Herritarren iritzia jasotzeko inkesta banatu du udalak
Legorretarrek izan ditzaketen parte-hartze ohiturak, informazio beharrak eta interesak azaltzeko, udalak inkesta banatu zuen atzo arratsaldean, etxerik etxe eta tabernetan. Parte-hartzea nola susta daitekeen ikusi nahi da ekimenarekin. Herritarrek otsa...
Legorretarrek izan ditzaketen parte-hartze ohiturak, informazio beharrak eta interesak azaltzeko, udalak inkesta banatu zuen atzo arratsaldean, etxerik etxe eta tabernetan. Parte-hartzea nola susta daitekeen ikusi nahi da ekimenarekin. Herritarrek otsailaren 24ra arte bete eta utz ditzakete ekarpenak, udaletxe azpiko postontzian.
Demokrazia Parte-hartzaileko Batzordeak abiarazi du galdeketa. «Herritarren parte-hartzea lortzea da lan-talde honen helburua. Hori lortzeko formulak aurkitzen eta lantzen saiatzen ari gara. Herritarrengandik gertu egon nahi dugu, eta gure uste gakoa komunikazioan dago», azaldu du batzordearen koordinatzaile Laida Oiarbide zinegotziak.
Komunikazio horrek «bi norabidetako informazio trukaketa» izan beharko luke, udalaren eta herritarren artean. «Udalak herritarrei informazioa erraztu behar die, eta bestetik udalak herritarraren hitza entzutea funtsezkoa da», dio Oiarbidek.
Zortzi galdera
Inkestak zortzi galdera ditu, eta test moduan erantzun liteke, «momentutxo batean». Lau ataletan bereizirik daude itaunak: parte-hartzea, informazioa, intereseko ekimenak, eta iradokizunak.
Legorretarrei herrian zenbat parte hartzen duen, gehiago zergatik ez den aritzen, edo norbere ekarpena nola erakar litekeen galdetzen zaie. Udalak gaur egun zabaltzen duen informazioaren iritzia, eta jasotzeko bide egokiena ere zehatz daitezke.