Elkartasun zukuari eskertza
Legorretako elkarte, eragile eta herritar ugarik omenaldia egin diete Aulia sagardotegiko Etxeberria anai-arrebei, erretiroan, elkartasunezko ekimenetarako urtetan eman duten laguntza eskertzeko. Elkartasuna modako hitza da gaur egungo gizartean. Elkarrengan pentsatzea, laguntzea, aintzat hartzea, norbanako gero eta isolatuagoen joerari aurre egiteko erremedioa. Benetan elkartasunez jokatzea, besterik da. Urte askotako, ia bizitza osoko eginahala eskatzen du. Legorretako Aulia sagardotegiko lehengo nagusiek, aidanez, izugarri ondo egin dutena, aurreko ostiralean herrikideek egin zieten omena ikusi eta gero. Iaz erretiratu ziren Auliako Juan Inazio eta Sagrario Etxeberria Iturriotz lanetik, azkeneko hogeita hamar urtean ogibide izan duten negozioa salduta. Aldaketa unea baliatuz, esker ona adierazteko ekitaldiren bat pentsatzen hasi ziren legorretarrak. Etxeberriatar anai-arrebek herritarrekiko eta herriarekiko izan duten begirunea aspaldikoa da, omenaldia nola gorpuztu pentsatzen hasi zen Jesus Mari Arrizabalagak gogoratu duenez. «Legorretan antolatu izan diren ekimenetarako sagardoa doan eman izan digute, ia eskatu gabe. Udalak ordaintzen zuen kasuetan ere fakturaren balioa gobernuz kanpoko erakundeei ematen zieten. Nolabaiteko zorra badugu, eta gutxienez eskerrak eman nahi genizkien». Santa Ageda bezperaren bezperan, aurreko ostiralean, burutu zuten omenaldia. Omenduek aurrez ezer ez zekitela, Legorretako eragile ugaritako kideak eta herritarrak Etxeberria anai-arreben etxe atarian aurkeztu ziren, taldean, kultur etxe paretik kalejiran joanda. Sagrario eta Juan Inazio etxaurre elurtura aterarazi, eta [...]
Legorretako elkarte, eragile eta herritar ugarik omenaldia egin diete Aulia sagardotegiko Etxeberria anai-arrebei, erretiroan, elkartasunezko ekimenetarako urtetan eman duten laguntza eskertzeko.

Sagrario eta Juan Inazio Etxeberria, eskuinean, herrikideek ostiralean egin zieten omenaldian. Arg.: Laida Oiarbide
Elkartasuna modako hitza da gaur egungo gizartean. Elkarrengan pentsatzea, laguntzea, aintzat hartzea, norbanako gero eta isolatuagoen joerari aurre egiteko erremedioa. Benetan elkartasunez jokatzea, besterik da. Urte askotako, ia bizitza osoko eginahala eskatzen du. Legorretako Aulia sagardotegiko lehengo nagusiek, aidanez, izugarri ondo egin dutena, aurreko ostiralean herrikideek egin zieten omena ikusi eta gero.
Iaz erretiratu ziren Auliako Juan Inazio eta Sagrario Etxeberria Iturriotz lanetik, azkeneko hogeita hamar urtean ogibide izan duten negozioa salduta. Aldaketa unea baliatuz, esker ona adierazteko ekitaldiren bat pentsatzen hasi ziren legorretarrak.
Etxeberriatar anai-arrebek herritarrekiko eta herriarekiko izan duten begirunea aspaldikoa da, omenaldia nola gorpuztu pentsatzen hasi zen Jesus Mari Arrizabalagak gogoratu duenez. «Legorretan antolatu izan diren ekimenetarako sagardoa doan eman izan digute, ia eskatu gabe. Udalak ordaintzen zuen kasuetan ere fakturaren balioa gobernuz kanpoko erakundeei ematen zieten. Nolabaiteko zorra badugu, eta gutxienez eskerrak eman nahi genizkien».
Santa Ageda bezperaren bezperan, aurreko ostiralean, burutu zuten omenaldia. Omenduek aurrez ezer ez zekitela, Legorretako eragile ugaritako kideak eta herritarrak Etxeberria anai-arreben etxe atarian aurkeztu ziren, taldean, kultur etxe paretik kalejiran joanda. Sagrario eta Juan Inazio etxaurre elurtura aterarazi, eta «omenaldi xumea, maitasunetik egindakoa» hasi zen.
Herriko talde ia denak
Omenduen iloba Amaia Etxeberriak eta dantzari txiki batek, belaunaldi gazteen ordezkari, ohorezko aurreskua egin zieten. Hodei Lopez bertsolariak prestatutako koplak Elekuneko eta musika eskolako haur abesbatzako kantariek abestu zituzten. Oroigarri eta opari sorta eskaini zien, jarraian, elkarte bakoitzak: bi edalontzi grabatuta, txapela eta lepoko zapia, euskal gaiekin saskikada sari…
Han ziren ordezkatuta Aldaieta jubilatu elkartea, Gazte Piku gazte asanblada, Odol Emaileen Elkartea, Ugarotarrak guraso elkartea, Elekun abesbatza, musika eskola, Irrintzi Alai dantza taldea, Bilkoin, Jotakea eta Aldapa Haundi elkarteak… Eta herrikide ugari. Denek batera Agur jaunak abestu zuten bukaeran.
Omenaldi herrikoiak ustekabean hartu zituen Juan Inazio eta Sagrario. «Ez genekien ezer. Ez genuen espero, ezta burutik pasa ere. Ondo isilean zeukaten…», zioen, atzo, Sagrario Etxeberriak. Keinua «oso hunkituta» jaso dutela aitortu du, «eskertzekoa da».
Auliakoak pisua kendu nahi izan dio urtetan eduki duten eskuzabaltasunari eta elkartasun jarrerari. «Herriko jendea izaten genuen hemen, eta guk ere gure partetxoa jarri beharrekoa zela iruditzen zitzaigun. Herriko ekitaldietarako laguntzatxoa emanez, adibidez. Baina ez da beste munduko ezer izan», desenkusatu da ia Etxeberria.
Elkartasunaren esker ona adierazteko herritarrak elkartuta ikusteak ere poztu ditu. «Polita izan da oso, herriko elkarte guztiak eta hainbeste herritar batera ikustea. Batzuek modu batera pentsatuko dute, besteek bestera, baina denak elkartu eta etxe aurrera batera etortzea handia da. Gure partetik, eskerrak denei».
Talo festa, bihar
Legorretarrak, bien bitartean, elkartasunezko ekimenekin aurrera segitzekotan dira. Aurreko larunbatean egitekoa zen eta eguraldi elurtsuagatik atzeratu zuten elkartasunezko talo festa bihar, larunbata, egingo dute, 18:30etik aurrera, plazan eta frontoian.
Elekun korua 19:30ean kalez kale ibiliko da, kantatu gabe utzitako Santa Ageda koplekin.