartrukatzeko foro egokia izan daiteke. Garbi dago, aurretik dagoena borobiltzeko taldea izango dela. Ez du esan nahi, eskualde mailan talde bat sortu izanagatik, aurretik bakoitzak bere etxean genituen ohiturak kenduko dizkigunik. Osagarriak izango dira.”, azpimarratu dute.
Lan ildoak
Lantokietatik kanpora ere eragina izan dezaketelakoan eta aberatsa izango delakoan daude. “Zer partekatua badago eta zertan eragina ere bai. Goierriko hornitzaileengan eragin dezakegu adibidez. Enpresa bakarra eskari batekin joan edo zazpiok elkarrekin joan, eragin ezberdina izango du. 5.000 langileko esparrua hartzen du Ingudeak. Nik uste dut horretarako indar bat badagoela. Dena den, ez da helburua kanpoan bakarrik eragitea, etxean bertan lan asko daukagu egiteko”.
Behin Euskararen Eguna pasata, lan ildoak zehazteko elkartuko dira zazpi lantegietako ordezkariak. Zeregina ba omen dute, euskararen aldekolan garrantzitsua gainera. Andoni Egaña bertsolariak hitzaldi batean esandakoarekin bukatuko erreportajea. “Egunak 24 ordu baldin badauzka, 8 lotan pasatzen ditugu, 8 ordu lanean eta beste 8 ordu banatuta. Lanean zati handi bat horretan gaude, egunaren heren bat eta hor euskaraz hitz egitea oso garrantzitsua da”.
Euskararen Nazioarteko egun berezia
Azken urteetan Euskara Planetan murgilduta dauden enpresek, bakoitzak bere erara ospatu izan dute Euskararen Nazioarteko eguna. Aurten berezixeagoa izan da, Ingudea taldea aurkezteko erabili baitute. Langile guztiei, Ingudearen logotipodun bisera oparitu diete, euskarari atxikimendua adierazi nahi zionak, jantzi zezan. Argazkietan duzue Ingudea taldea osatzen duten enpresetako argazki sorta.