Almitzaren izatea, iruditan
Hamabost urte bete zituen Almitza sega elkarteak iaz nazioarteko lehiaketetan parte hartzen hasi zenetik. Eslovenian izan ziren, abuztuan, Europako Sega Txapelketan Euskal Herriaren ordezkari gisa. Dantzariak, musikariak, euskal folkloreko adierazpideak eta, nola ez, euskara, beraiekin eraman zituzten. Segari eta kirolari baino gehiago begiratzen diotelako. Orain, eta elkarteak bihar ospatuko duen Neguko Jaialdia baliatuz, Almitzaren izaera islatzen duen dokumentala erakutsiko dute: Cerklje na Gorenjskem, Eslovenian lehiaketa jokatu zen herriaren izena. Beasaingo Zera kultur elkarteak landu du ikus-entzunezkoa, bideolana egiteko segalariekin bidaian izan baitziren abuztuan. Ez da lan etnografiko bat, ezta kirola goresteko bakarrik burututakoa ere; Almitza sega elkarteak segalaritzan egindakoa azaltzea da ardatza. «Segalaritzari buruzkoa baino gehiago, Almitza Elkarteak segalaritzan ireki duen bideari buruzkoa da. Almitzak 1996. urtetik Europako Sega Txapelketa ofizialetan urtero parte hartzen du. Esperientzia hori ezagutu dugu guk, azken txapelketara beraiekin bidaiatuz. Harreman hori erakusten du lanak», dio Nader Koochakik, lanaren egileetako batek. Hogeita hamar bat minutuko iraupena du. Esloveniako irudiak sartu dituzte, batez ere; Euskal Herrian propio grabatutako eszenak ere bai, eta Almitza elkarteak berak urteetan grabatu dituen bideo zatiak. Pilotariak eta aizkolariak gero Neguko Jaialdia bihar 19:00etan hasiko da, Zaldibiako Resti pilotalekuan. Sarrera 10 euro da, Almitzak urtean zehar ekitaldiak eta ekimenak sor ditzan laguntzeko. Berogailua [...]
Hamabost urte bete zituen Almitza sega elkarteak iaz nazioarteko lehiaketetan parte hartzen hasi zenetik. Eslovenian izan ziren, abuztuan, Europako Sega Txapelketan Euskal Herriaren ordezkari gisa. Dantzariak, musikariak, euskal folkloreko adierazpideak eta, nola ez, euskara, beraiekin eraman zituzten. Segari eta kirolari baino gehiago begiratzen diotelako. Orain, eta elkarteak bihar ospatuko duen Neguko Jaialdia baliatuz, Almitzaren izaera islatzen duen dokumentala erakutsiko dute: Cerklje na Gorenjskem, Eslovenian lehiaketa jokatu zen herriaren izena.
Beasaingo Zera kultur elkarteak landu du ikus-entzunezkoa, bideolana egiteko segalariekin bidaian izan baitziren abuztuan. Ez da lan etnografiko bat, ezta kirola goresteko bakarrik burututakoa ere; Almitza sega elkarteak segalaritzan egindakoa azaltzea da ardatza. «Segalaritzari buruzkoa baino gehiago, Almitza Elkarteak segalaritzan ireki duen bideari buruzkoa da. Almitzak 1996. urtetik Europako Sega Txapelketa ofizialetan urtero parte hartzen du. Esperientzia hori ezagutu dugu guk, azken txapelketara beraiekin bidaiatuz. Harreman hori erakusten du lanak», dio Nader Koochakik, lanaren egileetako batek.
Hogeita hamar bat minutuko iraupena du. Esloveniako irudiak sartu dituzte, batez ere; Euskal Herrian propio grabatutako eszenak ere bai, eta Almitza elkarteak berak urteetan grabatu dituen bideo zatiak.
Pilotariak eta aizkolariak gero
Neguko Jaialdia bihar 19:00etan hasiko da, Zaldibiako Resti pilotalekuan. Sarrera 10 euro da, Almitzak urtean zehar ekitaldiak eta ekimenak sor ditzan laguntzeko. Berogailua egongo da frontoian.
Dokumentala emango dute aurrena. Jarraian, bi pilotari profesionalek lau t’erdian jokatuko dute: Mikel Goñik eta Aratz Mendizabal zaldibiarrak. Ondoren, Iñaki Azurmendik eta Floren Nazabalek buruz buru neurtuko dituzte indarrak, kanako enborrean. Gauean bertso afaria egingo dute Almitzako kideek eta txartela dutenek Zubi-Buru elkartean.
ELKARRIZKETA
Nader Koochaki, Zera kultur elkarteko kidea
«Abilitate erakusketa eta lehia baino gehiago izateko arrazoia da segalaritza»
Zer helbururekin osatu duzue dokumentala?
Inon kokatzekotan, erreportaiaren eta dokumentalaren artean kokatuko genuke. Almitzak berak urtero moldatu du egindako bidaia bakoitzeko bideo bat. Oraingoan guri luzatu ziguten beraiekin Esloveniara joan eta txapelketan zehar grabaketak egiteko proposamena, gero horrekin zer egingo genuen oso ondo jakin gabe. Txapelketaren eta bidaiaren kronika egiteaz gain, egun segalaritza zertan den ezagutu nahi izan dugu.
Zein da zabaldu nahi den gaiaren edo mezuaren muina?
Azken batean, etxetik ateratzeak zure burua ezagutzeko aukera dakar berarekin, eta kuraiarik izatekotan, nortasunaren berrirakurketa bat etorri ohi da horren atzetik. Europako Txapelketetara joateak segalaritza ezagutzeko aukerak eman dizkio Almitzari, ikuspegia aberastuz.
Zer osagai ditu?
Almitzak kirola testuinguruan kokatzen du. Abilitateen erakusketa eta lehia soil bat baino gehiago bere izateko arrazoian pentsatuz lantzen du segalaritza.
Grabazioak non etanoiz eginak dira?
Grabaketa gehienak 2011ko abuztuan egin genituen Eslovenian, Cerklje na Gorenjskem herrian. Euskal Herrira itzulita, Almitzako zenbait kide eta segalari elkarrizketatu genituen, baita bi segalari alemaniar ere, Kilometroak jaialdia aitzakia, sega erakustaldi batera etorri zirela aprobetxatuz.
Horietako zati batzuk, Caro Barojaren grabazio batzuk omen dira.
Nahiz eta landu ditugun, azkenean ez dugu Caro Barojaren irudirik sartu. Hainbat atal muntaia honetatik kanpo geratu dira. Segalaritzari buruzko lan mardulago bat egiteke geratu da beraz. Esan dezagun hau gerturapen xume bat dela, gaiaren zertzelada batzuk egiten dituena, hainbat gako ukituz.
Zera elkartean zer lan egiten duzue?
Elkartea bere kideen proiektu pertsonalak eta elkartearen egitasmoa gauzatu ahal izateko egitura bat da. Azpiegitura tekniko eta humano bat, bere kideen eta elkartearen eskura. Bestalde, Beasaingo Astigarreta auzoan kokaturik dago, eta horren haritik, azken bi urteetan ekintza programa bat aurkeztu dio Beasaingo Udalari. Iaz gurekin lan egiteari muzin egin zion udalak. Udalaren aurtengo borondatea zein den ikusteke dago oraindik.