Pilar Mujikak XX. mende hasierako Zuri-beltzeko argazkiak kolorez jantzi ditu
Arriarango Intxaurpe elkartean XX. mende hasierako Euskal Herriaren istorio ezberdinak ikus daitezke Pilar Mujikak margotutako koadroei esker. Beasainen bizi den Pilar Mujika olaberritarrak XX. mende hasierako zuri-beltzeko argazkiak aukeratu, bizimodu, bizipen eta istorio bakoitzean barneratu, eta koloretako koadroak margotu ditu. Kostaldeko zein baserri giroko irudiak, bizimodua eta istorioak dira. Sentimendu handiz betetako artelanak. Bost urtean egindako lanen bilduma da.
Olaberritarra da jaiotzez Pilar Mujika. “Gazte denbora guztian, Frantzia aldean egon nintzen. Euskaraz hitz egiten ere ahaztu zitzaidan. 20 urterekin etorri nintzen”. Dena den, beti eraman izan du barru-barruan Euskal Herria eta berekiko sentimentua. Pintura aukeratu du Euskal Herriaren aldeko aletxoa jartzeko.
Duela bost urte, bere lanetik erretiratu zenean, beti gustatu izan zaion pintura hartu zuen “lantzat”. Era horretan, haurtzaroan eta gaztaroan Euskal Herritik kanpora bizi behar zuen garai haren gosea asetzera dator. “Bakoitzak bere sentimenduak ditu Euskal Herriarekiko, gure historiarekin. Nire garai bateko historian, kanpoan bizi izan nintzelako, hor daukat, gose hori ase gabe. Horrelako argazkian sartzen naizenean, gose hori ahal dudan ondoen osatzen saiatzen naiz. Pertsonajeetan zabaltzen dut. Horregatik egoten naiz aurpegiei begira”.
Zuri-beltzeko argazkiari kolorea emanez
Jokin Telleria du irakaslea. Pinturan bere bidea egina du eta aurkitu du benetan betetzen duen estiloa: XX. mendearen hasierako zuri-beltzeko argazkiak hartu, eta kolorea eman die. Garai bateko Euskal Herriko historiaren zati bat gorde nahi izan du.
Gai ezberdinak aukeratu ditu: garai bateko Arriaran; mugarri batean, azokatik bueltan elkartu diren lau emakume; haurrak txalupan Hondarribiatik Hendaia ikusten dela; Iparraldeko erromantze bat; gizon-emakumeak laian eta haurrak zaku gainean; Murumenditik leran belarra dakarren baserritarra; Donostian, Urumean, emakumeak arropak garbitzen; Donostiako portua; mutila neska kortejatzen; idi edo behi parea lanean; Baionako argazki bat; Elgetan idi proba jaialdia…
Estilo bat, sentimendu bat duten argazkiak bilatzen ditu. Beste koadro batekin ari da dagoeneko lanean. “Hasita nago, gero gehiegi biziatzen naiz: garai batean, feriara joan aurretik, nola prestatzen zuten berdura, saskiak, zintzezko ontziak garbitu, orain bezalako aukerarik ez zegoen eta, barreñoi zaharrak, saskietan nola jartzen zituzten berdurak eta lorak… Montaje hori dena aurkitu dut argazki zahar batean, Bizkaia aldekoa da. Horrekin hasita nago. Beti honetan jarraituko dut. Estiloz aldatzea egin dut baina honek imanak bezala tira egiten dit. Aurreko batean esaten nion Jokini, ez nekiela, pintura lasaitzeko edo oraindik okerrago jartzeko ez ote dudan hartu. ‘Hau horrela da, sentitzen duena horrelaxe egoten da’ erantzun zidan. Arreglatuta nago orduan!”, azaldu du Pilar Mujikak. “Ia bizio bat bezala bihurtu da niretzat pintura”, gaineratu du.
Prozesua
Ahalik eta argazkirik zaharrenak aurkitzen saiatzen da Pilar. XX. mende hasierako Euskal Herriko bizimodua ondo agertzen da berak aukeratutako argazkietan. “Garai hori bizi dut eta garai hori niretzako, goxoa da, gure sustraiak direlako. Niri gogoratzea asko gustatzen zait. Garai hartan, nahiz eta argazkietan ez ikusi, kolorea bazegoen”. Lan handia da ordea, eta askotan, ikerketa lana ere egin behar izaten du. Berak azaldu digu zein prozesu jarraitzen duen: “argazki bat hartzen dudanean, nire pelikula egiten dut. Koadroen barruan sartzen naiz, bestela ez dago egiterik. Lan handia dute, zuri-beltzean daude argazki guztiak eta”. Euskal Herriko historiaz asko ikasi du, asko arakatu du. Emaitzak bere koadroetan nabari dira.
Pertsonen aurpegiko espresioari garrantzia handia ematen dio Pilarrek. Lortu nahi zuena lortzeko, kasu batzuetan, behin baino gehiagotan, egin behar izan du. “Zenbat eta gehiago pintatu, zenbat eta pintura gehiago erabili, koadroa orduan eta politagoa gelditzen da. Itzai dihoan emakume horri zenbat aldiz kendu diodan aurpegia! Harik eta atera arte. Zuk sentitzen duzuna agertu nahi duzu baina beti ezin izaten da”.
Gonen kolorea
Emakumeari garrantzia handia eman dio bere lanetan. Buru makur azaltzen da zenbaitetan; airosago bestetan. Zuri-beltzezko argazkietan ez da arropen kolorerik azaltzen. Pilarrek gonen koloreei buruz asko ikertu du. Baina batez ere, emakume batek sortzen dion sentimentuaren arabera margotzen ditu goonak. “Bere estiloari begiratzen diot. Ikusten al duzu ze airosa atera zaidan bere moñoarekin? Horren gona ezin dut beste edadeko hori bezala, urdin ilunarekin margotu”.
Gona gorriak ere badu historia eta koadroetako batean sartu du gona gorria. Euskal abesti batean azaltzen den gona gorriaren esanahia azaldu digu Pilarrek: “Arabara joaten omen ziren hemengo baserrietako gizonak, garia ebakitzera. Dirurik ez zegoen eta opari bezala, gona gorri bat ematen omen zien emazteentzat. Hori gogoratuz, gorrixka sartu nion arropa garbitzaileari”.
Bizkaitarren eta gipuzkoarren artean, gonen kolorean bada alderik Pilar Mujikak ikertu duenez: “Larramendik badauka liburu batean, mantalaren historia. Bizkaitarrek mantal urdin argia erabiltzen zuten eta gipuzkoarrek beltza. Mugarriko emakumeen gona koloren horretan oinarritu naiz”.
Arriarandik Zeraina
Beasaingo Arriaran auzoko Intxaurpe elkartean egin du lehenengo erakusketa Pilar Mujikak. “Ez naiz zalea. Baina bai naiz zalea, horrelako leku batzuetan agertzea. Gure mundua da. Suhiak bultzatuta jarri dut erakusketa”. Harrera ona izan dute bere koadroek eta bi koadro saldu zituen berehala, nahiz eta erakusketaren helburua ez izan koadroak saltzea. Arriarandik, Zeraingo Oiharte landaetxe-sagardotegira eramango du erakusketa. Hori bai, koadro gehiago egiten dituenean, “ondo banaiz” bilduma berriarekin berriz ere Arriarana itzuliko omen da, .
Arriarango koadroa egina dauka eta elkartean bertan utzuko du. “Garai batekoa politagoa zen gaur egungoa baino. Kezka-kezka eginda egon nintzen Intxaurrondoarekin”.
Arriarango argazki zaharrak
Mikel Mendizabal da Pilar Mujikaren suhia. Arriarandarra bera, Intxaurpe elkarteko bazkidea. Elkartearen helburuekin bat datorren koadro bilduma dela dio. “Elkartean erakusketarako leku egokia edukitzeaz gain, auzoa biziberritzea da elkartearen helburua. Sinbolikoki asko dauka erakusketa honek: zaharretik, tradiziotik, berrira, kolorea ematea, biziberritzea bezala da. Bizia ematea. Hortik helduta, guretzat ere esanahi handia dauka erakusketak”, dio Mikel Mendizabalek. Ildo horretatik, “bertako jendeari esanda dago, argazki zaharrak atera ditzala eta Pilarrek margotuko dituela. Adibidez, Salbatoreko argazki zaharrena, 1961 ingurukoa daukagu. Baina ehun urtekoa beharko dugu. Hemen dauden argazkiak ehun urtekoak dira”, gaineratu du.
Hesia
Erakusketako koadro guztien historia eta esanahia azaldu dizkigu Pilar Mujikak, banan-banan. Denak agertzea ezinezkoa zaigunez, Pilarrentzat, berezienak diren hiru aukeratu ditugu.
Azkena egin duen koadroa honokoa. Gazte jendeari hesia zer den eta nola egiten zen erakusteko helburuz egin du koadro hau. “Langak, hesiekin egiten ziren. Baserrietan ere pareta asko hesiarekin egiten zen. Orduan ez zegoen porlanik eta hesi horren kontra, harearekin masa egin eta horrekin egiten zuten pareta. Gaurko egunean gazte askok ez daki hesia zer den, argazki horri horregatik heldu nion, hesia agertzeko”.
Neskaren eta mutilaren aurpegiak ere nabarmendu nahi izan ditu Pilarrek. “Elkar kortejatzen ari dira. Hemen ere, neska, buruz behera begira. Horrek esanahia badauka: garai batean emakumeak nola zeuden edo nola agertzen ziren, lotsatiak edo zerbait entzun nahi ezta”. Pertsonajeen egoeran sartzen saiatzen da Pilar. “Ez baduzu sentitzen, ez daukazu zer eginik. Zuk sartu behar duzu pertsonajeen barruan, aurpegiari espresioa emateko. Batez ere, erromantzeetan. Fijatu zaitez, nola begiratzen dion mutilak neskari. Neska buru makur egoteko, nola ematen diozu espresioa begietan? Zein pentsamendu edukiko du! Mutila pentsatzen ari da neska nola kortejatu”.
Txakurrak ere nahikoa lan eman omen dio. “Ez nekien zer arraza edo zein kasta izango zen, sekula txakurrei begira egon gabe nengoen. Ehiz txakurra egin nuela esan didate”.
Donostiako portua
“Lanik handiena eman didan kodroa da baina azkenean, gehiena gozatu dudana ere bada. Honen historia da: 1890eko argazkia da. Garai hartan bakailaotara joaten ziren barku zaharrekin. Bakailaotara joaten ziren pertsona horiek hilabeteak pasatzen zituzten itsasoan. Bueltan etortzen zirenean, nagusiak, portuan, zain egoten ziren. Asko gustatzen zait. Portuko horrek sentimendu handia dauka niretzako. Ez nekiena zen, kofradia bakoitzak sarea ere bere kolorekoa zuela”.
Arropa garbitzaileak
“Donostiako argazkia da. Beraneatzera madrileñoak etortzen omen ziren Donostiara. Aberatsak. Haiek etortzen zirenean, Donostian, emakume batzuk zain egoten omen ziren, haiek noiz agertuko, arropak errekan garbituta, diru bat irabazteko. Historia hori jakinda, besteak baino gutxiago ez direla pentsatzen nuen. Jantziei kolore hauek eman dizkiet. Gazte hori oso airosa jarri nuen, gona gorria erakutsiz. Asko gustatu da koadro hori”.