Aitor Hernandezek irabazi du Ormaiztegiko ziklo-kros proba
Aitor Hernandez ermuarrak irabazi du Ormaiztegiko 41. Ziklo-kros Proba. Bigarren Aketza Peña sailkatu da irabazlearengadik 13 segundura, eta hirugarren Iñaki Lejarreta 30 segundura. Javier Ruiz de Larrinagak egin du laugarren. Arabarrak ez du beraz, seigarren garaipenik lortu, azkeneko bost urtetan bera izan baita probaren irabazlea. Urtezahar egunean, 13:30ean ekin zioten probari. Eguraldiak ateri eutsi zion ia bukaerara arte. Ibilbidea oso biguna zegoen, bezperan egindako euriarengatik, eta txirrindulariak bertatik igaro ahala lokaztuz joan zen. Ohiko moduan 2.500 metroko ibilbidea egin behar izan zuten kirolariek. Proba nagusia 15:15ak aldera egin zuten, eta 50 minutu inguruko iraupena izan zuen. Egoitz Murgoitio faborito nagusia Belgikara joana zen ziklo-kros proba batean parte hartzera, baina gainerako kirolariak Ormaiztegin izan ziren, hala nola, Javier Ruiz de Larrinaga, Aitor Hernandez eta Iñaki Lejarreta. Ohiko ziklo kroslariei errepideko profesionalak ere gehitu zitzaizkien: Fran Ventoso, Aitor Galdos eta Garikoitz Bravo lazkaotarra, esaterako. Ikusmin handia zegoen ikusleen artean, eta gozatu ederra hartu ahal izan zuten bertan bildutakoek. Hasieratik sei txirrindulariko taldea nabarmendu zen. Seikote hori Iñaki Lejarretak, Aitor Hernandezek, Javier Ruiz de Larrinagak, Aketza Peñak, Isaac Suarezek eta Iñigo Gomezek osatu zuten. Bigarren itzulian, Ruiz de Larrinaga arabarra erritmoa bizkortzen saiatu zen, baina sasoirik onenean ez dagoenez, etsi egin behar izan [...]
Aitor Hernandez ermuarrak irabazi du Ormaiztegiko 41. Ziklo-kros Proba. Bigarren Aketza Peña sailkatu da irabazlearengadik 13 segundura, eta hirugarren Iñaki Lejarreta 30 segundura. Javier Ruiz de Larrinagak egin du laugarren. Arabarrak ez du beraz, seigarren garaipenik lortu, azkeneko bost urtetan bera izan baita probaren irabazlea.
Urtezahar egunean, 13:30ean ekin zioten probari. Eguraldiak ateri eutsi zion ia bukaerara arte. Ibilbidea oso biguna zegoen, bezperan egindako euriarengatik, eta txirrindulariak bertatik igaro ahala lokaztuz joan zen. Ohiko moduan 2.500 metroko ibilbidea egin behar izan zuten kirolariek.
Proba nagusia 15:15ak aldera egin zuten, eta 50 minutu inguruko iraupena izan zuen. Egoitz Murgoitio faborito nagusia Belgikara joana zen ziklo-kros proba batean parte hartzera, baina gainerako kirolariak Ormaiztegin izan ziren, hala nola, Javier Ruiz de Larrinaga, Aitor Hernandez eta Iñaki Lejarreta. Ohiko ziklo kroslariei errepideko profesionalak ere gehitu zitzaizkien: Fran Ventoso, Aitor Galdos eta Garikoitz Bravo lazkaotarra, esaterako. Ikusmin handia zegoen ikusleen artean, eta gozatu ederra hartu ahal izan zuten bertan bildutakoek.
Hasieratik sei txirrindulariko taldea nabarmendu zen. Seikote hori Iñaki Lejarretak, Aitor Hernandezek, Javier Ruiz de Larrinagak, Aketza Peñak, Isaac Suarezek eta Iñigo Gomezek osatu zuten.
Bigarren itzulian, Ruiz de Larrinaga arabarra erritmoa bizkortzen saiatu zen, baina sasoirik onenean ez dagoenez, etsi egin behar izan zuen azken bost urteetako irabazleak. Hiru bizkaitar geratu ziren lehen postuetan: Aitor Hernandez, Iñaki Lejarreta eta Aketza Peña.
Lejarreta berriztarra izan zen atzean gelditzen lehendabizikoa. Beste biak behin baino gehiagotan saiatu ziren erasoa jotzen, baina azkenean, Hernandez ermuarra izan zen helmugan sartzen lehendabizikoa, Murgoitiorekin batera aurtengo denboraldiko hoberenen artean dagoela garbi utziaz. Horrela, Aketza Peñari 13 segunduko aldea atera zion, eta Lejarretari 30 segundukoa. Elite eta 23 urtez azpikoen mailan parte hartu zuen goierritar bakarra, Garikoitz Brabo lazkaotarra, hamabigarren postuan sailkatu zen, 01:05:44ko denbora eginda.
Hogeita hiru urtez azpikoen mailan itzuli bat gutxiago eman behar izan zuten txirrindulariek, eta Iñigo Gomez bizkaitarra erraz nagusitu zen. Bigarrenari, bere anaia Jon Gomezi, 56 segunduko aldea atera zion. Jon Ander Intsausti mutiloarra zazpigarren sailkatu zen, irabazlearengandik lau minutu eta 41 segundura.
Elite mailan, emakumezkoetan, Maria Mercé Pacios izan zen helmugan sartzen lehendabizikoa. Katalanak 48 minutu eta 22 segundu behar izan zituen lana bukatzeko. Bigarren, Naia Alzola sailkatu zen, irabazlearengandik bi minutu eta 28 segundura. Hirugarren, Zaloa Trevillak egin zuen eta laugarren sailkatu zen Maite Murgia lazkaotarra.
Gainerako mailak
Kadeteen mailan, gizonezkoetan, Patxi Aldanondo eta Daniel Maiora goierritarrak berehala jarri ziren lasterketaren buruan, Jon Munitxa bizkaitarra lagun zutela. Aldanondok gurpilean zulatu bat izan zuen. Bizkaitarrak egoera hori aprobetxatu eta bien arteko tartea handitzea lortu zuen. Azkenean, Munitxak 47 segunduko aldea atera zion Aldanondori. Asier Zamorak berriz, hainbat txirrindulariri aurre hartu eta hirugarren sailkatzea lortu zuen. Bestalde, Daniel Maiora ormaiztegiarrari txirrindua apurtu zitzaion, eta bizkar gainean zuela helmugaratu zen, 19. postuan.
Gainerako goierritarrei dagokionean, Mikel Paredes 14. postuan sailkatu zen, Andoni Elorza 20. postuan eta Unai Aranburu 21. postuan.
Kadeteen mailan, emakumezkoetan, Izaro Iraolagoitia zestoarra sartu zen helmugan Arantza Dillaren aurretik. Biek 39 minutu eta 12 segunduko denbora behar izan zuten lana bukatzeko.
Junior mailan, gizonezkoetan, Kevin Suarez kantabriarrak ez zuen arerio handiegirik izan proban zehar. Lehen itzulian alde egitea lortu zuen, eta itzuliak eman ahala gainerako txirrindulariekiko denbora tartea handituz joan zen. Bigarren, Pablo Fernandez kantabriarra sailkatu zen minutu bat eta 25 segundura, eta hirugarren, Jonathan Bilbao bizkaitarra bi minutu eta hamaika segundura.
Goierritarrei dagokionean, Alex Aranburuk laugarren egin zuen, Ander Ibargurenek seigarren, Josu Urrestarazuk hamaikagarren, Luis Malkorrak hamairugarren, Ander Alonsok hamaseigarren, Eriko Mujikak hemezortzigarren eta Xabat Aranburu berriz, hogeita hirugarren postuan helmugaratu zen.
Junior mailan, emakumezkoetan, Eider Merino izan zen lehendabizikoa helmugan sartzen. Bigarren Lierni Lekuona lezotarra sailkatu zen, irabazlearengandik bi minutu eta 37 segundura, eta hirugarren, Itziar Abascal kantabriarra, irabazlearengandik hiru minutu eta 41 segundura.
Aldanondo nagusi, Laudion
Abenduaren 24an Euskadiko Ziklo-Kros Txapelketa jokatu zen Laudion (Araba), eta kadete mailan, Inoxcra-Beasain taldeko Patxi Aldanondok jantzi zuen txapela. Dani Maiora bere taldekidea laugarren postuan sailkatu zen.
Bestalde, junior mailan, Alex Aranburu Inoxcra-Beasain taldeko txirrindularia helmugaratu zen bigarren postuan.