Odolkiaren aita ponteko berriak
Beasaingo odolkiak badu nahikoa fama, bai eskualdean eta baita Goierritik kanpora ere. Hala ere, urtez urte haren izen ona lau haizeetara zabalduko duten ordezkariak aukeratzen dituzte. Aurten, Aizkorri Mendizale Elkarteak eta Juan Antonio Lopez futbolari izandakoak jaso dute ohorezko kofradearen titulua. Beasaingo odolkia edozeren gainetik defendatuko dutela zin egin dute, herritarren aurrean. Odolki kofradia sortu zutenetik, azken hogeita zazpi urteetan egin dute kofradiaren kapitulua, Loinazko San Martin egunarekin batera. Aurten ere, nahiz eta eguraldiak askorik ez lagundu, ehundik gora herritar bildu ditu ekitaldiak. Herrian barrena egindako desfilearen eta tradizioak agintzen duen mezaren ondoren, plazapeko aterpean bildu ziren denak. Herriko txistulari bandaren doinuek lagunduta hasi zen ekitaldia. Beste ezertan hasi aurretik, gonbidatutako kofradietako ordezkariak igo ziren oholtzara. Han ziren, besteak beste, Idiazabal gazta, Tolosako babarruna, Bidasoako izokina, Getariako Txakolina, Gipuzkoako sagardoa eta Nafarroako eta Rivera del Dueroko ardoak ordezkatzen dituzten kofradietakoak. Izendapen ugari Kofradiaren 27. kapituluan, hainbat izendapen egin zituzten. Denetan lehena, herriko alkateari dagokion ohorezko presidentearena izan zen. Koldo Agirrek, beretzako «egun berezia» dela azaldu zuen, eta kofradiaren lana eskertuz jaso zituen kofradiako kapa, txapela eta eskapularioa. Segidan, ohorezko kofradeen txanda izan zen. Aizkorri Mendizale Elkartearen izenean, Patxi Elortzak eta Tomas Salazarrek jaso zuten izendapena. Elortzak esker ona agertu eta «elkartea momentu honetara iristeko lan egin [...]
Beasaingo odolkiak badu nahikoa fama, bai eskualdean eta baita Goierritik kanpora ere. Hala ere, urtez urte haren izen ona lau haizeetara zabalduko duten ordezkariak aukeratzen dituzte. Aurten, Aizkorri Mendizale Elkarteak eta Juan Antonio Lopez futbolari izandakoak jaso dute ohorezko kofradearen titulua. Beasaingo odolkia edozeren gainetik defendatuko dutela zin egin dute, herritarren aurrean.
Odolki kofradia sortu zutenetik, azken hogeita zazpi urteetan egin dute kofradiaren kapitulua, Loinazko San Martin egunarekin batera. Aurten ere, nahiz eta eguraldiak askorik ez lagundu, ehundik gora herritar bildu ditu ekitaldiak. Herrian barrena egindako desfilearen eta tradizioak agintzen duen mezaren ondoren, plazapeko aterpean bildu ziren denak. Herriko txistulari bandaren doinuek lagunduta hasi zen ekitaldia.
Beste ezertan hasi aurretik, gonbidatutako kofradietako ordezkariak igo ziren oholtzara. Han ziren, besteak beste, Idiazabal gazta, Tolosako babarruna, Bidasoako izokina, Getariako Txakolina, Gipuzkoako sagardoa eta Nafarroako eta Rivera del Dueroko ardoak ordezkatzen dituzten kofradietakoak.
Izendapen ugari
Kofradiaren 27. kapituluan, hainbat izendapen egin zituzten. Denetan lehena, herriko alkateari dagokion ohorezko presidentearena izan zen. Koldo Agirrek, beretzako «egun berezia» dela azaldu zuen, eta kofradiaren lana eskertuz jaso zituen kofradiako kapa, txapela eta eskapularioa.
Segidan, ohorezko kofradeen txanda izan zen. Aizkorri Mendizale Elkartearen izenean, Patxi Elortzak eta Tomas Salazarrek jaso zuten izendapena. Elortzak esker ona agertu eta «elkartea momentu honetara iristeko lan egin duten guztiak» izan zituen gogoan. Bigarren izendapena, Juan Antonio Lopez Zurdo futbolari ohiak jaso zuen. Izendapenaren berri izan zuenetik «pozez zoratzen» dagoela esan zuen, eta aurrerantzean «Beasaina etortzeko beste aitzakia bat» duela.
Jose Ramon Apalategi ‘Txiflo’ (Kofrade nagusia)
«Uste dut odolkien kalitatea hobetzen lagundu dugula»
Odolkien kofradia ondo ezagutzen du Jose Ramon Apalategi Txiflo beasaindarrak. Bera izan zen sortzaileetako bat, eta orain kofrade nagusi izendatu dute.
Kofrade nagusi izendatu zaituzte. Zer esanahai du titulu horrek?
Gehiago da antolakuntza aldetik egiten den gauza bat beste ezer baino. Batenbatek eman behar ditu odolkiarekin kolpeak, eta niri egokitu zait.
Javier Begueren tokia hartu duzu. Gaurko ekitaldian ere gogoan izan duzue. Une berezia izan da, ezta?
Bai, duela gutxi hil zen, eta bai bera eta bai pasa den urtean hildako beste bi kofradeak gogoratzeko momentua izan da. Alde horretatik, urte gogorra izan da kofradiarentzat. Javierrez gain, Pedro Luis Aramendi eta Xabier Arrizabalaga ere joan zaizkigu. Horregatik, elkar hartu eta aurrera egiteko momentua da.
Kofradian urte asko daramatzazu.
Bai, izatez, kofradiaren sortzaileetako bat naiz, beste hiru lagunekin batera. Horietako bat hilda dago, eta beste bat osasunez ez dabil oso fin. Adinaren kontua edo izango da.
Nolatan bururatu zitzaizuen odolkiaren inguruan kofradia bat sortzea?
Realaren partida baten ondoren izan zen. Ormazabalen elkartzeko ohitura genuen, eta hantxe, beste kofradia batzuen inguruan hizketan ari ginela, burutazio hori izan genuen. Ideia hura, jende askoren babesari esker, indartzen joan da urtez urte.
Ohitura ere bihurtu da.
Beno, hemen badakizu gauza bat hiru urtez eginez gero, tradizio bihurtzen dela. Baina uste dut odolkien kalitatea hobetzen ere lagundu dugula. Ikusi besterik ez dago duela 25 urte nolako odolkiak egiten ziren. Eta harakinek ere eskertu izan digute, gaur egun, odolkia saltzeak diru bat uzten duelako. Eta hori da benetan pozten gaituena.














