Sergio Garciak eta Trihas Gebrek jantzi dituzte kros motzeko txapelak, Lazkaon
Negu giro gordinarekin jokatu zen, herenegun, Euskadiko kros motzeko txapelketa Lazkaon. Aurreko hiru egunetan botatako elurraren hondarrak eta tenperatura baxuek, euriarekin batera, lagundu zioten X. Antzar Krosari, Eñaut Aldanondo korrikalari lazkaotar zenaren omenez antolatu den hirugarrenari. Zubierrekan atondu zuten Antzar Korrikalariak taldekoek probarako barrutia, Agauntza errekaren meandroan. Sergio Garcia eta Trihas Gebre gipuzkoarrak izendatu dituzte Euskadiko txapeldun, gizonezkoetan eta emakumezkoetan. Lehiatua izan zen oso gizonen korrikaldia, ≪lasterketa oso polita eta borrokatua≫, antolakuntza taldeko Iñaki Belamendiak azaldu duenez. Garcia txapeldunak (13.19) lau segundo besterik ez zion atera Eneko Agirrezabal segurarrari, 5.300 metroko lasterketan. Walid Ouaalit ere orpoz orpo sartu zen, 13.24rekin, podiuma osatuz. Jose Antonio Blanco ordizarra iritsi zen laugarren. Emakumezkoetan, euskal proba herrikoiak ondo ezagutzen dituzten Trihas Gebrek ez zuen hutsik egin, lokatzetan ere. Etiopiar jatorriko donostiarra —22 urte beteko ditu aurten— irailean Josetxo Imaz memorialean neska onena izan zen, Lazkaon bertan hasi eta bukatu zen proban orokorrean 10. eginda; eta azaroan Behobia-Donostian berretsi zuen ahala. Bietan nesken arloko denbora-markak birrindu zituen. Taldekako sailkapenean, senior gizonezkoetan, Ordiziako Txindoki-Jaso atletismo klubak ez zuen parekorik izan. Agirrezabalen bigarren postua eta Blancoren laugarrena borobiltzeko, Unai Cobos seigarren sailkatu zen (13.35), eta Sergio Roman zazpigarren (13.37). Lehen zazpi postuetan lau korrikalari sartu zituzten, beraz, [...]
Negu giro gordinarekin jokatu zen, herenegun, Euskadiko kros motzeko txapelketa Lazkaon. Aurreko hiru egunetan botatako elurraren hondarrak eta tenperatura baxuek, euriarekin batera, lagundu zioten X. Antzar Krosari, Eñaut Aldanondo korrikalari lazkaotar zenaren omenez antolatu den hirugarrenari. Zubierrekan atondu zuten Antzar Korrikalariak taldekoek probarako barrutia, Agauntza errekaren meandroan. Sergio Garcia eta Trihas Gebre gipuzkoarrak izendatu dituzte Euskadiko txapeldun, gizonezkoetan eta emakumezkoetan.
Lehiatua izan zen oso gizonen korrikaldia, ≪lasterketa oso polita eta borrokatua≫, antolakuntza taldeko Iñaki Belamendiak azaldu duenez. Garcia txapeldunak (13.19) lau segundo besterik ez zion atera Eneko Agirrezabal segurarrari, 5.300 metroko lasterketan. Walid Ouaalit ere orpoz orpo sartu zen, 13.24rekin, podiuma osatuz. Jose Antonio Blanco ordizarra iritsi zen laugarren.
Emakumezkoetan, euskal proba herrikoiak ondo ezagutzen dituzten Trihas Gebrek ez zuen hutsik egin, lokatzetan ere. Etiopiar jatorriko donostiarra —22 urte beteko ditu aurten— irailean Josetxo Imaz memorialean neska onena izan zen, Lazkaon bertan hasi eta bukatu zen proban orokorrean 10. eginda; eta azaroan Behobia-Donostian berretsi zuen ahala. Bietan nesken arloko denbora-markak birrindu zituen.
Taldekako sailkapenean, senior gizonezkoetan, Ordiziako Txindoki-Jaso atletismo klubak ez zuen parekorik izan. Agirrezabalen bigarren postua eta Blancoren laugarrena borobiltzeko, Unai Cobos seigarren sailkatu zen (13.35), eta Sergio Roman zazpigarren (13.37). Lehen zazpi postuetan lau korrikalari sartu zituzten, beraz, Txindokik.
Nesketan ere eskualdeko beste talde batek irabazi du, Goierri Garaiak. Sanzen hurrena, bosgarren tokian, Lourdez Oiartzabal (16.13), hamargarren Maite Maiora (17.10) eta hamabigarren Rakel Aperribai (17.20) kokatu zituen Goierri Garaiak.
Seniorren Euskadiko txapelak izendatzeaz gain, beteranoen kros motzeko lehiaketa ofiziala ere bazen igandekoa. Gizonetan, Ramon Varela gipuzkoarra eta Mari Carmen Gartzia bizkaitarra dira arloko onenak. Adinka, 55 urte tarteko onena Varela izan zen, 60koan Txema Arenzana, 65ekoan Jose Carlos Bereziartua eta 70ekoan Jose Mari Murua.
Emakumezkoetan, Gartziaren atzetik Elena Calvillo beasaindarra sailkatu zen, zazpi segundora. Cristina Zurbitu (35ekoan), Calvillo (40), Gartzia (45), Marisol Ramos (50), Begoña Mayo (55), Kontxi Tajes (60) eta Mari Jose Gil (70) izan ziren adinkako azpisailkapenetan onenak.
Lehiaketa jendetsuena 35-55 urte arteko beteranoena izan zen, 99 partaiderekin. Igor Garcia gailendu zen, 35 urteko sailean egindako 17.51 minutuko denborarekin. Beste adin tarteetan David Huebra (40koan), Francisco Javier Fontaneda (45) eta Jose Gonzalez (50) izan ziren garaileak.
Eguraldiaren baldintzengatik, hain justu, haurren lehiaketak bertan behera geratu ziren, Gipuzkoako Atletismo Federazioak jaurtitako gomendioari men eginez. Benjaminen, aurrebenjaminen, alebinen eta infantilen lasterketa irekiak ez ziren jokatu, baina Lazkaoko bertako neska-mutikoei utzi zieten parte hartzen. ≪Bertako haur dezente animatu da, euri asko eta hotz handia egin duen arren≫, esan du Belamendiak.
Partaidetza oparoa izan zen, hala eta guztiz ere, X. Antzar Krosean. Denera 223 atletak (haurrak kontatu gabe) egin zuten korrika Zubierrekako zelaian, 178 gizonezko eta 45 emakumezko.
Euskal Herriko kros denboraldiari dagokionez, Gipuzkoako Federazioaren egutegian Goierrin beste proba bat bakarrik jokatuko da aurten. Zumarragan dago iragarrita, martxoaren 4an. Bestetik, lasterketa herrikoien atalean, otsailaren azkeneko igandean, 26an, Ormaiztegin Sahararen Aldeko VI. Kros Herrikoia izango da. Beasaingo II. Herri Lasterketa martxaoren 4rako dago iragarria.
SAILKAPENAK
Senior gizonezkoak
1. Sergio Garcia 13.19
2. Eneko Agirrezabal 13.23
3. Walid Ouaalit 13.24
4. Jose Antonio Blanco 13.34
5. Youssef Denni 13.34
Senior emakumezkoak
1. Trihas Gebre 15.02
2. Nell Rojas 15.40
3. Iraia Garcia 15.46
4. Ainhoa Sanz 16.10
5. Lourdes Oiartzabal 16.13
Beterano gizonezkoak (+55)
1. Ramon Varela 15.09
2. Santiago Fuertes 15.25
3. Francisco Martinez 15.40
Beterano emakumeak(+35)
1. Mari Carmen Gartzia 16.11
2. Elena Calvillo 16.18
3. Nerea Amilibia 16.26
EMAITZA GUZTIAK: Euskadiko Atletismo Federazioaren webgunean.