Jon Maia: «Mundua gazta bat da eta euskaldunok gure zatia nahi dugu»
Jon Maia • Bertsolaria eta zinemagilea Goierriko Nazioen Munduak herri mugimenduak, duela hiru urte, autodeterminazio eskubidearen alde egiten ari zen lana biltzeko enkargua eman zion Jon Maiari (Urretxu, 1972). Enkargua onartu eta Gazta zati bat dokumentala apirilerako prest izango du Maia zuzendariak. Dokumentalaren muntaketan ari zarete egunotan. Dena den, hasierako asmoak eta bukaerako emaitzak, ez du zerikusi handirik. Dokumentala Euskal Herriak bizi duen aldaketa politikoaren ispilu izan dela esan daiteke. Bai hasierako asmoa aldatu eta handitu egin da. Nazioen Munduaken historia eta lana grabatzen ari ginela, beraiekin Eskoziara joan ginen, besteak beste Highlands jaialdiko herri kirol jaialdia grabatzera. Eskoziara joan ginen, artean zer egin behar genuen oso ondo jakin gabe. Baina kamara eskuetan genuela hasi ziren gertakizun historikoak gertatzen. Goierritik etorri zitzaidan enkargu honi esker, Euskal Herriaren historia lehenengo lerroan bizitzera eta jasotzera pasatu naiz. Herri txiki bateko istorio bat grabatzen hasi ginen eta nazio baten aldaketa historikoa grabatzen bukatu dugu. Ezker abertzalearen aldaketa, ETAren su etena, ezker abertzalearen Euskaldunako deklarazioa indarkeria errefusatuz, zortzi urteren ondoren Bilduren legalizazioa, ETAren behin-betiko su etena, Aieteko adierazpena… Hortxe dena grabatzen aritu gara. Toki askotara joan gara, prozesu honetako protagonista askorekin egon gara. Gertatu ahala joan gara grabatzen, Aieteraino. Noizbait bukatu behar genuen. Denbora [...]
Jon Maia • Bertsolaria eta zinemagilea
Goierriko Nazioen Munduak herri mugimenduak, duela hiru urte, autodeterminazio eskubidearen alde egiten ari zen lana biltzeko enkargua eman zion Jon Maiari (Urretxu, 1972). Enkargua onartu eta Gazta zati bat dokumentala apirilerako prest izango du Maia zuzendariak.
Dokumentalaren muntaketan ari zarete egunotan. Dena den, hasierako asmoak eta bukaerako emaitzak, ez du zerikusi handirik. Dokumentala Euskal Herriak bizi duen aldaketa politikoaren ispilu izan dela esan daiteke.
Bai hasierako asmoa aldatu eta handitu egin da. Nazioen Munduaken historia eta lana grabatzen ari ginela, beraiekin Eskoziara joan ginen, besteak beste Highlands jaialdiko herri kirol jaialdia grabatzera. Eskoziara joan ginen, artean zer egin behar genuen oso ondo jakin gabe. Baina kamara eskuetan genuela hasi ziren gertakizun historikoak gertatzen.
Goierritik etorri zitzaidan enkargu honi esker, Euskal Herriaren historia lehenengo lerroan bizitzera eta jasotzera pasatu naiz. Herri txiki bateko istorio bat grabatzen hasi ginen eta nazio baten aldaketa historikoa grabatzen bukatu dugu. Ezker abertzalearen aldaketa, ETAren su etena, ezker abertzalearen Euskaldunako deklarazioa indarkeria errefusatuz, zortzi urteren ondoren Bilduren legalizazioa, ETAren behin-betiko su etena, Aieteko adierazpena… Hortxe dena grabatzen aritu gara. Toki askotara joan gara, prozesu honetako protagonista askorekin egon gara. Gertatu ahala joan gara grabatzen, Aieteraino. Noizbait bukatu behar genuen.
Denbora politikoak ere dokumentalaren alde egin du, bai Euskal Herriaren kasuan, bai Eskoziaren kasuan. Dena gurutzatzen da, eta guk orain aterako dugu. Oso pozik daude.
Nazioen Mundua autodeterminazio eskubidearen aldeko herri ekimena da. Autodeterminazioaren kontzeptua zabaltzen eta gizarteratzen aritzen da. Hiru urte hauetan nabaritu duzu autodeterminazio kontzeptuan aldaketarik edo bilakaerarik?
Idiazabal, eta hori dokumentalean ikusiko da, laboratoriotxo bat bezala izan da. Goierrin zuzenean nabaritzen da egin duten lana. Ezinezkoa zirudien gatazka giro baten baitan, desberdinen artean adostasun batera iritsi dira eskubide horren bueltan. Ezker abertzaleko eta EAJren inguruko sentsibilitateko jendeak lortu zuen, giza harremanaren bidez, adostea, elkarrekin noraino joateko gai ziren. Hori dena, aurreiritzi askori aurre eginez, testuinguru zail batean, eta konfrontazio inertzia bati buelta emanez.
Idiazabalen taldea sortzea lortu zuten eta denborarekin Goierrira eman zuten salto. Hor adibide handiena eta garrantzitsuena, Ordizian antolatu zuten Eskozia eta Euskal Herriaren arteko topaketa izan zen. Hor ikusi zen, zein inplikazio zegoen eta nola lortu zuten mezu hori zabaltzea. Oso inportantea da Nazioen Mundua herri mugimendu bat dela nabarmentzea, eta alderdi politikoen arteko gatazkak gainditu dituela eta tutoretza hori gabe datorrela. Hauek estilo berri bat ezarri dute. Idiazabalen gai baldin bagara, zergatik ez Euskal Herrian? Euskal Herriarentzat eredugarria da Goierri eta ea dokumentalak Goierriko eredua Euskal Herri osora zabaltzea lortzen duen.
Erabakitzeko eskubidea herri orok duen eskubidea dela aldarrikatzen du Nazioen Munduak.
Nazioen Munduak aldarrikatzen du erabakitze eskubidea ez dela eskubide politiko bat; berez dagokigun zerbait dela. Ez da eztabaidatu ere egin behar, eskubide hori ez da gatazka politikoan sartu behar, giza eskubide bat da. Norberak erabaki ahal izatea edo gauzatu ahal izatea norbera dena. Dokumentalean ere asko saiatu gara abertzaleak ez direnen ahotsak sartzen. Baina zoritxarrez aurreiritziekin egiten dugu topo.
Eskozian izan zineten, autodeterminazio eskubidearen inguruan ikasten.
Eskozia oso interesgarria da. Beti begiratu izan diogu Irlandari, Quebec ere agertu izan da eredu bezala… Indarkeriarik gabe, erabakitzeko eskubidera ia seguru iritsiko den nazio baten adibidea da Eskozia. Europa zaharreko nazio zahar bat da, eta bertan dago, hegazkinez Euskal Herritik ordubetera dagoena. Oso inportantea da posible dela ikustea.
Eskozian beste kultura demokratiko bat dago eta ez da eztabaidatzen erabakitzeko eskubidea daukatenik. Hori nahi dugu Euskal Herriarentzat. Nazioen Mundua ekimenak Eskoziaren eredua aldarrikatzen du, hango higiene demokratiko hori. Erresuma Batuaren parte izatearen aldekoek ere esaten dute, nola ez dugu ba edukiko erabakitzeko eskubiderik Erresuma Batukoak izan nahi dugula esateko! Guk berdina esaten dugu: nola ez dute edukiko hemen bizi diren espainiar zaleek espainiarrak izatea erabakitzeko aukera? Ikasteko asko daukagu.
Gazta zati bat du izena dokumentalak. Gaztaren metafora erabili duzue.
Munduaren metafora bezala ikusten dugu gazta. Mundua gazta bat da eta guk, euskaldunok, gure zatia nahi dugu. Iruditzen zaigu irudi sinpatiko bat dela gazta.
Dokumental sinpatiko bat izango da, alaia, oso humanoa. Nik uste dut euskal gatazkari buruz egin diren dokumental guztietatik oso desberdina izango dela. Etorkizunari begira jarriko gaituen, eta oraingo baikortasun eta ilusio olatu honi forma emango dion dokumentala izatea nahi dugu; aro berriko dokumentala. Aro politiko berriko dokumentala izan dadila, bateratzailea, pizgarria izan dadila. Dokumentala bera ekimen bat izango da, herriz herri proiektatzen denean.
Gaztaz gain, Idiazabalgo artzain bat ere protagonista izango da dokumentalean.
Idiazabalen gazta lehengo erara egiten duen Luis Katarain artzaina aterako da. Berak irudikatzen du herri honen existentzia milenarioa, atenporala, betidanik hor egon dena. Zortzi mila urte dira gizakiak gazta egiten duela lur hauetan. Hemengoak gara, hemen gaude eta hori da berak irudikatzen duena. Bukaeran, bere historiaren bukaerak, ezusteko bat izango du. Polita izango da. Artzaina, gazta egitearen prozesua presente egongo da eta Nazioen Munduaken historia eta azken aldaketa historikoen kontakizuna tartekatuko ditugu.
Herritarrez gain, politikan ardura dutenak ere azalduko dira.
Denboran denak koinziditu digu. Brian Currinekin hiru aldiz egon gara, Juan Jose Ibarretxerekin, Rufi Etxeberriarekin… denekin hainbat aldiz izan gara. Paul Rios ere oso presente dago. Gainera, gauzak gertatu ahala hitz egiten dute, ez gauzak gertatu eta gero. Oso freskoa izango da dokumentala zentzu horretan. Momentuko emozioak eta tentsioak biltzen ditu. Begirada intimo samarra egiten du. Ez dira Teleberri batean ikusiko genituzkeen irudiak azalduko. Lehenengo pertsonan, begirada subjektibo batekin kontatua da. Ez da kronika politiko bat bere horretan. Istorio bat kontatzen ari gara eta pertsonak oso presente daude. Ez dira hainbeste politiko, pertsonak dira.
Dokumentala autodeterminazio eskubidearen aldeko ekimen batean bihurtzea nahi duzuela aipatu duzu. Zein helburu du dokumentalak?
Dokumentalak ea bere funtzioa egiten duen eta ea lortzen dugun euskal gizartean idiazabaldarren eta goierritarren adibide hori barneratzea. Oso gauza inportantea da Goierrin gertatu dena. Goierritarrek ardura handiko mugimendu bat sortu dute, ardura handia erakusten duena.
Bestetik, oso pozik nago batez ere ezker abertzaleko eta EAJko jendeak erakutsi duen arduragatik eta gai izan direlako aurreiritzi eta partiduen arteko gatazka joera hori gainditzeko. Uste dut eredugarria dela hori.
Istorio, irudi, hitz, bizipen ugari bildu duzue hiru urteotan. Zein irudi sartu zaizu barru-barruraino?
Oso barrura sartu zaizkit Nazioen Munduak ekimenean ezagutu dudan zenbait pertsona. Zein pasio, zein ekiteko gogo, zein sinismen egiten duten horretan, zein sinesmen formula berritzaile horretan…