Beira eta kristala bereizteko kanpaina atzeratu egin dute hotzagatik
Sasieta Mankomunitateko teknikari Enrike Enparantzak jakinarazi duenez, birziklatzerakoan beira eta kristala bereizten erakusteko kanpaina atzeratu egin dute hotzagatik.
“Daukagun hotza dela eta kanpaina atzeratzea erabaki dugu martxoko azkeneko astera arte”, adierazi du ingurugiro teknikariak. Informazio puntua jarri dute aste honetan Goierriko zenbait herritan. Bertan, herritarrek hainbat jarduera dituzte: jokoak, birziklatutako beirazko pitxiak egiteko eskulan tailerra eta informazioa jaso, besteak beste. “Herritarrek denbora bat igaro behar dute informazio gunean. Tenperatura baxuekin asko galtzen zuen guneak, egoteko denbora hartzea zailagoa baitzen. Lazkaoko eta Beasaingo kanpainaren ondoren garbi dago eguraldi hobea edo behitnzat epelagoa behar dela horrelako zerbait egiteko”.
Kanpainak jarraipena izango du ondoko egunetan:
-Ordizia, martxoaren 28an.
-Urretxu, martxoaren 29an
-Legazpi, martxoaren 30ean.
-Zumarragan, martxoaren 31n.














