Gaurko elur eta izotz alerta horiak eman ditu Larrialdiei Aurre egiteko eta Meteorologi Zuzendaritzak. Biharko, elur alerta egoera laranjara pasatu dute, eta
izotz alertaren ordez, muturreko tenperatura baxuen alerta eman dute biharko. Ostiralean, EAEko hiriburu guztietan iragarri dute elurra, Gasteizen (0-3 zm artean), Bilbon (0-2 zm) eta Donostian (0-5 zm).
Gaurko alerta egoera 9:00etatik 00:00ak arte luzatuko da. Prezipitazioak txikiak eta ertainak izango dira, eta egun amaieran atertzera egingo du. Elur kota 1.000 metro inguruan egongo da goizean, arratsaldean 300 metrora jaitsiko da eta azken orduetan 0-100 metrora.
Definizioak:
Maila horia: arrisku neurritsua, orokorean biztanleentzat ez da arazo meteorologikorik, baina bai aktibitate zehatz batzuentzat.
Maila laranja: meteorologi arazo nabarmena dago
Maila gorria: arazo meteorologikoa sekulakoa da. Aparteko intentsitatea duten fenomeno meteorologiko ez ohikoak emango dira.
Elur-Kotak
Aurreikusi dituzten lodierak:
• 1000 metrora:
2 eta 10 zentimetro artean
• 600 metrora:
1 eta 5 zentimetro artean
• 200 metrora:
0 eta 2 zentimetro artean
Izotz alerta 15:00etatik 00:00etara luzatuko da gaur, eta azken orduetara begira izotzaren eragina handiagoa izango da.
Biharko aurreikuspena
Biharko eman duten aurreikuspenaren arabera, zerua hodeiez beteta egongo da. Prezipitazio txikia egingo du eta trumoi-ekaitzak izateko eta txingorra egiteko aukera txikia dago. Elur kota itsas mailan kokatuko da. Ipar osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Tenperaturek ere behera egingo dute eta izotz txiki-handia egingo du.
Ostiraleko aurreikuspena biharkoaren ildo beretik doa.
Gipuzkoako Aldundiaren bide-zaintza neurriak
Gipuzkoako Foru Aldundiak
46 talde prestatu ditu errepideetako elurrari aurre egiteko. Elurra kentzeko kamioiek, xaflek eta gatz banatzaileek osatzen dituzte taldeak. Ibilgailu arinen 4 talde ere prest izango ditu.
26 dira gatz siloak eta biltegiak, eta biltegiko gatz kopurua
5.400 tonakoa da.
Autopistetan 22 talde izango dira, kamioi txiki bat palarekin eta pick up izeneko ibilgailu bat erebai. Autopistetarako gatz siloak eta biltegiak 12 dira.
Goierri beheari dagokionean,
Etxegaraten zazpi talde oso izango dira, eta talde arin bat. A-15 errepidean talde kopurua bera izango da, eta bigarren mailako sarerako, berriz, 9 talde prestatuko dituzte. Besteak beste, Etxegaraten (4), Beasainen eta Legorretan dituzte gatz siloak, eta Beasainen biltegi bat ere prestatu dute. Osotara 3.000 tona gatz dituzte.
Etxegaraten, N-1 errepidean 24 orduko postu egonkorra jarriko dute.
Goierri garaiaren kasuan,
Deskargan 4 talde izango dira; Ormaiztegin eta Eitzagan 3 talde oso eta arin bat eta bigarren mailako saren, azkenik, 4. Gure eskualdean Ormaiztegin, Legazpin (2) eta Deskargan (2) daude gatz siloak, eta osotara 2.300 gatz tona erabiltzeko aukera dute.