Herritarren parte hartzea bultzatzeko asmoarekin, Beasaingo udal gobernuak hainbat batzar egin zituen auzoz auzo, azaroan hasita. Orain, batzar horien inguruko balorazioa egin dute, eta bileretan ateratako kezkak eta iradokizunak jasotzen dituen txos...
Negu giro gordinarekin jokatu zen, herenegun, Euskadiko kros motzeko txapelketa Lazkaon. Aurreko hiru egunetan botatako elurraren hondarrak eta tenperatura baxuek, euriarekin batera, lagundu zioten X. Antzar Krosari, Eñaut Aldanondo korrikalari lazkaotar zenaren omenez antolatu den hirugarrenari. Zubierrekan atondu zuten Antzar Korrikalariak taldekoek probarako barrutia, Agauntza errekaren meandroan. Sergio Garcia eta Trihas Gebre gipuzkoarrak izendatu dituzte Euskadiko txapeldun, gizonezkoetan eta emakumezkoetan. Lehiatua izan zen oso gizonen korrikaldia, ≪lasterketa oso polita eta borrokatua≫, antolakuntza taldeko Iñaki Belamendiak azaldu duenez. Garcia txapeldunak (13.19) lau segundo besterik ez zion atera Eneko Agirrezabal segurarrari, 5.300 metroko lasterketan. Walid Ouaalit ere orpoz orpo sartu zen, 13.24rekin, podiuma osatuz. Jose Antonio Blanco ordizarra iritsi zen laugarren. Emakumezkoetan, euskal proba herrikoiak ondo ezagutzen dituzten Trihas Gebrek ez zuen hutsik egin, lokatzetan ere. Etiopiar jatorriko donostiarra —22 urte beteko ditu aurten— irailean Josetxo Imaz memorialean neska onena izan zen, Lazkaon bertan hasi eta bukatu zen proban orokorrean 10. eginda; eta azaroan Behobia-Donostian berretsi zuen ahala. Bietan nesken arloko denbora-markak birrindu zituen. Taldekako sailkapenean, senior gizonezkoetan, Ordiziako Txindoki-Jaso atletismo klubak ez zuen parekorik izan. Agirrezabalen bigarren postua eta Blancoren laugarrena borobiltzeko, Unai Cobos seigarren sailkatu zen (13.35), eta Sergio Roman zazpigarren (13.37). Lehen zazpi postuetan lau korrikalari sartu zituzten, beraz, [...]
Arrastaka Mendi Taldeak alpinismoan lehen urratsak ematen hasteko ikastaroa antolatu du otsailerako. Hilaren 15 etik 19ra bitartean egingo dute, bi saiotan banatuta; aurrenekoan teoria landuko dute eta bigarrenean Piriniotara joango dira. Hilaren 15eti...
Beasaingo Alkartasuna Lizeoak 1.830 euroko txekea eman dio Herriak Elkarlanean erakundeari. Lizeoko gurasoek eta ikasleek, urtean zehar egindako hiru ekintzetan bildutako dirua da. Bigarren eskuko jostailuen salmentan, merkatu txikian jarritako produ...
Beasaingo odolkiak badu nahikoa fama, bai eskualdean eta baita Goierritik kanpora ere. Hala ere, urtez urte haren izen ona lau haizeetara zabalduko duten ordezkariak aukeratzen dituzte. Aurten, Aizkorri Mendizale Elkarteak eta Juan Antonio Lopez futbolari izandakoak jaso dute ohorezko kofradearen titulua. Beasaingo odolkia edozeren gainetik defendatuko dutela zin egin dute, herritarren aurrean. Odolki kofradia sortu zutenetik, azken hogeita zazpi urteetan egin dute kofradiaren kapitulua, Loinazko San Martin egunarekin batera. Aurten ere, nahiz eta eguraldiak askorik ez lagundu, ehundik gora herritar bildu ditu ekitaldiak. Herrian barrena egindako desfilearen eta tradizioak agintzen duen mezaren ondoren, plazapeko aterpean bildu ziren denak. Herriko txistulari bandaren doinuek lagunduta hasi zen ekitaldia. Beste ezertan hasi aurretik, gonbidatutako kofradietako ordezkariak igo ziren oholtzara. Han ziren, besteak beste, Idiazabal gazta, Tolosako babarruna, Bidasoako izokina, Getariako Txakolina, Gipuzkoako sagardoa eta Nafarroako eta Rivera del Dueroko ardoak ordezkatzen dituzten kofradietakoak. Izendapen ugari Kofradiaren 27. kapituluan, hainbat izendapen egin zituzten. Denetan lehena, herriko alkateari dagokion ohorezko presidentearena izan zen. Koldo Agirrek, beretzako «egun berezia» dela azaldu zuen, eta kofradiaren lana eskertuz jaso zituen kofradiako kapa, txapela eta eskapularioa. Segidan, ohorezko kofradeen txanda izan zen. Aizkorri Mendizale Elkartearen izenean, Patxi Elortzak eta Tomas Salazarrek jaso zuten izendapena. Elortzak esker ona agertu eta «elkartea momentu honetara iristeko lan egin [...]
Zegamarrak Realakin. Aupa Real kirol-lagunarteko kideak asteburua Katalunian igaro dute, Realak Bartzelonan partida jokatu behar zuela aitzakia hartuta. Larunbat goizean elurra mara-mara ari zela abiatu zen autobusez 34 lagunek osatutako taldea Bartzelona aldera. Arratsaldean jada bertan ziren eta partidaren aurretik Bartzelonako kaleetan ibili ziren, hara eta hona giroa jarriz. Realaren aldeko ohiuak ez ziren falta izan. Realak partida galdu egin zuen arren, Zegamako kirol-lagunartekoen iritziz “itxura ona” eman zuen. “Aurkari ahalguztiduna estu eta larri hartu, eta hari aurre egiteko gai izan zen”. Horregatik, pozik atera ziren zegamarra futbol zelaitik. Igandean Sant Sadurni D’Anoian Igandean Sant Sadorni D’Anoian izan ziren, Kataluniako herri hori Zegamarekin senidetuta dagoela aprobetxatuz. Lehendabizi bi upategi bisitatu zituzten, eta ondoren bertako jaki tipikoekin bazkaldu zuten. Asteburua ederki pasatuta gustura itzuli ziren zegamarrak etxera.