Jon Ander Albisu eta Aritz Lasa: Buruz buru
Aurtengo binakako pilota txapelketa nagusian, Goierriko bi pilotari parte hartzen ari dira: Aritz Lasa eta Jon Ander Albisu. Biak debutariak dira. Albisu txapelketako gazteena da, eta Lasa aurrelarien artean gazteenetakoa. Aritz Lasak (Urretxu, 1983) bere jaioterrian jokatuko du ostiral honetan, bigarren etxea duen Ederrena pilotalekuan. Jon Ander Albisu (Ataun, 1990) toki exotikoago batean arituko da: Bartzelonan. Galderak erantzuteko, berriz, Beasainen elkartu ziren. Nola oroitzen dituzue lehen pilotakadak? Aritz Lasa: Hasieran lagunekin eta anaiarekin jokatzen nuen, Ederrena zaharrean. Oso gustura aritzen ginen. Aitaren familian oso pilotazaleak dira. Anaia urtebete zaharragoa da, eta irabazi egiten zidala esaten dit. Berak eta lagunek utzi zutenean, bakarrik jarraitu nuen. Ondoren Garfe enpresak deitu zidan eta gero Aspek. Jon Ander Albisu: Eskolan pilotan aritzen ginen. Nire etxean ere pilotazaleak dira. 16 urte bete arte, koadrilako batekin aritu nintzen, Arratibelekin. Ataundik Tolosara joan ginen, herrian bakarrik gelditu baikinen. Oso esperientzia polita izan zen, maila ona baitzegoen. Ondoren Asegarcek deitu zidan, ez nuen espero. A.L.: Klub batzuk oso indartsuak dira (Tolosa, Añorga, Amezketa…) eta herri txikietako jendea horietara joaten da. Horrek, are gehiago indartzen ditu klub horiek. Nire garaian Añorga puntakoa zen: Argote, Mendizabal… hortik atera ziren eta bertakoa bakarra zen. Ni ez nintzen Urretxutik atera, entrenatzeko astirik [...]
Aurtengo binakako pilota txapelketa nagusian, Goierriko bi pilotari parte hartzen ari dira: Aritz Lasa eta Jon Ander Albisu. Biak debutariak dira. Albisu txapelketako gazteena da, eta Lasa aurrelarien artean gazteenetakoa.
Aritz Lasak (Urretxu, 1983) bere jaioterrian jokatuko du ostiral honetan, bigarren etxea duen Ederrena pilotalekuan. Jon Ander Albisu (Ataun, 1990) toki exotikoago batean arituko da: Bartzelonan. Galderak erantzuteko, berriz, Beasainen elkartu ziren.
Nola oroitzen dituzue lehen pilotakadak?
Aritz Lasa: Hasieran lagunekin eta anaiarekin jokatzen nuen, Ederrena zaharrean. Oso gustura aritzen ginen. Aitaren familian oso pilotazaleak dira. Anaia urtebete zaharragoa da, eta irabazi egiten zidala esaten dit. Berak eta lagunek utzi zutenean, bakarrik jarraitu nuen. Ondoren Garfe enpresak deitu zidan eta gero Aspek.
Jon Ander Albisu: Eskolan pilotan aritzen ginen. Nire etxean ere pilotazaleak dira. 16 urte bete arte, koadrilako batekin aritu nintzen, Arratibelekin. Ataundik Tolosara joan ginen, herrian bakarrik gelditu baikinen. Oso esperientzia polita izan zen, maila ona baitzegoen. Ondoren Asegarcek deitu zidan, ez nuen espero.
A.L.: Klub batzuk oso indartsuak dira (Tolosa, Añorga, Amezketa…) eta herri txikietako jendea horietara joaten da. Horrek, are gehiago indartzen ditu klub horiek. Nire garaian Añorga puntakoa zen: Argote, Mendizabal… hortik atera ziren eta bertakoa bakarra zen. Ni ez nintzen Urretxutik atera, entrenatzeko astirik ere ez bainuen. Partida pila bat jokatu nituen afizionatu mailan eta gainera eskuekin arazoak izan nituen.
Bide zeharo desberdinak osatu dituzue: Albisu, zu oso gaztetan pasa zara profesionaletara, eta zuri Lasa, gehiago kosta zaizu. Zer uste duzue dela hobea?
A.L.: Nire ustez onena 22 urte ingururekin debutatzea da, baina batzuek ahalmen handia dute eta 18 urterekin profesional mailara salto egiteko prest daude. Ondo hastea oso garrantzitsua da. Gaizki hasiz gero, presioa heltzen da eta 18 urterekin presioari aurre egitea oso zaila da. Pilotaria galdu egin daiteke. Afizionatu mailan jokatzea garrantzitsua dela uste dut. Profesional izandakoen aurka ere jokatzen da eta asko ikasten da. Nik 23 urterekin debutatu nuen Frontisekin eta ordurako ia etsita nengoen. Afizionatuetan maila ona eman nuen, baina Frontisek bakarrik eskaini zidan aukera. Nagorerekin, Arretxerekin, Armendarizekin… asko ikasi nuen. 25ekin, gutxien espero nuenean, Aspetik deitu zidaten. Sekulako poza hartu nuen. Urtetako lanaren saria izan zen.
J.A.A.: Zortea behar da. Asegarcerekin entrenatzen hasi nintzenean, asko nuen ikasteko, eta oraindik ere bai. Gu bion ibilbideak oso ezberdinak izan dira. Egia esan, Asegarceren deia oso gustura jaso nuen. Niri tokatu zaidana nahiago dut. Aritzek lan gehiago egin behar izan du.
Zer iritzi duzue batak besteaz?
J.A.A.:Frontis enpresan zegoenean egunkarien bitartez jarraitzen nuen. Txapelketa guztietan finalera heltzen zen. Argi zegoen goian ibiltzeko maila duela. Denok ditugu egun txarrak eta binakako txapelketan, zoritxarrez, ez dabil berak nahi bezain ondo. Egun onak helduko dira, seguru. Pilotari handia da, gantxo bikaina du eta aurrera egiteko aukerak ditu.
A.L.: Jon Ander gaztea eta indartsua da. Bi esku ikaragarri ditu, bi palanka handi. Egun, berea da kolpe ikusgarrienetakoa. Dena du: kantxan ondo mugitzen da, airez ederki moldatzen da, egurra ematen du… Urrutira helduko da. Gaztea da eta oraindik asko du ikasteko, baina tokia hartzen ari da. Bikain erantzuten ari da.
Txapelketa elkarrekin jokatuko bazenute, zer moduz moldatuko zinatekete elkarrekin?
A.L.: Ondo moldatuko ginateke. Normalean ez dugu arazorik izaten batekin edo bestearekin jokatzeko. Elkarrekin zenbat eta gehiago aritu, orduan eta hobeto. Errematatzea gustuko dugun aurrelariontzat Jon Ander bikote bikaina da. Gustura jokatuko nuke berarekin.
J.A.A.: Udan Xalarekin jokatu nuen eta beste enpresako jokalari batekin aritzea arraroa egiten da. Aritzekin gustura jokatuko nuke. Elkarrekin apur bat entrenatu eta gure maila emanez gero, lan ona egingo genuke.
Nola ikusten duzue zuen burua txapelketan?
J.A.A.: Ondo. Ez dut presiorik. Nik nirea egin behar dut: irabazi edo galdu, nire maila eman. Nirea egiten badut, badakit Pablok (Berasaluze) berea egingo duela, eta horrek konfiantza handia ematen du. Oso gustura nago berarekin. Asko laguntzen dit, asko hitz egiten du, ez dit sekula partidatik alde egiten uzten…
A.L.: Ez nuen espero txapelketan parte hartzea, eta ilusio handiarekin eta presio gabe ekin nion. Helburua nire maila ematea zen, baina ez gabiltza ondo. Lehen partida ondo jokatu genuen, baina hortik aurrera ez gara fin ibili. Aitorrek (Zubieta) eskuetan arazoak izan ditu eta nire helburua desbideratuta egon da. Zorionez, azken bi partidetan hobeto aritu naiz. Eskuak inoiz baino hobeto ditut eta fisikoki bikain nago, baina bolada txarra pasa dut. Konfiantza berreskuratzeko partida bat ondo jokatzea da kontua. Zorte txarra izan dut: hiru urte daramatzat Aspen eta oraingoa izan dut bolada txarrena. Dena den, ez dut ilusioa galdu, ez eta presiorik nabaritu.
Zer moduzko bikotea da Aitor Zubieta?
A.L.: Ona, oso gustura ari naiz berarekin. Asko hitz egiten du eta hori gustuko dut: nahiago dut bikotea hitz egiten duena izatea. Atzelariak eskatu, buila egin eta bikotea gidatu behar du.
Gonzalezek egindako adierazpenek ez al dizute kalte egin?
A.L.: Ez diot garrantziarik eman. Lehen partida zen zailena eta irabazi egin genuen. Nik neurea egin behar dut. 25 urterekin egin nuen debuta eta oso argi dago inork ez didala ezer oparitu. Ez dut horretan pentsatzen, txapelketarekin nahikoa dut.
Albisu, zuen burua finalerdietan ikusten al duzue?
J.A.A.: Ondo goaz, baina oraindik partida asko jokatu behar ditugu. Lau irabazi ditugu, baina bi edo hiru punturekin bikote dezente dago. Partidaz partida joan behar dugu. Finalerdietarako sailkatzea handia litzateke. Duela urtebete egin nuen debuta!
Zure kasuan, Lasa, zenbat partida irabazi beharko dituzuela uste duzu finalerdietarako sailkatzeko?
A.L.: Txapelketa maldan gora jarri zaigu, eta lanean jarraitu behar dugu. Sailkatzeko zazpi edo zortzi partida irabazi beharko direla uste dut. Laugarren postua bi garaipenera dugu, baina garrantzitsuena lan ona egitea eta itxura ona ematea da.
Bereziki gogoratzen duzuen partida?
J.A.A.:Antiguan irabazi nuen finala. Profesionaletan dagoen Apezetxearen anaiarekin irabazi nuen. Bigarren mailako binakako txapelak ere ilusio handia egin zidan, debutatu nuen urtean lortu bainuen.
A.L.: Finalak, estreinaldi egunak, bigarren mailako buruz buruko txapela… bereziak izan dira, baina Elgetako txapelketan galdu nuen finalerdia ere ez dut erraz ahaztuko: partida negargarria egin ondoren 21era berdintzea lortu nuen eta sakean falta egin nuen. Jende askok gogorazten dit, gainera.