Hilario Urretabizkaia: «Garrantzitsua da lehenbailehen aparkalekuen arazoari heltzea»
Beasaingo Udaltzaingoak 2011. urteko datuen balantzea egin du. Zenbaki hutsetatik haratago, herriko arazo nagusiak zein diren azaldu du Hilario Urretabizkaia (Beasain, 1957) udaltzain buruak. Trafikoari gaiari «lehen bailehen» heldu behar zaiola eta herritarrak kontzientziatu egin behar direla uste du. Pasa den urtean 3.450 isun jarri dituzue, aurreko urteetan baino dezente gehiago. Zergatik izan da halako igoera? Salto handia dago, bai. Oinezkoen gunea martxan jarri denetik, kosta egin da jendeari sarreretan dagoen sistema berezi hori ulertaraztea. Hasieran salaketa kopuru handia izan zen, baina orain pixka bat behera egin du… Une honetan, eguneko dozena erdi bat intzidentziaren inguru jasotzen ditugu; hasieran 30 bat jasotzen genituen egunero. Jendeari ohitzea kosta egin zaiola aipatu duzu, baina gero eta gehiago errespetatzen dira arauak, ezta? Bai, hor araudi bat jarri genuen eta nik uste jendea ari dela hori barneratzen; urtebete daramagu sistema honekin martxan, eta hasieran, jendeak esaten zuen, «orain arte beti sartu izan naiz, eta orain zergatik ez?». Ba oinezkoentzat delako. Baina jendeari hori ulertzea kosta egin zaio, baina urtebeteren ondoren, dezente aurreratu da. Pentsatzen dugu aurten salaketa kopuru horrek jaisten jarraituko duela. Beasainen dagoen beste arazoetako bat, aparkalekuena da. Zure ustez, ba al du konponbiderik? Gai horri aurki helduko diogu. TAO sistema ere askotan aipatu [...]
Beasaingo Udaltzaingoak 2011. urteko datuen balantzea egin du. Zenbaki hutsetatik haratago, herriko arazo nagusiak zein diren azaldu du Hilario Urretabizkaia (Beasain, 1957) udaltzain buruak. Trafikoari gaiari «lehen bailehen» heldu behar zaiola eta herritarrak kontzientziatu egin behar direla uste du.
Pasa den urtean 3.450 isun jarri dituzue, aurreko urteetan baino dezente gehiago. Zergatik izan da halako igoera?
Salto handia dago, bai. Oinezkoen gunea martxan jarri denetik, kosta egin da jendeari sarreretan dagoen sistema berezi hori ulertaraztea. Hasieran salaketa kopuru handia izan zen, baina orain pixka bat behera egin du… Une honetan, eguneko dozena erdi bat intzidentziaren inguru jasotzen ditugu; hasieran 30 bat jasotzen genituen egunero.
Jendeari ohitzea kosta egin zaiola aipatu duzu, baina gero eta gehiago errespetatzen dira arauak, ezta?
Bai, hor araudi bat jarri genuen eta nik uste jendea ari dela hori barneratzen; urtebete daramagu sistema honekin martxan, eta hasieran, jendeak esaten zuen, «orain arte beti sartu izan naiz, eta orain zergatik ez?». Ba oinezkoentzat delako. Baina jendeari hori ulertzea kosta egin zaio, baina urtebeteren ondoren, dezente aurreratu da. Pentsatzen dugu aurten salaketa kopuru horrek jaisten jarraituko duela.
Beasainen dagoen beste arazoetako bat, aparkalekuena da. Zure ustez, ba al du konponbiderik?
Gai horri aurki helduko diogu. TAO sistema ere askotan aipatu izan da, eta aurreko legealdian egin zen ikerketa bat. Orain, udal gobernu berriak gaiari lehen bailehen heltzeko asmoa du, eta nik uste aurki aterako dela zerbait. Ikusi beharko da sistema hori balekoa den edo beste zerbait jarri beharko den. Baina garrantzitsua da aparkalekuen arazoari lehenbailehen heltzea eta erantzun bat ematea.
Zentzu horretan, herrigunea oinezkoentzat egokitu denetik, buruhauste bat gutxiago izango duzue.
Dudarik gabe, azkenean kotxeak herrigunetik ateratzeak egunerokoan asko errazten ditu gauzak. Baina ez da trafikoa bakarrik, segurtasunaren kontua ere hor dago, eta azkenean udaltzainak hor ibiltzea komeni da. Egia da lehen gehiago egon behar izaten genuela, baina presentzia hori hor dago. Azkenean sistemak berak kontrol bat ezartzen du, baina gero barruan ere, demagun furgoneta bat sartu eta hiru orduz egoten dela; hori ere kontrolatu beharra dago.
Segurtasuna aipatu duzu. Bolada batean kezka handia sortu zen lapurretak zirela eta ez zirela.
Printzipioz segurtasunaren gaineko konpetentzia Ertzaintzarena da, baina horrek ez du esan nahi guk zerbait ikusiz gero parte hartu behar ez dugunik. Guk ere egiten dugu lan hori, nahiz eta gero, diligentzia beraiek egin. Boladak izaten dira, egia esan. Aspaldian dendetan eta lapurreten kontua nahikoa lasai dago; baina tarteka izaten dira, ez dakit krisiak eta egoerak eraginda den, baina gertatzen dira.
Herri barruko istripuekin ere kezkatuta zaudete.
Harrapaketen kontua da gehien kezkatzen gaituena. Aurten bi gehiago izan dira; ez dirudi asko, baina 2010ean hiru izan ziren, eta 2011n bost. Ia bikoitza da. Gai horrekin, aurten, Beasain, Ordizia eta Lazkaoko udaltzainburuok, horren inguruko trafiko kanpaina bat egiteko asmoa dugu.
Zer da gehiago, oinezkoek bidea gaizki zeharkatzen dutela, ala gidariena da arazoa?
Denetariko kasuak izan ditugu, zebra bidetik kanpo gaizki pasatu diren oinezkoenak, baina baita zebra bidean kotxe zaleak frenatu ez duen kasuak ere. Istripurik gehienak bi norantzako bideetan izan dira, Igartza Oleta kalean, Juan Iturralde kalean, autoak bi norabidetan ibiltzen diren kaleetan. Horietan, bai kotxezaleek eta bai oinezkoek arreta handiagoa jarri behar dute.
Hiru herriren artean egingo duzuen kanpaina aipatu duzu. Elkarlan hori ba al dago zuen artean?
Bai, elkarlana badago, eta kasu honetan ere, hiru herrietako udaltzainak ados jarri gara kanpaina hori elkarrekin egiteko.
Zaldizurretako biribilgunearen inguruan ere izan zen polemika, trafiko arazo ugari sortzen zirelako. Egoera konpondu al da?
Neurri batzuk hartu ziren, eta egoera bideratu da. Oraindik ere, zenbait unetan sortzen dira pilaketak, auto gehien dabilen orduan edo eguraldi txarra egiten duenean, baina momentu jakinak dira. Bideratu zen moduan, biribilguneko pilaketek ez dute halako eraginik beste kale batzuetan. Lehen trafiko guztia Ibañez kafetegira bitarteko zati horretan pilatzen zen, eta beste kale batzuei eragiten zien; baina gero geltokiraino zabaldu zenean, zati luzeagoa izanda, ez du horrenbesteko eraginik beste kaleetan, eta trafikoa arinago mugitzen da. Alde horretatik nik uste hobekuntza handia izan dela; orain, arazoa erabat konpondu den? Ez, noizbehinka arazoak izaten direlako, baina momentu jakinetan bakarrik. Orokorrean hobera egin dela esango nuke. .
Herritarrei mezuren bat ematekotan, zein jarrera edo ohitura aldatzeko eskatuko zenieke?
Bat aipatzekotan, ikastetxeen sarreretako arazoa aipatuko nuke, eta zehazki Alkartasuna Lizeokoa. Guraso asko kotxearekin joaten dira, eta ez dago denentzat aparkatzeko tokirik. Udaltzainak egunero joaten gara, eta orain, ahal dugun guztietan bi lagun joaten hasi gara, arazoa nahikoa larria delako. Batez ere herrigunean bizi diren gurasoei eskatuko nieke, mesedez pixka bat pentsatu dezatela eta oinez joan daitezela. Urruti bizi direnek ez dute beste erremediorik, baina gehienak herriguneko kaleetan bizi dira. Umeei zein eredu ematen ari diren ere pentsatu dezatela esango nieke. Zerbait egin beharrean gaude, eta ikusiko dugu nola bideratzen den kontua.