Itziar Albisuak pintura eta zeramika lanak erakutsiko ditu Legazpin
Itziar Albisuak (Zumarraga, 1965) erakusketa irekiko du bihar Legazpin. Artista zumarragarrak bertan egingo duen lehendabiziko erakusketa izango da. Gaur egun, Legazpirekin duen harremana berreskuratu duela eta, sortu da erakusketa antolatzeko aukera. «Nere bizitzan eta sormenezko ibilbide honetan, hurrengo pauso bat eman baino lehen une egokia iruditu zait, hasierako eta azkeneko lanak uztartuz, erakusketa esanguratsu bat antolatzeko», dio.
Biharko erakusketak Albisuaren hasierako lanak, olio pinturak, eta orain sortzen ari den zeramika piezak batuko ditu. «Atzekoari, oinarriari begirada bat bota eta garrantzia eman, eta gaurkotasuna erantzi eta aurrera egiteko» baliagarri izango zaiola dio.
Olio pinturak figuratiboak eta espresionistak dira, bere sormenaren bidean mugarri izan diren hiru gai nagusiak islatzen dituztenak: kostaldeko paisaiak, barnealdekoak eta loreak eta natura hilak.
Erakusgai jarriko dituen zeramika piezek ere izango dute hortik zerbait. Zarauzko hondartzako eguzki-oihal eta bankuen piezak egiten ari da une honetan. Antioko ateen irudiak egiten ari den esperimentazio lanak ere izango du lekua Legazpin.
Erakusketa bihar irekiko da kultur etxean. Astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era egongo da ikusgai, hilaren 17ra arte.
Haurra zenetik izan du Albisuak sormenerako zaletasuna, «nere sentimenduak adierazteko modua izan da niretzat, gauzak sortzea» azaltzen du.
Dena den, kirolerako zaletasuna ere izan du zumarragarrak eta azkenean horra bideratu zuen bere ibilbide profesionala. Soin Hezkuntza ikasketak burutu zituen eta gaur egun, gorputz heziketako irakaslea da Bergaran, DBH mailan. Hala ere, artearen mundua ezin izan duela inoiz utzi nabarmendu du. «Gainontzeko betebeharrek uzten didaten denbora sortzeko erabiltzen dut, nahi bat baino gehiago, behar bat da» adierazten du.
Ama, emaztea eta artista
Arteari dagokionez autodidakta dela esan daiteke, «irakasle askorekin harremanetan jarri eta interesatzen zaidan horretan sakontzen saiatu naiz», argitu du. Felix Baqueriza irakaslearekin hasi zen margotzen Zumarragan eta ordutik makina bat irakasleren eskutatik pasa da. Manu Muniategi,Telleria, Mariñelarena, Etxeberria eta Pott Keramikako Maite Salutregi eta Ione Urain aipatu ditu batez ere.
Artearekin lehenengo harremana margoaren bitartez izan zuen, baina bere ibilbidean beste hainbat disziplinatan aritzeko aukera ere izan du. Pinturan arkatza lantzen hasi zen. Ondoren olioa eta akrilikoa probatzeko aukera ere izan zuen. Hasierako garaiak ziren. Orduan hasi zen akrilikoetan collagearekin esperimentatzen. «Ordukoak dira gordeta ditudan formato handiko lanak». Baina lan hark ahituta utzi zuen eta beste bide batzuk hartzeko beharra sentitu zuen.
Garai hartan hasi zen ontzen Urretxun margotzeko estudio bat sortzeko ideia «eta une berean sortu zitzaidan zeramikagintzan probatzen hasteko aukera» azaldu du Albisuak. Horretan dihardu gaur egun ere «buztin mota ezberdinekin probak egiten nabil gauza ezberdinak sortzeko asmoz», azaldu du. Zeramika piezak sortzeak denbora eskatzen du ordea eta azpiegitura zehatz bat izatea ere bai, «hasiera batean Pott Keramika tailerreko labera eramaten nituen piezak egostera. Orain, Beasainekoa erabiltzen dut». dio.
Erakusketak
Artea da Itziar Albisuaren grinik handiena eta denbora falta, seguruenik, hori gauzatzeko oztoporik handiena. Hala ere, denbora ahal duen lekutik ateratzen saiatzen dela aitortu du Albisuak «gauzak sortzea behar bat delako niretzat».
Horregatik, erakusketak antolatzea garrantzitsua da «gauzak egiten jarraitzeko motibazioa sortzen didalako», dio. 1998an egin zuen lehengo erakusketa eta ordutik makina bat antolatu ditu dagoeneko. Azkenekoa iaz egin zuen Beasainen, Buztingintza zeramika zaletuen elkarteko hainbat kiderekin batera.
Aurrera begira ere badauka proiekturik buruan. Zeramika piezak eta argazkia bilduko dituen erakusketa bat antolatu nahi du abendurako.