Haizea Arranz: «Inditex eta txinatarrak direla eta, gazteok oso zaila dugu aurrera egitea»
Haizea Arranzek (Zumarraga, 1984) arropa «alternatiboa» egiten du eta bere diseinuak Haizeastore.com webgunean eros daitezke. Nolatan josteko zaletasuna? Amamak irakatsi zidan josten, bost urte inguru nituenean, eta panpinei arropak egiten nizkien. Non egin zenituen ikasketak? Ez neukan oso argi zer ikasi, Arte Ederrak, Arkitektura, Moda Diseinua… Azken hori hautatu nuen. Donostian patroiak egiten ikasi nuen eta Zaragozan Moda Diseinua. Zertan lan egin duzu? Denda bat ireki nuen lagun batekin. Urte eta erdi eman dugu dendarekin. Diseinatzaile gazteen arropak saldu ditugu. Denda gehienetan marka ezagunak bakarrik saltzen dira eta elkarri lagundu behar diogu. Nolakoa da zure arropa? Arropa alternatiboa da, denda arruntetan ikusten ez dena. Enpresa gehienek moda tendentziak jarraitzen dituztenez, denek gauza berberak egiten dituzte. Nik festetarako arropa eta kortseak egiten ditut gehienbat, emakumeentzat. Zer asmo dituzu? Etxean josten dut, Urretxun, eta on-line denda dut. Bertan katalogoa eta argazkiak daude. Normalean taila arruntak egiten ditut eta norbaitek taila bereziren bat behar badu, neurrira egiten diot. Hamar egun bakarrik itxaron behar dira arropa jasotzeko. Nire arropa dendei eskaintzeko asmoa ere badut. Goierriko emakumeak kortseak bistan eramatera ausartuko direla uste al duzu? Jendea geroz eta gehiago ari da horretara ohitzen. Madrilen eta Bartzelonan aspalditik janzten dituzte kortseak eta Zaragozan ere dezente saldu [...]
Haizea Arranzek (Zumarraga, 1984) arropa «alternatiboa» egiten du eta bere diseinuak Haizeastore.com webgunean eros daitezke.
Nolatan josteko zaletasuna?
Amamak irakatsi zidan josten, bost urte inguru nituenean, eta panpinei arropak egiten nizkien.
Non egin zenituen ikasketak?
Ez neukan oso argi zer ikasi, Arte Ederrak, Arkitektura, Moda Diseinua… Azken hori hautatu nuen. Donostian patroiak egiten ikasi nuen eta Zaragozan Moda Diseinua.
Zertan lan egin duzu?
Denda bat ireki nuen lagun batekin. Urte eta erdi eman dugu dendarekin. Diseinatzaile gazteen arropak saldu ditugu. Denda gehienetan marka ezagunak bakarrik saltzen dira eta elkarri lagundu behar diogu.
Nolakoa da zure arropa?
Arropa alternatiboa da, denda arruntetan ikusten ez dena. Enpresa gehienek moda tendentziak jarraitzen dituztenez, denek gauza berberak egiten dituzte. Nik festetarako arropa eta kortseak egiten ditut gehienbat, emakumeentzat.
Zer asmo dituzu?
Etxean josten dut, Urretxun, eta on-line denda dut. Bertan katalogoa eta argazkiak daude. Normalean taila arruntak egiten ditut eta norbaitek taila bereziren bat behar badu, neurrira egiten diot. Hamar egun bakarrik itxaron behar dira arropa jasotzeko. Nire arropa dendei eskaintzeko asmoa ere badut.
Goierriko emakumeak kortseak bistan eramatera ausartuko direla uste al duzu?
Jendea geroz eta gehiago ari da horretara ohitzen. Madrilen eta Bartzelonan aspalditik janzten dituzte kortseak eta Zaragozan ere dezente saldu da. Hemen jendeari kostatzen ari zaio, baina lortuko dugu. Bi modelo ditut: gorputz osokoa eta bular azpikoa. Gorputz osokoa ezkontzetarako-eta da aproposa, baina bular azpikoa edozein egunetan eraman daiteke.
Nola ikusten dituzu goierritarrak?
Klasiko samarrak dira, baina arropa berritzailea saltzen duten denda txikiak ireki dira eta poztekoa da. Nik, oraingoz, ez dut denda irekitzeko asmorik. Diseinatzaile gazteok oso zaila dugu aurrera egitea, Inditexen moduko enpresa handiek eta txinatarrek arropa merkea saltzen baitute. Krisia dela eta, jendea horietara joaten da.