Udal gobernuak gastuak murriztuta aurre egin nahi dio aurrekontuen jaitsierari
Beasaingo udal aurrekontuak onartzeko osoko bilkura gaur zortzi egingo dute. Horren aurretik ordea, udal gobernu taldeak egindako proposamena aurkeztu du herritarren aurrean. Proposamen horren arabera, udalak 13,5 milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino %5 gutxiago. Horri, fondo foralari itzuli beharreko dirua eta aurreko urteetatik datozen maileguak gehitu behar zaizkio. Hala, udalaren zorpetze maila %6,67koa dela azaldu dute udal gobernuko ordezkariek. Egoera horretan, gastu arruntak eta inbertsioetarako diru kopurua murriztu egingo dute. Koldo Agirre alkatearen arabera, aurrekontua «orokorrean nahikoa adostuta» dago, eta ez dute aldaketa handirik espero. «Alderdiekin bilera batzuk egin ditugu, eta nahikoa adostuta daudela esan liteke». Hala, datorren ostegunean egingo duten osoko bilkuran proposamen hori aurrera ateratzea espero du alkateak. Gobernu taldeak egindako proposamenaren arabera, udalak 13,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2012. urtean, iazkoa baino %5 txikiagoa. Hori dela eta, «inbertsioetarako nahiko genukeena baino diru gutxiago» izango dutela azaldu du Agirrek. Kopuru horren atzean, udalaren diru sarreretan izandako «murrizketa handiak» daude. Udal tasak eta zergak ere ez dira igo azken hiru urteetan –zaborrarena salbu–, eta aurten ere mantendu egingo dira. Tasak igo ez badira ere, «populazioaren gorakadari esker» sarrera horiek hobetzea espero dute. Aurrekontu murrizketa dela eta, gastu arruntak ere ahalik eta gehien murrizten saiatu dira. Agirreren arabera, «azken hiru urteetako gastu [...]
Beasaingo udal aurrekontuak onartzeko osoko bilkura gaur zortzi egingo dute. Horren aurretik ordea, udal gobernu taldeak egindako proposamena aurkeztu du herritarren aurrean. Proposamen horren arabera, udalak 13,5 milioi euroko aurrekontua izango du, iaz baino %5 gutxiago. Horri, fondo foralari itzuli beharreko dirua eta aurreko urteetatik datozen maileguak gehitu behar zaizkio. Hala, udalaren zorpetze maila %6,67koa dela azaldu dute udal gobernuko ordezkariek. Egoera horretan, gastu arruntak eta inbertsioetarako diru kopurua murriztu egingo dute.
Koldo Agirre alkatearen arabera, aurrekontua «orokorrean nahikoa adostuta» dago, eta ez dute aldaketa handirik espero. «Alderdiekin bilera batzuk egin ditugu, eta nahikoa adostuta daudela esan liteke». Hala, datorren ostegunean egingo duten osoko bilkuran proposamen hori aurrera ateratzea espero du alkateak.
Gobernu taldeak egindako proposamenaren arabera, udalak 13,5 milioi euroko aurrekontua izango du 2012. urtean, iazkoa baino %5 txikiagoa. Hori dela eta, «inbertsioetarako nahiko genukeena baino diru gutxiago» izango dutela azaldu du Agirrek. Kopuru horren atzean, udalaren diru sarreretan izandako «murrizketa handiak» daude. Udal tasak eta zergak ere ez dira igo azken hiru urteetan –zaborrarena salbu–, eta aurten ere mantendu egingo dira. Tasak igo ez badira ere, «populazioaren gorakadari esker» sarrera horiek hobetzea espero dute.
Aurrekontu murrizketa dela eta, gastu arruntak ere ahalik eta gehien murrizten saiatu dira. Agirreren arabera, «azken hiru urteetako gastu arruntik txikiena dugu une honetan». Atalka begiratuta, euskara, gazteria, kirola eta hezkuntza arloetako gastua mantentzen saiatu dira. «Kulturan, herriko elkarteei ematen zaien laguntza mantendu» nahi dutela dio Agirrek. Jaitsiera nagusia, hirigintza arlokoa litzateke, %20 murriztuko baitute kopuru hori. Hezkuntzan berriz, %10eko igoera izango da. Soldatei dagonionean, udal langileenak %2,4 igoko lirateke; politikarien diru sariak, ordea, %25 jaitsiko dira.
Inbertsio gutxi eta txikiak
Udalak 2012. urterako izango duen aurrekontua ikusita, inbertsioetarako diru kopurua ere murriztu egin behar izan dute azken urteetan. Hala, «inbertsioetarako aurreikusten den kopurua azken urteetako baxuena» dela azaldu du Agirrek. Aurten, Beasaingo Udalak bi milioi euro bideratuko ditu proiektu berrietara. Batetik, iaz aurreikusi arren, oraindik martxan ez dauden hainbat proiektu abiaraziko dituzte. Astigarretako ur sarea hobetzea eta Juan XXIII kaleko igogailua dira horietako batzuk.
Egitasmo berriei dagokionean, Arana kalea peatonalizatzea izango da urteko proiektu nagusia; 275 mila euro bideratuko dituzte horretarako. «Kopuru handia» dela aitortu du Agirrek, «baina dirulaguntza bat jaso dugu, eta horrela, bukatuta geldituko litzateke herrigunearen peatonalizazioa». Karreratarrak kalea urbanizatzea (100 mila euro), garabi bat erostea (63 mila) eta Arana parkea (50 mila) izango dira beste inbertsioetako batzuk.
Proiektu horietako batzuk, herritarren ideietatik jasotakoak direla ere azaldu zuten aurkezpen ekitaldian. Bestalde, datorren urtera begira, aurrekontuak egiteko prozesuan herritarren «parte hartze handiagoa» bilatzen saiatuko direla azaldu dute.
EAJren proposamenak
Bere aldetik, EAJk ere hainbat proposamen egin ditu Zurekin aldizkarian, 2012ko aurrekontuei begira. Haien ustez, «gastuen murrizketak, biztanleen bizi kalitatea hobetzeko beharrezkoak diren inbertsioekin uztartzea» lortu behar da, baina horrek, «ez luke defizita handitu beharko». Proiektuei dagokionean, udal gobernuak aipatutakoez gain, Barandiaran parkea estaltzea eta Gipuzkoa plazako aparkalekua eta Arana kalea lotuko dituen oinezkoen pasabidea aipatu dituzte.