Goizaldeko izotza baino nabariagoa izan da eguerdian hasitako elurra
Siberiako hotza bazetorrela eta bazetorrela aritu dira azken egunetan agintariak eta meteorologia adituak, baina Goierrin askosaz ere nabarmenagoa izan da elurraren presentzia izotzarena baino. Goierri garaian izotz burruntzi batzuk ikusi ahal izan ziren atzo goizaldean, eta baita Goierri beheko zoko eta inguru laiotzetan ere, baina komeriak eguerdi partean hasi ziren, elurra mara-mara hasi zuenean. Goierri ekialdeari erasan zion batez ere elurrak, Tolosaldetik sartu baitzen fronte hotza.
Herri barrenetako kaleak eta baserri bideak berehala zuritu zituen elurrak, eta nahiko lan zuten autoek zuzen ibiltzen. Errepide sare nagusian ez zen aparteko arazorik izan. Etxeragaten gogotik ari zuen elurra eguerdian, baina elurra kentzeko zazpi makina aritu ziren lanean, eta berehala garbitu zuten bidea. Deskargan ere lau makina aritu ziren goizean goizetik. Gipuzkoako Foru Aldundiak 11 gatz silo ditu prest egun hauetarako.
Eguerdian komeriak Ordizian
Goierri ez zen zuri esnatu atzo, eta hotza ere ez zen horretarainokoa izan. Gaintzan, Goierriko herririk garaienean, zeropetik bi gradu zeuden 06:30ean, eta elur usaina bazegoen ere, botatzea falta zitzaion. Lierni inguruan ere zeropetik gradu bat zegoen 08:00ak aldera. Elurra eguerdian hasi zuen, orduan hasi ziren bazterrak zuritzen. Ordizian, esaterako, komeriak izan ziren, eskola irteerarekin bat eginez. Filipinak kalean autobus bat ez atzera eta ez aurrera geratu zen, Montañitako maldatxoa igo ezinik ere ibili ziren autoak, eta N-1 autobidearen sarrera-irteerak blokatuta egon ziren ordu erdiz, auto ilarak sortuz. Oianguren institutuan aritzen diren Zaldibiako hainbat ikasle, esaterako, oinez itzuli ziren haien herrira, autobusak ezin izan baitzuen haien bila joan.
Ordiziako kasuan, garbitzaileak eta suhiltzaileak aritu ziren goizean kaleak eta espaloiak garbitzen, eta arratsaldean babes zibilak hartu zuen ardura hori.
Hiru gradu zeropetik
Ordizia, ordea, ez zen arazoak izan zituen herri bakarra. Lazkaotik Ataunera bidean ere lanak zituzten autoek aurrera egiteko, eta bide bazterrean geratu zenik ere izan zen. Eta elurra hastearekin batera egin zuen behera tenperaturak. Beasainen zeropetik gradu bat egiten zuen 13:00ean, eta Zumarragan hiru gradu zero azpitik 15:00ak aldera. Tenperatura jaitsiera horrekin batera hasi ziren arazoak Goierri garaian. Urretxuko aldapan, esaterako, jendea irrist egiten hasi zen, eta autoek arazoak izan zituzten nahi zuten lekura iristeko.
Eskola kirola bertan behera
Astebururako iragarpenak aintzat hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritza Nagusiak eskola kirola progamaren jarduerak bertan behera uzteko gomendioa egin du, herri batetik besterako autoen joan-etorriak saihesteko.














