Elurra eta hotza etorriko dira datozen orduetan
Gaur berriro elurra egingo zuela zioten iragarpenek, eta pasa den astean bezala, oraingoan ere asmatu dute iragarleek, tarteka bada ere. Goiz partean, Goierri garaian elur maluta batzuk erori dira, baina ordulaurden bat igaro denerako ateri zegoen. Eguerdi partean, berriz, eguzki izpi batzuk ikusi ahal izan dira, tarteka urdina zen zeruan. Hala ere, Euskalmeten goizeko datuei begira, Zegaman -0,8 graduko batazbesteko tenperatura egin du gaur. Ordizian, 1,5 gradukoa da orain arteko tenperaturaren batazbestekoa. Tenperaturen beherakadaren erakusle, Ordiziako atzoko egun osoko batazbestekoa 4,2 gradukoa izan zen.
11:40ak aldera hasi du, baina hamabost minutura ateri zegoen berriro. Euskalmeten iragarpenaren arabera, gaur, Goierrin 100 eta 300 metro artean egongo da elur-kota. Arratsalde eta gau partean, kota itsas mailara jaitsiko da. Ipar eta ipar-ekialdeko haizea ibiliko da eta tenperaturek behera egingo dute. Izozteak ahulak izango dira, hasiera batean behintzat.
Bihar zerua hodeiez beteta egongo da. Prezipitazio ahulak izango dira, elur forman. Mendebaldeko inguruetan dago hau gertatzeko aukera gehien. Hemen, goizeko ordu txikietan prezipitazioen indarra handi liteke. Haizeak bere horretan jarraituko du, eta tenperaturek beheranzko bidean jarraituko dute.