Bilore, etengabeko gainbeheran
Zaldibiarrek dagoeneko ez dakite zer egin herriaren sarreran daukaten lantegi tzarraren kontuarekin. Garai batean lanpostuak, etekin ekonomikoa eta herriarentzako aurrerapena ematen zituen Bilore xaboi fabrika buruhauste bihurtua da aspaldiko urteetan. Baina burua hausteko arriskuak, literalki, geroz eta kezka handiagoa sorrarazten du. Eraikinari begiratu besterik ez dago, adibidez, egitura egoera tamalgarrian dela jabetzeko, baita kanpotik ere. Lantegia itxi eta kiebra deklaratu zenetik, enpresaren administratzaileen, hartzekodunen —tartean hango langile izandakoak— eta zorpetzearen bueltan dago auzia, epaitegietan. Hori garbitu artean, badirudi ez dagoela inondik aurrera egiteko modurik. Pilota teilatutik teilatura dabil, zaldibiarren haserrerako eta Biloreren teilatuak berak noiz arte iraungo duen zalantzan. Denbora ahitzen ari da. Azkeneko berria da Eusko Jaurlaritzak uko egin diola Zaldibiako Udalak egindako bilera eskaerari. «Beraien erantzukizuna ez dela diote. Ingurumen sailetik osasunekora ibili da kontua joan-etorrian. Eskuak garbitu dituzte», azaldu du Zaldibiako Udaleko Hirigintza zinegotzi Eñaut Hernandezek. Beste behin, enpresaren eta hartzekodunen korapiloarekin behaztopatzen dira erakundeak. Auzi administratiboa dago batetik, baina atzetik deskontaminazioaren lana etorriko da. «Ez du inork deskontaminatu nahi». Eremu handia izateak, eta bere funtzioaren amaieran utzi zituen osagai kimiko eta kutsagarri ugari egoteak asko zailtzen du eremua, edozertarako dela ere, bere onera ekartzea. Zaldibiako Udalak, bere aldetik, argi utzi du berak ere ez daukala eskumenik [...]
Zaldibiarrek dagoeneko ez dakite zer egin herriaren sarreran daukaten lantegi tzarraren kontuarekin. Garai batean lanpostuak, etekin ekonomikoa eta herriarentzako aurrerapena ematen zituen Bilore xaboi fabrika buruhauste bihurtua da aspaldiko urteetan. Baina burua hausteko arriskuak, literalki, geroz eta kezka handiagoa sorrarazten du. Eraikinari begiratu besterik ez dago, adibidez, egitura egoera tamalgarrian dela jabetzeko, baita kanpotik ere.
Lantegia itxi eta kiebra deklaratu zenetik, enpresaren administratzaileen, hartzekodunen —tartean hango langile izandakoak— eta zorpetzearen bueltan dago auzia, epaitegietan. Hori garbitu artean, badirudi ez dagoela inondik aurrera egiteko modurik. Pilota teilatutik teilatura dabil, zaldibiarren haserrerako eta Biloreren teilatuak berak noiz arte iraungo duen zalantzan. Denbora ahitzen ari da.
Azkeneko berria da Eusko Jaurlaritzak uko egin diola Zaldibiako Udalak egindako bilera eskaerari. «Beraien erantzukizuna ez dela diote. Ingurumen sailetik osasunekora ibili da kontua joan-etorrian. Eskuak garbitu dituzte», azaldu du Zaldibiako Udaleko Hirigintza zinegotzi Eñaut Hernandezek.
Beste behin, enpresaren eta hartzekodunen korapiloarekin behaztopatzen dira erakundeak. Auzi administratiboa dago batetik, baina atzetik deskontaminazioaren lana etorriko da. «Ez du inork deskontaminatu nahi». Eremu handia izateak, eta bere funtzioaren amaieran utzi zituen osagai kimiko eta kutsagarri ugari egoteak asko zailtzen du eremua, edozertarako dela ere, bere onera ekartzea.
Zaldibiako Udalak, bere aldetik, argi utzi du berak ere ez daukala eskumenik Biloreren orubearen eta eraikinen barruan jarduteko. «Egin dezakegun bakarra eremu publikoan ezer gerta ez dadin neurriak hartzea da. Hori eginda dago, inguru osoa hesituta jarri da, eta kartelen bidez ohartarazten da dagoen arriskuaz», dio Hernandezek.
Foru aldundiaren bidez presio bidea egitea da, oraingoz, helduleku apurretakoa.
Arauetan gaia presente
Egunen batean gaia argia ikusten hasiko delakoan, eta Zaldibiako arau ordezkatzaileak berrikusten ari direla baliatuz, dagokionean indar pixka bat egingo luketen erabakiak hartu nahi ditu udalak. Batetik, Hirigintza Batzordean gaia lantzen ari dira, Bilorek hartzen duen orubeari etorkizunean zer erabilera eman pentsatuz. Bestetik, deskontaminatzerakoan arduradunen gain«karga» bat gera dadin, tokiak zer izaera izango duen erabakiko da.
Kiroldegia, etxeak… proposamen bat baino gehiago darabilte buruan. Bien bitartean, gaueko langileek egunero lanean segitzen dutela dio zaldibiar batek, «soplete eta guzti».