Dorronsorok eta Urteagak irabazi dute San Blas jaietako herri kirol saioa
Xabi Dorronsoro zeraindarrak eta Aitor Urteaga idiazabaldarrak irabazi dute San Blas jaietako aizkora norgehiagoka. Arkaitz Jauregi eta Eloi Kortxero arabarrei 11 segunduko aldea atera diete goierritarrek. Bestalde, Xabier Aranburu Kuzta harri jasotzaileak, erakustaldia egin du hiru motako harriekin. Arratsaldeko bostak pasatuta zirela ekin zioten igandean herri kirol saioari. Aizkolariek hiru proba gainditu behar izan zituzten. Lehendabizi, bikote bakoitzak 45 ontzako enborra ebaki behar izan zuen kolpeka. Dorronsorok eta Urteagak 59 aizkorakada behar izan zituzten lana bukatzeko, eta Jauregik eta Kortxerok 61. Ondoren 45 ontzako enborra zeinek azkarrago ebaki jokatu zuten. Goierritarrek hiru minutu eta 29 segundu behar izan zituzten, eta arabarrek hiru minutu eta 39 segundu. Azkenik, kana erdiko lau enborrekin eta 60 ontzako beste laurekin aritu behar izan zuten lanean. Dorronsorok eta Urteagak 19 minutu eta 52 segundutan ebaki zituzten, eta Jauregik eta Kortxerok 19 minutu eta 51 segundutan. Denbora denak kontutan hartuta, goierritarrek 24 minutu eta 20 segundu behar izan zituzten lana borobiltzeko, eta arabarrek 24 minutu eta 31 segundu, irabazleek baino 11 segundu gehiago. Zeraindarra eta idiazabaldarra gustura zeuden egindako lanarekin. ≪Jauregi gu baino gehixeago da aizkoran. Kortxero berriz, gazteagoa da. Dena den, nik uste dut parekatuta ibili garela. Denok aritu gara ondo, nahiko egur gogorrak tokatu [...]
Xabi Dorronsoro zeraindarrak eta Aitor Urteaga idiazabaldarrak irabazi dute San Blas jaietako aizkora norgehiagoka. Arkaitz Jauregi eta Eloi Kortxero arabarrei 11 segunduko aldea atera diete goierritarrek. Bestalde, Xabier Aranburu Kuzta harri jasotzaileak, erakustaldia egin du hiru motako harriekin.
Arratsaldeko bostak pasatuta zirela ekin zioten igandean herri kirol saioari. Aizkolariek hiru proba gainditu behar izan zituzten. Lehendabizi, bikote bakoitzak 45 ontzako enborra ebaki behar izan zuen kolpeka. Dorronsorok eta Urteagak 59 aizkorakada behar izan zituzten lana bukatzeko, eta Jauregik eta Kortxerok 61.
Ondoren 45 ontzako enborra zeinek azkarrago ebaki jokatu zuten. Goierritarrek hiru minutu eta 29 segundu behar izan zituzten, eta arabarrek hiru minutu eta 39 segundu.
Azkenik, kana erdiko lau enborrekin eta 60 ontzako beste laurekin aritu behar izan zuten lanean. Dorronsorok eta Urteagak 19 minutu eta 52 segundutan ebaki zituzten, eta Jauregik eta Kortxerok 19 minutu eta 51 segundutan.
Denbora denak kontutan hartuta, goierritarrek 24 minutu eta 20 segundu behar izan zituzten lana borobiltzeko, eta arabarrek 24 minutu eta 31 segundu, irabazleek baino 11 segundu gehiago.
Zeraindarra eta idiazabaldarra gustura zeuden egindako lanarekin. ≪Jauregi gu baino gehixeago da aizkoran. Kortxero berriz, gazteagoa da. Dena den, nik uste dut parekatuta ibili garela. Denok aritu gara ondo, nahiko egur gogorrak tokatu zaizkigun arren≫, dio Dorronsorok. Horren seinale da bikote goierritarrak arabarri ateratako alde txikia. ≪Ez da erraza horren diferentzia txikiarekin lana bukatzea. Ari denak gehiago sufritu arren, ikuslearentzat politagoa da≫, aitortu du Urteagak.
Harri jasotze erakustaldia
Xabi Aranburu Kuztak harri jasotze erakustaldia egin zuen aizkolarien saioekin txandatuz. Ehun kiloko kopari 20 jasoaldi eman behar izan zizkion lehendabizi. Minutu bat eta 43 segundu igaro zituen lan hori bukatzeko. Ondoren 130 kiloko errektangularrarekin aritu zen. Minutu batean bost jasoaldi eman zizkion. Azkenik, 170 kiloko harria altxatu behar izan zuen, era zaharrean. Bi altxaldi eman zizkion.
Aranburu oso gustura zegoen egindako lanarekin, batez ere 170 kilokoari emandako bi jasoaldiekin. ≪Gerriko minarekin ibili naiz azkenaldi honetan. Etxean saiatu nintzen harri hori jasotzen, eta ez nuen lortu. Beldur nintzen, baina azkenean dena ondo atera da. Aspaldian horrelako pozik sentitu gabe nengoen≫, zioen irribarrez idiazabaldarrak.
Ikusleei dagokionean beste urte batzuetan jende gehiago izaten da pilotalekuan. Hotz handia egiten zuen, ordea, igandean. Aranbururen hitzetan ≪pixka bat jende gutxiago etorri arren, giro ederra jarri dute bertan bildutakoek. Txalo zaparrada ugari entzun ahal izan dugu, eta horrek animatu egiten gaitu≫.
Talo eta sagardo dastaketa
Herri kirol saioa bukatzerako lanean hasita zeuden Nazioen Mundua herri ekimenekoak: plazan jarritako karpan taloak egiten aritu ziren. Aritz Ugarte Nazioen Munduko kideak jakitera eman duenez, 500dik gora prestatu zituzten. Taloekin batera, antolatzaileek erositako txistor gehiena saldu zuten: ia 25 kilo. Bederatzi kilo hirugiharre, 40 tableta txokolate eta hiru gazta eta erdi ere erabili zituzten taloak betetzeko.
Jaki horrez gain, sagardoa ere dastatu ahal izan zuten herritarrek zein bertara hurbildutako bisitariek. Eta modu horretan, eman zioten bukaera idiazabaldarrek aurtengo San Blas jaiei. Datorren urtera arte itxaron beharko dute beraz, axariek, festan murgiltzeko.
Dantza taldeei buruzko erakusketa “arrakastatsua” izan da
Herritar talde batek Idiazabal dantzan erakusketa eduki du egunotan udaletxe zaharreko areto nagusian, eta jende asko igaro da bertatik. Antolatzaileak gustura daude jasotako erantzunarekin.
Bertan Idiazabalgo dantza talde desberdinen argazkiak, banderak, Arkaitz eta Axari dantza taldeek erabilitako arropak, Idiazabalgo dantzariak agertzen diren postalak eta liburuak, dantzarako erabilitako saskiak, arkuak eta ezpatak… eduki dituzte ikusgai.
Adin desberdineko herritarrak igaro dira udaletxe zaharretik: helduak, gazteak eta haurrak. Helduei gazteetako oroitzapenak gogora ekartzeko balio izan die, eta beraien artean tertulian aritzeko. Gurasoek, dantzari ziren garaian bizitakoak beraien seme-alabei kontatzeko aprobetxatu dute, eta gazteek berriz, beraiek baino zaharragoek urteak igaro ahala zein aldaketa izan duten ikusteko.
Batzuei zein besteei asko gustatu zaie erakusketa. “Gauza asko daude, eta gustu handiz jarrita. Lan ona egin dute”, zion emakumezko batek. Inguruko guztiak bat zetozen berarekin.
Orain desmuntatu egingo dute dena. Bildutako hainbat gauza beraien jabeei bueltatuko dizkiete antolatzaileek, eta gainerakoak udaletxean gordeko dituzte, mimoz.